Herri Mugimendua Euskal Herrian. Iragana, oraina eta etorkizuna
Urtarrila 15, 2023

Zaila suerta daiteke gaur egungo Euskal Herria zer den ulertzea azken 50 urteetan gure herri eta auzoetan emankor loratu izan diren herri borroka eta erresistentzia ugariak kontuan hartu gabe. Mugimendu antinuklearra eta intsumisioa; errepresioaren aurkako eta preso politikoen aldeko borroka; AHTaren, Leizarango autobidearenaren edota Itoizko presaren kontrakoa; ehunka herri eta auzotako gazte asanblada eta beste hainbeste gaztetxe zein gune okupatu autogestionatu; autoantolakuntza eta autodefentsa feministaren alde borrokatu diren emakume talde eta asanbladak; euskararen defentsarako borrokak, Korrika bera edota frankismoaren bukaerako ikastolak; mendi, dantza edo herri-kirol taldeak; auzokide elkarte eta langabeen asanbladak; pentsiodunen mugimendua… Tankera desberdineko eta aniztasun handiko borroka multzoa, denak ala denak auzoen, herrien eta eskualdeen errealitate lokalari atxikiak. Gutako gehienek, intuitiboki bada ere, “Herri Mugimendua” (HM) kategoriaren barruan kokatzen ditugunak. Horrenbestekoa izan da Herri Mugimendu horren garrantzia Euskal Herrian non, azken hamarkadetan zehar, gure lurraldean aurrera eraman izan den ia edozein borrokak HMan izan du jatorria edo honek zeharkatua izan da noizbait. Honenbestez, HMaz hitz egiteak Euskal Herrian autoantolakuntzarako eta sistemaren aurkako borrokarako iruditegira garamatza ezinbestean.
Zentzu horretan, Herri Mugimendua izan da Euskal Herrian errotu diren tradizio ezberdineko borroka gehienen bilgune bakarrenetako bat. Hau horrela, batek baino gehiagok harriduraz har lezake azken hilabeteotan Herri Mugimenduaren inguruan egondako eztabaida, are gehiago bere iraganeko zein oraineko existentzia bera kolokan jartzea. Zalantzarik ez dago halakoek geroz eta leku handiagoa hartu izan dutela euskal eszenatoki politikoan. Gure ustetan, Euskal Herriko ziklo politiko berria berkonfiguratzen ari den garaiotan, ez gintuzke ezustean harrapatu beharko aurreko zikloa oinarritu zuten zutabeak eztabaidagai jartzeak eta irakurketa berriak sortzen joateak. Kimuatik analisi kritiko baten beharrarekin bat gatoz eta Herri Mugimendua ezin liteke azterketa horretatik kanpo geratu. Are gehiago, gure proposamen politikoaren oinarri garrantzitsuak diren HM edo Herri Boterea bezalako kategoriez ari bagara. Horixe da, beraz, testu honen funtsa: HMa iraganean izandakoaren analisia kritikoa egitea, gaur egunean bizi duen egoeraz hausnartzea eta espazio politiko bezala gako iraultzaileetan berreraikitzea posible egin dezakeen eztabaida-proposamena aurkeztea.
Hau guztia erdiesteko, ordea, Herri Mugimendutzat ulertzen duguna argitzea beharrezkoa da lehendabizi. Eta ez da, ez, ariketa erraza, kontrakoa dirudien arren. Izan ere, HMa Euskal Herrian izan denaren iruditegi orokorraz gain, zintzoak izanik, kontzeptu gisa nahiko lausoa da eta ez da definitzen erraza. Duen izaera eklektiko eta heterogeneoak, arras gorabeheratsua eta koiuntura zehatzen menpekoa izanik, ezartzeko zailak diren mugak esleitzen dizkio. Zer da, beraz, eskuarki Herri Mugimendu gisa ezagutzen dugun hori?
1. Masa borroka eta Euskal Nazio Askapen Mugimendua
Modernitate kapitalistak etengabeko egiturazko biolentziaren beharra du. Horrela bakarrik berma dezake jendartearen gehiengo baten gorputzak, lana eta oro har bizitzaren osotasuna, gutxiengo bati azpiratua geratzea, gutxiengo horrek geroz eta botere handiagoa metatzen duelarik. Egiturazko biolentzia horrek klase tentsio bat eragiten du halabeharrez, berau pairatzen duten horien erreakzio espontaneoa eragiten duena. Erreakzio primario horrek, testuinguru politiko-ideologiko, ekonomiko eta sozialaren arabera, norabide ugari har ditzake: faxismo erreakzionariotik hasita, altxamendu armatu iraultzailera. Bada, Euskal Herrian Herri Mugimendu bezala ezagutzen dugun hori, jendartearen erreakzio horrek gure historiaren testuinguru oso jakin batean hartu zuen formaren emaitza da. 1960. hamarkadatik aurrera eman zen testuinguruaz ari gara, zapalkuntza nazionala eta lana-kapitala kontraesana modu gero eta leherkorragoan adieraztea eragingo zuena. Zenbaitetan matxinada armatutik ere hurbil egongo zena.
