Kimua. Oinarri ideologikoak eta proposamen politikoa

1. Zer da Kimua?

Kimua 2021. urtean zehar Euskal Herrian sortu zen talde politikoa da. Urte horretako udazkenean izen bera zuen liburuxka atera genuen, azpititulu bezala Paradigma iraultzaile berri baterantz zekarrena. Eta horra hor eskuartean darabilgun erronka nagusia: alegia, paradigma iraultzaile berri baten eraikuntzan ekarpena egitea. Ordutik hona aurkezpen bira eta jardunaldi ezberdinak ospatzeko aukera izan dugu, gure proposamena ezagutzera emateko eta Euskal Herrian zehar saretzen hasteko balio izan digutenak. Gaur gaurkoz, gure burua lerro ideologiko bezala definitzen dugu, “antolakunde” esatea gehiegi litzatekeelako. Besteak beste, Euskal Herrian zehar dugun errotze eta hedapen maila mugatua da eta gainera gure proposamena oraindik osatu gabe dago, erantzun baino galdera gehiago baititugu.

Baina zer diogu paradigma iraultzaile berri baten eraikuntzan ari garela diogunean? Lehenengo eta behin, baliteke askorentzako “paradigma” hitza arrotzegia izatea, agian potoloegia. Gure ahotan, proposamenaren izaera integralari baino ez dio erreferentziarik egiten: ez gabiltzala soilik teoria politikoaren planoari buruz hitz egiten, bizitzaren arlo guztiak barnebilduz erantzun integral bat eraiki dezakeen proposamenaz baizik. Munduan egoteko, pentsatzeko, borrokatzeko eta bizitzeko modu bat barnebildu nahi duena, alegia. Paradigma kontzeptuak kosmobisio edo ikuspegira garamatza: errealitatearen ulerkeraz eta berau eraldatzeko proposamen politikoaz gain, jarduteko modu bat, antolakuntza eta bizitza eredu bat barnebildu behar dituena. Paradigma bat, beraz, sentitu, pentsatu eta ekiteko modu jakin bat da.

Hori esanda, iraultza ezaugarritzeko moduaz ere argipen batzuk ematea komeni. Izan ere, iraultzaz ari garenean ez gara ari (soilik) momentu jakin batean gertatzen den eztanda sozialaz. Iraultza prozesu historiko-politiko konplexu eta ez lineal bezala ulertzen dugu, zeinetan jendartearen gero eta geruza gehiago, errealitate sozialaren baitan ematen diren dominaziozko harremanak identifikatu, berauek osotasun bezala ulertu eta osotasun hori errotik gainditzeko gaitasunak metatuz doazen. Harik eta jendarte hori dominazioaren adierazpen horiek gaindituz, bere burua modu askean, klaserik eta zapalkuntzarik gabe, antolatzeko gai den arte. Zentzu horretan, ez dugu uste posible denik iraultza “zelan egin behar den” argituko digun aldez aurretiko formula edo erantzun borobilik garatzea. Are gutxiago maila teorikoan egin daitezkeen ekarpenetatik abiatuta. Borroka prozesuari lotutako garapen bizi eta dialektikoa izan behar du: herriarekin bat eginez, zapalduon artean bakarrik topatuko ditugu inguratzen gaituen dominazioaren kontraesan errealak, eta baita gure planteamenduarenak ere. Errealitatearekin etengabeko hartu-eman horretan bakarrik eraiki daiteke iraultzailea izango den eraldaketa prozesua.

Era berean, iraultzailetasuna dominazioaren ulerkera eta berau gainditzeko gaitasunarekin lotzen badugu, argi dago lehenik eta behin kolokan jarri behar duguna Kimuaren izaera iraultzailea bera dela. Kimua ez da eragile iraultzaile bat: ez gara paradigma iraultzaile berriaren jabe. Norabide iraultzailean aurrera egin eta prozesu iraultzailearen eraikuntzari ekarpena egin nahi dion eragilea da. Edozein modutara ere, iraultzailetasuna, norabide eta ikuspegi bezala, gaurdanik ezarri dezakegun baldintza dela deritzogu. Batez ere, norabide eta ikuspegi iraultzaile horretan saiatzeak garrantzi handiko determinazioetan arreta jartzera eramango gaituelako. Esate baterako, dominazioaren ulerkeran, agerien dauden azaleko adierazpenetatik harago, dominazio horren erroetara jotzeko xedea beti presente izanez. Edota jendartearen eraldaketa prozesuan erreformismoak eta asimilazioak suposatzen duten arriskuak identifikatu eta berauek gainditzeko apustua eginez.

