Albina Aleksandrovna Gantimurova

Nolakoa nintzen umetan? Apustu bat zela eta eskolako bigarren solairutik salto egin nuen behin. Futbola maite nuen, mutilekin atezain postuan beti. Finlandiaren aurkako gerra hasi zenean, etengabe ihes egiten nuen gerra hartan parte hartzeko. Eta juxtu 1941ean, gerra hasi zen: Gerra! Ni, ordea, poztu egin nintzen, frontera, borrokara joango nintzelako. Nola jakin behar nuen nik odola zer zen?

Herri-milizien Guardiako lehen dibisioa osatu zen, eta Medikuntza eta Osasun arretarako batailoi batean onartu gintuzten; neska gazte talde bat ginen.

Gogoan dut egun batzuetarako joaten utzi zidatela. Izebarengana joan aurretik, denda batera joan nintzen. Gerra aurretik biziki maite nituen gozokiak. Esan nuen:

– Emazkidazu gozoki batzuk.

Dendariak eroei begiratzen zaien bezala begiratu zidan. Ez bainekien zer ziren errazionamendu-txartelak, zer zen setioa. Ilaran zeuden pertsona guztiak nireganantz jiratu ziren, eta han nengoen, ni baino handiagoko fusilarekin. Fusil haiek eman zizkigutenean, pentsatu nuen: ‘Noiz haziko ote naiz fusil hau eramateko moduko neurri bateraino?’ Eta denak, ilaran zeuden guztiak, bat-batean:

– Emazkiozu gozokiak. Moztu gure taloiak eta emazkiozu.

Eta eman egin zizkidaten.


Egunak ematen genituen lorik egin gabe, zaurituak etengabe iristen baitziren. Behin hiru egunez egon ginen denok lorik egin gabe. Zaurituz betetako kamioi batean bidali ninduten ospitalera. Zaurituak entregatu eta atzera kamioia hutsik zihoanez, orduantxe egin nuen lasai lo. Fresko-fresko itzuli nintzen, eta lankideak zutik egoteko gai ez zirela topatu nituen.

Komisario politikoarekin egin nuen topo:

– Komisario kamarada, lotsaturik nago.

– Zer dela eta?

– Lo egin dut.

– Non?

Kontatu nion zaurituak nola eraman nituen, eta kamioia hutsik zihoanez, lo-kuluxka egin nuela ere bai.

– Eta zer? Bejondeizula! Horrela, oinez dabiltzala lokartzen diren hauen artean pertsona normal bat behintzat izango dugu.

Ni, berriz, lotsaturik nengoen. Halako kontzientziaz bizi izan genuen gerra guztia.


Ausardiarengatik jasotako lehendabiziko medaila...

Borrokaldia hasi zen. Urakan baten moduko artilleria-sua zegoen. Soldaduak lurrean etzan ziren. ‘Aurrera! Aberriarengatik!’ agindua entzun zen, baina soldaduak etzanda geratu ziren. Berriro agindua, berriro etzanda. Nik txapela kendu nuen, denek ikus zezaten zutitu zena neska bat zela... Orduan denok zutitu eta borrokara abiatu ginen...

Gerra ostean hamabost bat urtez ibili nintzen fronte-eremuak esploratzen. Gauero. Ametsak izaten ziren edo fusil automatikoak huts egiten zidala, edota alemaniarrek inguratu egin gintuztela. Hortzek karraska egiten zidatela esnatzen nintzen, neure buruari galdetuz: non nago, han edo hemen?

Gerra amaitu zenean, hiru desio nituen: lehendabizikoa, hainbeste denbora eta gero, sabelaren gainean arrastaka ibili ordez, trolebusean ibiltzea zen; bigarrena, ogi-barra zuri bat erosi eta osorik jatea; hirugarrena, behar bezainbeste lo egitea, ohe zuri batean eta maindire zurien karraska entzunez. Maindire zuriak...

Albina Aleksandrovna Gantimurova, inteligentzia-unitateetako kidea

Gerrak ez du emakume aurpegirik. Svetlana Aleksievitx