Testuinguru horretan, egiturazko klase tentsioen aurrean berezkoa litzatekeena baino herri-erreakzio eta antolakuntza maila altuagoa eman izan zen urteetan zehar Euskal Herrian. Herri Mugimendua, nolabait, jendartearen erreakzio primario horren adierazpen garatu bezala uler genezake. Nagusiki izaera espontaneoa, sektoriala, deszentralizatua eta auto-antolatua zuen potentzia sozialaz ari gara: eskala lokalean, auzo eta herrietan, jendarteak bere burua antolatzeko eta problematika zehatzen aurrean programa propioa garatzeko erakusten zuen gaitasun hori litzateke Herri Mugimendua. Esan bezala, gatazka sozial handiko garai historikoaz ari gara (adierazpen armatua ere bazuena), eta hor ezin alde batera utzi Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua (ENAM). Hain zuzen ere, ENAM izan baitzen garaiko esparru iraultzailearen barruan zegoen antolakuntza adierazpen garrantzitsuena, momentu historiko hura katalizatu eta zentzu askotan gidatzeko gai izan zena. Hori dela eta, gaur egun Herri Mugimendu bezala ezagutzen den horren esanahia ezin da ENAMaren existentzia eta izan zuen garapenetik banandu. Zentzu horretan, ezin uka HMa ENAMek osatzen zuen espazio organizatibo-estrategikoaren inguruan kanalizatua izateko joera etengabe eman izan zela. Bideratze hura, ordea, ez zen homogeneoa eta tentsioak ere eragiten zituen. Zenbaitetan kontzienteki suertatzen zen, beste hainbatetan inertziaz; batzuetan modu baketsuan, beste batzuetan entrismo operazioen bitartez, zeinetan HMaren espresio zehatzetan esku hartzen zuen ENAMek, bere interes propioen alde norabidetzeko. Horregatik guztiagatik, HMaren behar bezalako analisia egiteko, laburki bada ere, nahitaezkoa da ENAMaren logika estrategiko eta antolakuntza markoaren baitan HMaren lekua zein izan zen argitzea.
Zentzu horretan atera dezakegun ondorioetako bat da, berez, HMa ez zela subjektu politiko moduan existitzen: antolakuntza espresio lokal eta sektorial horiek guztiak ez zeuden beraien artean artikulatuak, ez zuten bideorri propioa ezarriko zuen programa amankomunik. Eragile iraultzaile bezala jarduteko beharrezkoak ziren antolakuntza erremintak ere ez zituen. Izan ere, ENAMekin erlazioan betetzen zuen paperaz harago, HMa ez zen “mugimendu” bat. Aldi berean, bere potentzial iraultzailea ENAMek eskaintzen zion noranzkoaren araberakoa zen, azken honen erabaki organoek, izaera estrategiko-iraultzaile hori bazutenek, ezartzen zutenaren araberakoa, hain zuzen ere. Organook eta HM osatzen zuten antolakuntza eta borroka espresio ezberdinek ez zuten lotura formalik: hots, ENAMen antolakuntza eskemaren barruan, erdigune eta motore estrategikoa HMtik kanpo (edo gainetik) geratzen zen. Hasieran zerrendatu ditugun borroka adierazpenenetatik, gutxi batzuek izan zuten ordezkaritza formal eta zuzenik ENAMeko marko erabakitzaile horietan.