Gauzak horrela, zergatik uste dugu Euskal Herriak paradigma iraultzaile “berri” baten beharra duela? Egun bizi dugun testuinguru soziopolitikora garamatza galdera horrek. Azken urteotan, behin eta berriro entzun izan dugu ziklo politiko berri baten irekiera fasean gaudela, eta errealitate ukaezina da hori. 2011. urtean eman zen ETAren desagerpenarekin eta ondoren etorritako ENAMen desmantelazioarekin, azken bost hamarkadak ezaugarritu zituen ziklo politiko luze baten itxiera eman zen, berri baten irekierari bide emanez. Horren ondorioz, Euskal Herriko esparru ezkertiar/iraultzailean birkonfigurazio prozesu bat zabaltzeko baldintzak ezarri ziren. Izan ere, Sortuk gidatutako espazio politikoak sozialdemokrazia erreformista eta instituzionalerako apustuan sakondu ahala, espazio horren ezkerrera hutsune bat irekiz joan da. Horri erantzunez, proposamen politiko-organizatibo ezberdinak aurkeztuz joan dira: Mugimendu Sozialista, Jarki, Iraultza Txikien Akanpada, HerriBiltza... eta Kimua bera. “Txiringito gehiegi”, pentsatuko du batek baino gehiagok, eta zentzu batean arrazoia eduki dezake. Hala ere, ukaezina da ziklo aldaketa eta inflexio garai ororen ezaugarria dela dibertsifikazio ideologikorako aukeren zabaltzea. Eta hori ez da zertan ezer negatiboa izan. Are gehiago, horrelako garaietan emankortasun ideologiko handirako baldintzak ezartzen dira: hegemonia duen indar baten presentziarik gabe, bide berriak pentsatzeko eta zabaltzeko aukerak handitzen dira. Ondo probestuz gero, garai berri hauetako erronka ugariei aterabidea aurkitzeko tresnen iturri bilakatu daiteke dibertsifikazio ideologiko hori. Izan ere, goian adierazi bezala, ez dugu uste eragile bakar batek formula miragarria “asmatu” egingo duenik. Alderantziz, denon arteko ekarpenekin, era dialektikoan, herri honek askatasunera bidea hartzeko aukera gehiago izango dituela uste dugu.

Hor kokatzen dugu Kimuaren sorrera, garai historiko honetan gure ekarpena egiteko helburuarekin. Horretarako proposamen propioa abiaraztearen beharrezkotasuna ikusi dugu, gure testuinguru hurbilean behintzat, bestelako eragileek egiten dituzten proposamenetan gabezia eta hutsune nahikoa antzematen ditugulako. Eta zeintzuk dira hutsune horiek? Zeintzuk paradigma iraultzaile berriaren eraikuntzan proposatzen ditugun analisi ardatz nagusiak? Aurkezpen testu honetarako honakoak azpimarratu nahiko genituzke:

  • Dominazioa osotasun bezala. Dominazioa prozesu historiko konplexu bezala eta bere osotasunean ulertzea ezinbesteko baldintza da, berau errotik gainditu ahal izateko, bidean bere adierazpen ezberdinak erreproduzitu nahi ez baditugu. Beraz, zelan lortu Dominazioaren Sistema osatzen duten biolentzia espresio ugariak era integralean eta elkar lotuak ulertzea, ez modu zatikatu eta bereizian? Gaur egun kapitalaren baitako kategoriak zentralak izanik, dominazioa, eta bere eskutik ematen den klase banaketa, ez da kapitalarekin inauguratzen. Jabetza pribatuaren agerpenera joz, patriarkatuarekin egingo dugu topo, baita Estatuarekin eta kolonialismoarekin ere. Modernitate kapitalistaren aitzindari diren dominazioaren adierazpen horiek egungo Dominazio Sistemaren parte banaezina dira oraindik ere, eta dominazioak osotasun bezala duen funtzionamendua ulertzeko ezinbestekoak. Horri guztiari, edozein giza adierazpen bizitza prozesu orokorraren eta materia eta energien zikloen mugen barruan gertatzen dela gehitu behar diogu eta hortaz, ezin dela horietatik modu isolatuan ulertu. Edozein proposamen eraldatzailek tradizionalki “Natura” bezala ezagutu izan diren adierazpen horiek gure existentziaren parte banaezin bezala barnebildu behar ditu ezinbestean.
  • Etika iraultzailea. Etika iraultzailearen lanketa ondorengo premisatik abiatzen da: normalean “kanpoan” kokatzen dugun etsaia (burgesia, patriarkatua, Estatua, polizia...), gutako bakoitzak barruan ere badarama. Azken finean, Dominazio Sistemaren barruan hazi eta heziak izan gara eta beraz, saihestezina da gure baitan dominazioaren isla eramatea. Isla horri guk mentalitate dominatzailea deritzogu, gaur gaurkoz, izaera burgues-liberala, patriarkala eta koloniala duena. Etika iraultzailearen aferak horri guztiari heltzeko metodologia proposatzen du, mugimendu askotan historikoki baztertuak izan diren esparruei, emozionalitatearen edota subjektibitatearen lanketa kasu, beharrezkoa duten lekua emanez. Horretarako, kritika-autokritikarako tresnen garapena proposatzen dugu, pertsonalitatearen lanketa erdigunean jarriz, logika antolatu-kolektiboari erantzungo dion prozesu bezala ulertuta.
  • Antolakuntza eredua. Prozesu iraultzailearen eraikuntzak aurkezten dizkigun erronka ugariei aurre egiteko antolakuntza tresnak garatzea ezinbestekoa da. Aurreko puntuan aipatutako etika iraultzailearen lanketari lotua, kritika-autokritika metodologia ezagutu eta praktikan jartzea, esate baterako. Edota emakume zein genero disidenteon gaitasun politiko eta organizatiboak biderkatuko dituzten marko autonomo ez mistoen eraikuntza. Baita gizonen despatriarkalizazio prozesua posible egingo duten espazio eta metodoen garapena ere. Oro har, militanteon formakuntza prozesuak izaera integrala eduki dezan (teoria arrazionalaz gain, pertsonalitatearen eta emozionalitatearen lanketa ahalbidetuko duena) baliabideak eraiki, militanteok borroka prozesuarekiko daukagun inplikazio eta konpromiso maila handituz. Eta horri lotua: zelan ulertu eta praktikara eraman militantzia prozesua era integralean, hain ohikoa den militantzia eta bizitzaren arteko banaketa gaindituz? Antolakuntza ereduari lotutako kontraesanetan sakondu ahala, antolakuntza prozesu konplexuetan (eskala soziala hartzen dutenak) aurkezten zaizkigun galdera ugariekin topo egiten dugu: ehunka edo milaka pertsona biltzen dituzten antolakuntza prozesuetan beharrezkoa da zentralitate/delegaritza formaren bat martxan jartzea? Zer-nolako  baldintza/tresnak garatu behar dira antolakuntza prozesu hori errealki demokratikoa izateko? Zelan lortu horizontaltasun eta bertikaltasunaren arteko oreka? Eskala sozialean ematen diren antolakuntza prozesu horietan abangoardia eta lidergotza ereduetan sakontzea posible al da, leninismoaren akats historikoetan erori gabe (burokratizazioa, autoritarismoa, korporatibismoa...)? Alegia, zein izan behar da herriaren eta antolakuntza politiko-iraultzailearen arteko lotura? Azken galdera horrek tradizio marxista-leninistan ohikoa izan den masa-alderdi dikotomiara garamatza, antolakuntzaren aferaren bihotzean dagoen auzia. Eta auzi horretan kontraesan nagusi bat identifikatzen dugu. Alde batetik, iraultza prozesuan aurrera egin ahal izateko, borroka prozesua biderkatu eta hedatu ahal izateko, izaera kualitatiboa duten gaitasun organizatibo jakin batzuk beharrezkoak dira, nagusiki:
  1. Erabakimen estrategiko-iraultzailerako guneen existentzia.
  2. Gune horietan ezarritako helburu eta ikuspegi estrategikoen araberako formakuntza prozesu integrala eskaintzeko gaitasuna.
  3. Konpromiso maila handia hartzeko prest dauden militanteen masa kritiko baten existentzia, borroka eta antolakuntza prozesuan buru-belarri jardungo duena.