Antolakuntza eskema honek, tradizio marxista-leninistak berezkoa duen masa-alderdia logikari erantzuten zion. Horren arabera, bere buruari izaera estrategikoa aitortzen dion antolakuntza espazioak masak hartu beharreko norabidea zehazten du, abangoardia iraultzailerako jardun horretan masarengandik nolabait bananduta dagoen bitartean. Modu horretan, masa mugimendua antolakunde iraultzailearengandik (Alderdia) organikoki bereizia geratzen da. Banaketa horretan, baina, antolakunde horrek masen gaineko erabakimena du, berauek norabide iraultzailean gidatzen baititu, “masa fronteak” deritzenen bitartez. Euskal Herrian eskema hau KAS Alternatibaren bitartez finkatuz joan zen, gurean Alderdi bakarra beharrean, Buruzagitza Blokearen gidaritzapean garatu bazen ere, non antolakunde eta ikuspuntu iraultzaile ezberdinek bat egiten zuten. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, espazio estrategiko hau ETA militarraren eraginpean geratuz joan zen, gero eta intentsitate handiagoarekin. Edozelan ere, HMak ez zion espazio estrategikoarekiko kanpoko geruza izateari utzi: hainbat borroka lokal eta sektorialen multzoa, abangoardia iraultzailearen gidaritzapean.
Honek guztiak ez du esan nahi HMak garrantzirik ez zuenik ENAMentzat. Aitzitik, HMa berebiziko garrantzia zuen espazioa zen: besteak beste, atzeguardiako funtzioa betetzen zuen, babes sozial eta herri-sostengurako, zein militante berriak batzeko eremu bezala. Era berean, Estatuaren aurkako borrokan, gatazka sozialaren intentsitatea areagotzeko nahiz lausotzeko ere balio zuen. Baliteke hor egotea arazoaren erro nagusietako bat: ENAMek HMaren beharra zuela, baina HM hori ez zegoela antolakuntza eskeman benetan txertatua, eta ondorioz, erabaki-hartzean ere ez.
Halaber, honek ez du esan nahi HMa erabat kontrolatzen zuenik ENAMak. Ez eta bere baitan ENAMekiko independenteak ziren indarrak existitzen ez zirenik, izaera iraultzailea eta beraien bide-orri propioa zutenak. Batzuek antolakuntza eskema antzekoak zituzten orobat, inspirazio marxista-leninistatik eratorritako masa-alderdia proposamenetan oinarrituak, baina nazio askapenerako markotik at kokatzen zirenak. Beste batzuek, aldiz, potentzial iraultzaile eta estrategikoa masan bertan sortu eta artikulatu beharko litzatekeelako proposamena defenditzen zuten, ez ordea honen kanpotik. Eta horrekin, bertikalismoan, hierarkizazioan eta autoritarismoan oinarritutako planteamenduak arbuiatzen zituzten. Azken hauen artean, aurreko ziklo politikoan zehar Autonomiak hartu izan zituen espresio ezberdinak azpimarratu nahi ditugu: 70. hamarkadako fabriketako asanbladetan; 80.ean Komando Autonomoak; lurraldearen defentsarako borroketan izandako garrantzia (Leizaran, Itoiz, AHT), baita Gaztetxeetan zein autogestio-okupazio mugimenduan 90.ean; mugimendu feministaren hastapenetatik gaur egunera arte izandakoa… Borroka eta antolakuntza ulertzeko modu bat, Euskal Herrian influentzia politiko nabarmena izan zuena, eta zeinaren oinordeko sentitzen garen. Edonola ere, arrazoi ezberdinak direla medio, ez zuen jakin edo ez zuen nahi izan ENAMari hegemonia lehiatzeko gaitasun politiko eta organizatibo nahikorik metatzen.
Horregatik guztiagatik, egun Herri Mugimendu bezala ezagutzen dugun hori ENAMen garapenari eta hazkundeari hertsiki lotua egon zela deritzogu. Bere argi-itzalekin, herri- edo “masa”-izaerako borroka eta eragile multzoa izan zen, modu kontziente edo inkontzienteagoan, ENAMen orbitan eta berak zerabilen norabide estrategikoan jarduten zuena. Ez zen inoiz antolakuntza-gaitasun eta programa estrategiko propiodun subjektu politiko gisa artikulatzera heldu, horretarako potentzialitatea izan bazuen ere. Hau esanda, Herri Mugimendu horrekin zer gertatu den galdetzea dagokigu, batik bat ETAren desagerpena eta ENAM osatzen zuten antolakuntza eta egitura politikoen desintegrazioa eta gero.