Bestetik, ordea, gaitasun horiek ez dira era espontaneoan herriaren, “masen”, baitan sortzen. Horregatik, historikoki “Alderdiaren” beharrizana aldarrikatu izan da maiz: masa horietatik kanpo, baina horiek gidatzeko helburua duen abangoardia iraultzailea. Gidatua dena eta gidatzen duenaren arteko banaketa horretan dago prozesu iraultzaile orotan aurkituko dugun kontraesan nagusietako bat, eta nola ez, prozesu horien porroterako arrazoietako bat. Gure proposamenak, ondoren zehaztuko dugun bezala, masa-alderdi logika inpugnatu nahi du. Ez “Alderdiari” dagozkion gaitasunei uko eginez (beharrezkoak ikusten baititugu), baizik eta gaitasun horiek herri-masen barnean, era auto-antolatu batean, eraikitzeko apustua egitea. Hau da, masetatik organikoki banatua dagoen talde baten existentziarik gabe. Posible da horrelakorik? Ez du ematen erraza denik, baina aukera horri uko egiterakoan herri-masak kondenatzen ditugu: edo norabide estrategiko-iraultzailerik gabe jardutera (erreformismo eta asistentzialismoan), edo herri-masa horien muga organikoetatik kanpo (eta beraz erabakimen ahalmenetik kanpo) diharduten bestelako eragileek ezarritakoaren arabera funtzionatzera. Ba hori da Kimuaren helburu nagusia antolakuntza ereduari dagokionez: “Alderdiari” esleitzen zaizkion gaitasun iraultzaileak herri mailan eraikitzeko beharrizana piztu eta norabide horren alde bultzatzea.

  • Proposamen politikoa. Azkenik, Kimuak badu proposamen politiko orokor bat. Inongo dominaziorik, klaserik ezta zapalkuntzarik gabeko jendarte askea eraikitzera bidean, gure zerumuga estrategikoa Euskal Herriko Komunen Sistema eraikitzea da. Estaturik gabe, herri eta auzoetan errotutako komunak elkar konfederatuz, desjabetuon boteretzea eta Bizitza Askearen eraikuntza posible egingo duen herri-antolakuntza forma bezala ikusten dugu Komunen Sistema hori. Botere forma burges, patriarkal eta kolonialetik at eraikitzen joango den adierazpen politiko, produktibo eta sozial bezala saretuko litzatekeena. Jabetza pribatua, balio forma eta soldatapeko lanetik at, kolektibizazioan eta zaintzan oinarritutako sozializazio eta ekoizpen espazioak elikatuz hazi eta hedatu egingo den Herri Boterea. Nahi dugunaren zirriborro orokor bezala ondo dago, ezta? Nork ez du nahi inolako esplotaziorik eta klaserik gabeko jendarte askea? Horrelako proposamenekin asko esaten badugu ere, egia esan ez dugu gauza handirik esaten. Paperean ia edozerrek itxura ederra har baitezake, batez ere, gure proposamena epe luzera proiektatzen dugunean. Olentzerori idazten diogun eskutitza, beraz. Zelan ekin, ordea, gaurdanik horren guztiaren eraikuntzari?
 2. Herri Egituren hipotesian aurrera eginez. Eztabaida prozesurako eta bat-egite estrategikorako proposamena.

Orain artekoarekin, Kimuak egun jorratzen dituen bi lan-ildo nagusiak definitu ditzakegu. Alde batetik, goiko hausnarketa ardatzetan sakontzen joatea, horietan aurkezten zaizkigun kontraesanei aterabide teoriko eta praktikoa ematen saiatuz. Horri paradigma iraultzailearen sakontzea deritzogu. Beste alde batetik, egungo testuinguru soziopolitikoan proposamen politiko zehatz bati bide emateko apustua egiten dugu, Herri Egituren hipotesian aurrera egiteko apustua, alegia. Hipotesi bezala plazaratzen dugu, ez proposamen itxi bezala, ez dugulako uste guri bakarrik dagokigunik horretan aurrera egitea: beste eragile eta herri mailako antolakuntza espresiorekin batera soilik egin daitekeen bidea dela uste dugulako. Gure proposamenak Herri Mugimendua du abiapuntu: Herri Mugimendu bezala ezagutzen dugunaren gaineko irakurketa historikoa, egun aurkitzen den egoeraren diagnostikoa eta egoera horretatik abiatuta, Herri Egiturak bezala definitzen dugunaren eraikuntza prozesuan lanean hastea.

Espazio falta dela eta, hemen ez dugu lehenengo bi puntuetan sakonduko (irakurketa historikoa eta diagnostikoa). Nahi izanez gero, gure web orrian eskuragarri duzuen artikuluan sakontasun gehiagorekin jasoak daude: Herri Mugimendua Euskal Herrian. Iragana, oraina eta etorkizuna. Modu laburbilduan, gure ustez Herri Mugimendu bezala ezagutzen dugun hori, arrazoi ugari direla medio, gaur egun ez da existitzen. Ez behintzat “mugimendu” bezala, bere barruan kokatzen ditugun antolakuntza espresio ugariak ez baitaude bide-orri amankomun baten arabera artikulatuak. Horrez gain, herri antolakuntza espresioen multzo horrek, oro har, maila lokalean eta lan esparru sektorialetan dihardu (etxebizitza, ekologia, elikadura, feminismoa, gazte eta kultura arloa...), eta salbuespen batzuk kenduta, bere konposizio soziala oso partziala da: klase ertaineko euskaldun zuriak. Horrek guztiak, erreformismora eta asistentzialismora kondenatzen ditu. Berez, ez da borroka eta antolakuntza adierazpen hauek borondatez uko egiten diotenik sistema modu integralean aldatzeari. Besterik gabe, egun konfiguratuta dauden gisan ezinezkoa zaie neurri honetako helburua betetzeko beharrezkoa den antolakuntza eta gaitasun politikoen garapena. Honekin ez gabiltza esaten herri espresio horiek ezertarako balio ez dutenik. Ez dezagun umea ur zikinarekin batera bota. Herri-adierazpen organizatibo hauek guztiek aurrera daramatzaten jardueren zati handi bat, haratago amesteko ezinbesteko baldintza da. Baina hortxe dago gakoa, horrekin amestu egin beharra dagoela. Espazio hauetako militante aktibo gisa, hauen kontraesanak eta mugak mahaigaineratzen saiatzen gara, besterik ez. Egun darabilten konfigurazioarekin urrutiagora heltzea posible ez dela azpimarratzen. Eraldaketa iraultzailerako gaitasun propiorik ez dutela nabarmentzen.

Behin honaino helduta, funtseko galdera honakoa litzateke: posible al da egun desartikulatua eta  agentzia politikorik gabe dagoen espazio politiko hori subjektu estrategiko iraultzaile bilakatzea? Eta posible da hori gaitasun politikoen barne garapen baten emaitza bezala gertatzea? Hau da masetatik organikoki bereizitako talde baten existentziarik gabe? Goian esan dugun bezala, kontua ez litzateke Alderdiari edo “antolakunde estrategikoari” esleitzen dizkiogun erreminta eta gaitasunei uko egitea, baizik eta funtzio eta gaitasun horiek herri-masen barnean sortu eta bertan mantentzea. Ez, beraz, horietatik kanpo, horiei fusionatuta baizik.

Hau esanda, eta horrelako planteamendu batek dakarren zailtasunagatik hain zuzen ere, ez dugu uste modu espontaneoan gertatuko den prozesua izango denik. Izan ere, gehienetan diagnostikoa bera ere konpartitzen ez duten eragile ezberdinen arteko konfluentzia prozesu bat izango da, abiapuntu konpartitu horretaz gain, aurrera egiteko metodo eta bide-orri amankomun bat harilkatzeko gai izan beharko dena. Horretan datza prozesuaren konplexutasuna. Eta horregatik, katalizatzaile lanak egingo dituen bultzada eta indar militante baten beharra izango du. Horretara dator Kimuaren proposamen hau. Zentzu horretan, gure helburua ez da konfluentzia prozesua hemen ezartzen dugunaren arabera garatzea; geroz eta indar gehiagoz aurrera egin dezan baizik. Hori horrela, arestian egin dugun diagnostikoa eta jarraian aurkeztuko ditugun metodoaren eta bide-orriaren inguruko gakoak, eztabaidarako eta debaterako elementu bezala ulertu behar dira. Eta hortaz, ahalik eta arinen gaindituak izateko xedearekin mahaigaineratzen ditugunak, prozesua martxan dagoela adieraziko bailuke horrek.