2. Herri Mugimenduaren diagnostikoa gaur egunean
Argi dago gaur egun, Herri Mugimenduari dagokionez, krisi eta desmobilizazio sentimendu orokortu batek zeharkatzen duela. Hala ere, ikusitakoak ikusita, ez da harritzekoa: behin ENAM desagertuta, HMak bere orbitan betetzen zuen papera bete ezinik, ezinezkoa du orain arte bezala existitzen jarraitzea. Hau da, aurreko ziklo politikoan subjektu politiko izatea lortu ez bazuen, zentzuzkoa da lekuz kanpo geratzea behin ziklo hori agortuta: berau osatzen duten indarrek desagertu ala berkonfiguratzea, beste aukerarik ez dute. Gainera, estrategikoki eta nazionalki antolaturiko indar bezala existitu ez izanak, are nekezagoa egiten du errealitate politiko berrian berrantolatzea. Hitz gutxitan, hauxe da gure ustetan HMarekin gertatzen ari dena; hemendik aurrera, ondorio ezberdinak atera ditzakegu.
Alde batetik, Herri Mugimendua gaur egunean ez da “mugimendu” bat. Lehen aipatu bezala, iraganean, Euskal Herrian klase eta nazio askapenerako borrokak erdiesten zuen intentsitatea maila lokalean islatzen zen gure inguruko auzo, herri eta eskualdeetan. Intentsitate horrek, era ez-zuzenean bazen ere, izaera nolabait espontaneoa zuten herri-borroka ugari aktibatzea lortzen zuen. Alegia, testuaren hasieran Herri Mugimendua definitzeko generabilen “klase tentsioaren erreakzio primario horren adierazpen garatua” izatea ahalbidetzen zuen. Gaur egun, ordea, ETAren desagerpena eta ENAM izan zena desegin ostean, konfliktibitate soziala nabarmen murriztu da Euskal Herrian, eta “adierazpen garatu” horrek behera egin du modu esanguratsuan. Honek ez du esan nahi gaztetxe eta gazte asanbladak existitzen ez direnik; edota talde feministak eta lurraren defentsarako borrokak; edo momentu eta koiunturaren araberako herri-antolakuntza eta borroka desberdinak. Are gehiago, badira azken urteotan sortu eta aurrera eraman diren etxebizitza sindikatuak, pertsona migratuen harrera sareak, langile grebak, pentsionistak edo pandemiari erantzuteko mobilizazioak, esate baterako... Klase tentsioak egungo jendartea zeharkatzen jarraitzen du modu berdintsuan, eta forma ezberdinak hartuz doan erantzun espontaneo eta auto-antolatuak eragiten jarraituko du. Etorkizunean ere horrela izango da zapalkuntza eta esplotazio ardatzek berean dirauten bitartean. Aurreko guztia egia izanik, kontua da, alde batetik, erantzun hori jada ez dela iraganeko indarrez azaleratzen. Eta bestetik, auto-antolakuntza eta herri-borroka espresio hauek guztiak, espontaneoak zein ez, ez daudela beraien artean artikulatuak, ez dute antolakuntza lotura formalik, ezta proposamen politiko eta estrategiko bateraturik. Ez dihardute “mugimendu” gisa, ez bere horretan (inoiz izan ez dena), ezta jada existitzen ez den ENAMarekiko harremanean. Horregatik, ez litzateke zintzoa izango “mugimendu” bezala izendatzea. Gure ustetan, zuzenagoa litzateke elkarren artean artikulatu gabeko herri-antolakuntza espresio multzoaz hitz egitea.
Bestalde, antolakuntza adierazpen hauen gehiengoak ez du eskala lokala gainditzen, eta gainditzekotan, lan-marko sektoriala igarotzeko zailtasunak ditu: etxebizitza, ekologia, elikadura, feminismoa, gazte eta kultura arloa... Era berean, nabariak dira horietako gehienek jendartearen geruza prekarizatuenekin konektatzeko dituzten zailtasunak, eta bereziki sektore arrazializatuekin. Azken urteotan salbuespen azpimarragarriak agertuz joan badira ere (ikus etxebizitza sindikatu, autodefentsa antiarrazistarako kolektiboak edo pertsona migratuei zuzendutako harrera sareak), HMak, orokorrean, oso profil zehatz bati erantzun dio urteetan zehar: pertsona zuri eta euskaldunak. Eta 90. hamarkadatik aurrera, langile mugimenduaren beherakada orokorrarekin, eskuarki klase ertainekoak.