2.1. Eztabaidarako ardatzak

Modu honetara, lehenengo eta behin, ikuspegi bateratu bat eraikitzea ahalbidetuko digun eztabaida prozesua bultzatzea beharrezko ikusten dugu. Beldurrak eta kezkak argitzeko, zein konplizitateak ehuntzeko; proposamen ezberdinak mahaigaineratu eta kontraesanean daudenean, eztabaidatu eta sintesi berriak eraikitzeko. Azken finean, momentu jakin batean oinarrizko konfluentzia estrategikoa erdiesteko baldintzak sortzen joatea. Abiapuntu bezala, eztabaida-prozesuan aurrera egin ahal izateko, lau tentsio- edo kontraesan-ardatz proposatzen ditugu:

  • Lokala/nazionala. Zenbateraino hasi beharko lukete herri espresioek gaur egun auzo eta herrietan darabilten espaziotik haratago proiektatzen, eta hortaz, eskala handiago bat eskuratzen? Izan eskualde, herrialde zein nazio mailan (Euskal Herria), baina baita hortik harago ere. Soilik eskala lokalean diharduten bitartean, nekeza izango zaie sistemaren osotasunari aurre egiteko gaitasuna izatea. Bestetik, soilik eskala nazionalean jarduten badute, eta beraz, herri eta auzoetako errotze lokalik gabe, herri-masen adierazpen izateari utziko liekete.
  • Sektoriala/Integrala. Aurreko ardatzaren bide beretik, bizitzaren erreprodukzioaren edota sistemaren aurkako borrokaren alderdi bakar bati aurre egiteak, osotasunari uko egitea suposatzen du. Eta aldi berean, lan-lerro askori une berean heltzeak, espezifikotasuna eta hauetako bakoitzean sakontzeko gaitasunaren galera ekar dezake. Horretan datza hurbilpen sektorial eta integralaren arteko tentsioa.
  • Antolakuntza egituren agregazioa/bat-egitea. Konfluentzia prozesuak aurrera egin ahala, modu kuantitatiboan, lurralde mailan zein lan-lerro ezberdinak barnebiltzeari dagokionez, erabakitze kolektiborako egiturak osatzeko beharra agertuko da. Zer nolako izaera edukiko dute egiturok? Hemen tentsioa bi osagai hauen artean islatzen da: 1) norbanako eta antolakundeen agregazio soila, koordinazio/plataforma erako marko batean, zeinak gaitasun estrategiko propio urria edo eza duen; eta 2) antolakuntza espresioen bat-egitetik eratorriko den antolakuntza markoa, kualitatiboki berria izango den espazio bat artikulatuz, loteslea, lerro estrategiko orokorra ezartzeko gaitasunarekin. Hemen kontraesana argi ezartzen da: osagaietako bakoitzak osotasunarekiko izan beharreko subordinazio/lotura maila. Alegia, erabakitze markoak zentralizatzeko joeraren eta antolakuntza prozesu ororen izaera demokratiko-iraultzailea (beti behetik gorako norabidean) bermatuko duten mekanismoen arteko tentsioa.
  • Erreforma/Iraultza. Erreforma eta iraultzaren azken puntu honek oinarrizko norabide estrategikoa ezarriko duen eztabaida-ardatza jorratzera garamatza. Hemen, noski, guztiok xede orokor konpartitu batetik abiatzen garela ontzat ematen dugu, alegia, klase sozialik, zapalkuntzarik eta esplotaziorik gabeko jendarte parekidea erdiestea. Hartara, nola uztartu 1) Sistemaren gaur egungo mugen barruan, bizi-baldintzen hobekuntzarako borroka (erreforma), eta 2) berria denaren eraikuntza (iraultza)? Berria dena horrela ulertuz: aipatutako mugetatik haratago doan (merkantzia-balioaren, jabetza pribatuaren eta logika patriarkal eta kolonialetik haratago) errealitate material eta sinbolikoa, zaintzaren, lotura komunitarioen birsortzetik zein elkarlaguntzaren logikatik eraikitzen dena. Hau horrela, egun posible denaren aldeko borroka (erreforma) berria denaren eraikuntzarekin (iraultza) konbinatu beharko litzateke, erreformaren bidez emandako aurrerapausoak, berria dena modu zuzen eta berehalakoan eraikitzera bideratzen direlarik. Hots, erreformak beti norabide iraultzailearen mesedetan jardun beharko du. Betiere, aurrerapauso bakoitzarekin, erasoaldiei aurre egingo dien autodefentsa gaitasuna ziurtatuz.
2.2. Metodologia eta bide-orria