Horrek guztiak, erruz zailtzen du, plano programatikoan sikiera, jendartea bere osotasunean eraldatzeko aspirazioa duen erantzun baten artikulazioa. Auzo, herri eta zenbait estratu sozialen errealitate lokalean errotze sakona errazten duen arren, lokalismo eta perspektiba sektorial horrek zaildu egiten du egungo “status quo”-a gainditu dezakeen sakontasun estrategiko nahikoa eskuratzea. Partzialitate posizio honetatik, zenbait zapalkuntza eta biolentzia adierazpen teloiaren atzean geratzeko aukeraz gain, Sistemaren osotasuna, agertzen denean, erdietsi ezineko afera gisa aurkezten da. Eta ondorioz, dituzten gaitasunekin abordatu ezinekoa. Modu horretan, erantzun logikoa da diharduten jendartearen txoko txiki horretara erretiratzea. Baldintza horietan, borroka esperientzia hauek posible denaren mugen barnean jardutera kondenatuak daude etengabe; muga horien barruan “errealista” denaren morroi. Hots, funtsean, erreformista den izaera erreproduzitzera, asistentzialismotik edo mugimendu-espektakuluaren performancetik harago joateko zailtasunak izango dituena. Berez, ez da borroka eta antolakuntza adierazpen hauek borondatez uko egiten diotela sistema modu integralean aldatzeari. Besterik gabe, egun konfiguratuta dauden gisan ezinezkoa zaie neurri honetako helburua betetzeko beharrezkoa den antolakuntza eta gaitasun politikoen garapena. Area gehiago, gaur egungo konfigurazioa gainditu gabe borroka iraultzaile eraginkor bat aurrera eramaten tematzen direnak, boluntarismoa, eraginkortasunik eza eta inpotentzia zurrunbilo batean harrapatuak geratzera kondenatuak daude.
Azkenekoz, esandako guztiak, maila nazionaleko eta proposamen estrategiko propiodunen jabe diren subjektuek diotenarekiko erabat baldintzatua egotea dakar. Errealitate politikoaren ulerkerarako erreferentzia markoak, gatazka sozialen aurrean balizko erantzunak oinarrituko dituen zentzu komunak, izaera estrategikoa duten antolakunde nazional horiek ezartzen dutenaren menpean eraikiko dira. Gaur gaurkoz, nagusiki, Sortu-EH Bildurenean eta Mugimendu Sozialistarenean, eta neurri txikiagoan Jarkirenean. Hau da, masa-alderdia logikapean beste behin, “masekin” lotura organikorik gabeko antolakuntza egituretatik masaren gaineko erabaki eta norabidetze saiakerak. Iraganean gertatzen zenarekiko aldaera nabarmen batekin, gainera: Jarkik izan ezik, ez Sortuk ezta Mugimendu Sozialistak ere, ez du ematen Herri Mugimenduaren figurarik beraien planen barruan daramatenik. Honekin guztiarekin, eta laburbilduz, Euskal Herriko HMaren egungo gure irakurketa hurrengokoa da: eskuarki Herri Mugimendu bezala ezagutzen genuen hura ez da existitzen gaur egun Euskal Herrian. Ez da mugimendu bezala existitzen eta berau osatzen duten antolakuntza espresioek, egun dituzten gaitasun organizatibo, estrategiko eta politikoak aintzat harturik, erreformaren eta asistentzialismoaren mugen baitan jardutera kondenatuak daude.
Ez dadila esandakoa gaizki ulertu. Honekin guztiarekin ez gabiltza espazio politiko horren existentzia arbuiatzen, ezta herri-adierazpen organizatibo horiek egiten duten lana aurkaratzen ere. Guk geuk horietako askotan parte hartu izan dugu: AHT-aren aurkako borroka, gaztetxe eta okupazio mugimendua, mugimendu feminista, etxebizitzaren aldeko borroka, elikadura burujabetasuna, pertsona migratuen harrera sare... Eta egun ere horietan dihardugu. Hauen izaera lokal eta sektorialak, gehienetan txikian zentratua, egunerokoan eta politika nazionalaren errealitatearen fokuetatik urrun, jendartearen zati handi baten kontraesan errealekin kontaktuan sartzea dakar. Eta hortik, dominaziotik askatzeko etengabeko borrokan dabilen jendartearen pultsioarekin bat egitera. Gaur egun izaera erreformista eta asistentzialista duten arren, edo horregatik hain zuzen ere, modernitate kapitalistak inposatzen duen herri-masen gaineko klase tentsioak eragindako sentipen espontaneoaren adierazpen garbia ere bada. Beraz, ez dezagun umea ur zikinarekin batera bota. Herri-adierazpen organizatibo hauek aurrera daramaten jardueren zati handi bat, haratago amesteko ezinbesteko baldintza da. Baina hortxe dago gakoa, horrekin amestu egin beharra dagoela. Espazio hauetako militante aktibo gisa, hauen kontraesanak eta mugak mahaigaineratzen saiatzen gara, besterik ez. Egun darabilten konfigurazioarekin urrutiagora heltzea posible ez dela azpimarratzen. Eraldaketa iraultzailerako gaitasun propiorik ez dutela nabarmentzen.