Lehenengo eta behin, ez dugu uste problematika hauen guztien lanketa berehala eta aurrez ezarritako prozesu formal gisa egin behar denik. Malgutasunez aurrera egingo luketen eztabaida-lerroak lirateke, plano formal zein informalean, antolakuntza espazio edo talde bakoitzaren errealitate espezifikoaren arabera moldatuta. Ahaztu gabe, jakina, geroz eta izaera formalagoa hartuz joan beharko luketela. Horrela, tentsio-ardatz hauetako bakoitzaren inguruko eztabaidek aurrera egin eta ebatziz joan ahala, prozesua gorpuztuz joango litzateke jauzi kualitatiboak josteko aukerak handituz.

Aurrera egite hori izaera eratzailea hartuz joango luketen elkarguneen bitartez bultzatuko litzateke, herri-kongresu bezala izandatu genitzakeenak. Sektorialak hasieran, baina geroz eta borroka espresio eta bizitzaren erreprodukzioaren geruza gehiago barnebilduko lituzketenak. Bide-orri honen baitan, egun herri-antolakuntza espresioen multzoa dena, Herri Egitura bilakatuko lirateke. Herri Egiturak herri-masen auto-antolakuntza mailaren momentu bezala ulertzen ditugu: oraindik ere maila lokalean diharduten antolakuntza egiturak izanik, beraien barnean geroz eta borroka eta lan-esparru gehiago metatzeaz gain, marko ideologiko komun bat konpartitzeko gai direnak. Marko bateratu horren baitan, kategoria politikoen eta errealitatearen analisirako corpus bateratua osatuz joango litzateke, herri espresio hauen guztien praktika zein alderdi sinboliko-politikoa konektatzea ahalbidetuko lukeena. Momentu horretara heltzeak antolakuntza eta borroka iraultzailerako gaitasunetan salto kualitatiboak kateatzen joateko aukera emango luke. Herri Egituren momentu hori erdiestea jartzen dugu helburu nagusi bezala, aurrerako garapen posibleak urrunegi baitaude eta ez dauka zentzu handirik hemen proposamen horietan sakontzeak.

2.3. Antolakuntza premisak

Azkenik, kontuan hartu beharreko beste kontu bat zera da: konfluentzia prozesura bat-egitea ez dela modu simetrikoan emango. Hots, eztabaida prozesuan antolakuntza eta sakontasun estrategiko maila ezberdinak dituzten eragileek parte hartuko dutela. Kimua, esaterako, jada maila nazionalean diharduen eta perspektiba estrategiko propioa duen antolakuntza espazio da. Eta normalena eta desiragarriena litzateke bakarra ez izatea. Hortaz, zelan ekidin prozesu hau masa-alderdi logikan erortzea? Are gehiago, zelan saihestu “alderdi” ezberdinak prozesuaren gidaritzaren norgehiagokan aritzea? Ukaezina da arrisku hauek egon badaudela eta horiek ekiditeko, premisa jakin batzuk identifikatzen ditugu, gure ustez aldez aurretik onartu beharko liratekeenak:

  • Abangoardia eta fagotizazioa. Ohikoa izan da, eta egun ere hala izaten jarraitzen du, masa-alderdi logikari jarraiki, alderdi/antolakundeek jendartearen geruza ezberdinen potentziala garatzeko saiakera egitea, ondoren, potentzial hori alderdia beraren mesedetara jartzeko asmoz. Masa-alderdiaren logika klasikoa gainditzeko hautu erreala egiten badugu, jendartearen potentzial iraultzailea askatzea izan beharko litzateke xedea, eta ez hura fagotizatzea. Hau horrela, eginbeharra ez litzateke herri egiturak Kimuan (edo egun existitzen den beste edozein antolakunde estrategikotan) integratzea, ezta herri egiturok guk proposatzen dugun gisara antolatzea ere. Alderantziz, helburua egitura horiek gure proposamena (eta beste edozein) zalantzan jartzeko gaitasun organizatibo eta politikoak gara ditzaten izan beharko litzateke, beraien proposamen propioa garatzeraino. Eta modu honetan, gaur-gaurkoz egitura horietatik kanpo diharduten antolakunde estrategikoak egitura horien barnean disolbatzeko baldintzak sortzea. Hortaz, bat-egite prozesuak garapen maila nahikoa hartuko balu, antolakunde estrategiko orok prozesu horren baitan disolbatzeko prest egon beharko luke. Esate baterako, Kimuak gaur egun zentzua badu, herri egituretatik bete ezin daitezkeen funtzio batzuk gauzatzen dituelako da, egun egiturok ez baitute funtzio horiek betetzeko gaitasun organizatibo eta politiko nahikorik. Muga horiek gainditzen diren momentutik, gaur egun Kimuak jokatzen duen paperak ez luke zentzurik izango.
  • Herri prozesuaren autonomia. Aurreko puntuarekin bat, gaur egun inork ez du “egia iraultzailea”. Beste modu batera esanda, inork ez du dominazioa gainditzeko eta jendarte askea eraikitzeko formula magikoa. Inor ez da hori posible egin dezakeen ezagutza teoriko-praktikoaren jabe. Bakoitzak ezagutza horiekiko hurbilpen bat du, momentu jakin batean sintesi iraultzailea izan daitekeenaren frakzioak baino ez direnak. Hori dela eta, konfluentzia prozesuari, osotasun bezala, autonomia aitortu behar zaio: soilik herri-izaera hartzen duen heinean, hots, klase desjabetuen parte hartze orokorrarekin ematen den heinean, sintesi benetan iraultzaile batera iristeko gaitasuna erakutsiko du. Horregatik guztiagatik, prozesu horretan parte hartzeko asmoa erakusten duen eragile edo antolakunde orok bere proposamena partziala dela onartu beharko luke eta sintesi gorenago baten aurrean, aldez aurretik dakarren proposamen horri uko egiteko prestasuna adierazi beharko luke.
  • Herri egituretan parte-hartze aktiboa. Bat-egite prozesuan parte hartu nahiko luketen antolakunde edo lerro ideologiko estrategikoen partaideek, aktiboki eta publikoki aritu beharko lukete herri-antolakuntzaren adierazpen ezberdinetan. Lokatzetan murgildu eta lerro estrategiko ezberdinetako kideekin militantzia konpartitu, baita lerro ideologikorik ez dutenekin eta are gehiago, gaur egunean “lerro estrategikoa” zer den ere ez dakitenekin batera (gehiengo handia).
  • Denboren errespetua. Aurretik aipatu bezala, proposatzen dugun berreraikuntza prozesua ez da izaera nazionaleko antolakundeen konfluentzia-prozesua izango, zeinetan antolakunde hauen zuzendaritzek, maniobrabilitate eta arintasun handiarekin elkartu eta negoziatzeko aukera izango duten. Honek guztiak errespetatu beharreko geldotasun eta erritmo propioa ezartzen dio prozesuari. Epe ertain-luzeko prozesu batez ari gara, pixkanaka aurrera egiten joango dena, urteetan zein hamarkadetan zehar luzatu daitekeena.

Hona arte Kimuaren ikuspegi eta proposamena barnebiltzen dituen aurkezpen labur hau. Gurekin kontaktuan jartzeko interesa duen oro gure emailera idaztera gonbidatzen dugu (kontaktua@kimua.eus), baita gure web orria (www.kimua.eus) eta twitter kontua (@KimuaParadigma) bisitatzera ere, edota aurrerantzean egingo ditugun deialdi ezberdinetara hurbiltzera.