Bide beretik, honekin guztiarekin ez dugu aditzera eman nahi muga hauek guztiek berezko izaera dutenik, zurrunak direnik, eta beraz, gainditu ezin direnik. Hau da, herri-masak bere horretan erreformistak direnik eta gidatuak izan behar direnik, haiengandik banatutako abangoardiaren beharra dutenik. Mugimendu politiko erreal batean bilakatu ezin daitekeenik, izaera iraultzailea duen borroka estrategia propioa artikulatu ezin duenik. Alderantziz, hori da justuki proposatzen gabiltzana. Eta horrexegatik, inoiz forma berri bat hartu ahalko badu, “Herri Mugimendu” hori aurreko ziklo politikoan izan zena gainditzeko prest agertu beharko da.
3. Eztabaida prozesurako eta bat-egite estrategikorako proposamena. Herri Egiturak eta Herri Mugimendu Iraultzailea
Behin honaino helduta, funtseko galdera honakoa litzateke: posible al da egun desartikulatua eta agentzia politikorik gabe dagoen espazio politiko hori subjektu estrategiko iraultzaile bilakatzea? Eta posible da hori gaitasun politikoen barne garapen baten emaitza bezala gertatzea? Erantzun zaileko galdera, zalantzarik gabe. Hasteko, garapen horren izaera endogenoak, nolabait, masa-alderdiaren logika ezeztatzea dakarrelako. Hau da, ez luke onartuko masetatik organikoki bereizitako talde baten existentzia, masa horiek gidatzeko eta norabidetzeko lerro estrategikoak ezarriko dituena. Era berean, gure ustetan gakoa hemen ez litzateke Alderdiari edo “antolakunde estrategikoari” esleitzen zaizkion erreminta eta gaitasunei uko egitea, baizik eta funtzio eta gaitasun horiek herri-masen barnean sortu eta bertan mantentzea. Ez, beraz, horietatik kanpo, horiei fusionatuta baizik. Honekin, herri-masa horiek erabakitze estrategikorako espazio komunak izan ditzaten aldarrikatzen gabiltza; beraien partaideen formakuntza integralean sakontzea ahalbidetuko duten egiturak; antolakuntza eta borroka prozesuan buru-belarri murgiltzeko prest egongo den militanteen masa kritikoa… Eta hau guztia eskala nazionalean, bizitzaren esparru oro barnebilduz eta zentzu iraultzailean aurrera eginez.
Hau guztia posible al da? Kimuatik baietz deritzogu eta hori da gure proposamenaren funtsa. Aukera horri uko egiteak herri-espresio horiek kondenatzea suposatuko luke: erreformaren mugen baitan jardutera alde batetik, edo beste behin ere bere muga formaletatik kanpo erabakitzen denaren morroi izaten jarraitzera. Argi dago, hala ere, hau ez dela prozesu xamurra izango. Kontrara, gaitasun iraultzailea herri-masen baitan sortu eta mantentzea askoz ere konplexuagoa da masa-alderdiaren logika erreproduzitzea baino. Beste arrazoi abarren artean, orain arte Euskal Herrian klase borroka artikulatzeko erabili gabeko formula baita hau. Ez behintzat nahikoa indarrez, ezta Herri Mugimendua eta ENAM existitzen zirenean ere. Hau da, gurean ez da norabide horretan erroturiko jakintza eta tradizio politiko nahikoa indartsurik izan. Zentzu horretan, ez gabiltza izaera nazional-estrategikoa duten antolakundeen arteko konfluentzia prozesuaz, eta horrek berezko erritmo mantsoa esleituko dio. Alegia, Euskal Herriko eszenatoki makropolitikoaren abiadurarekin bat etorriko ez dena, zeinetan erabakitze eta gaitasun estrategiko handiko antolakundeek diharduten. Beraz, horrelako prozesu baten arrakasta ziurtatzeko konplizitate ezberdinak eraikiz joan behar da, herri antolakuntza espresioen arteko lotura ideologiko eta organizatiboak estutuz. Guzti hori, gehienetan diagnostikoa bera ere konpartitzen ez duten eragileen artean, edota gaur egun oraindik existitzen ez direnekin, etorkizunean agertuz joango baitira. Hortaz, gaur gaurkoz existitzen ez den diagnostiko bateratuaz gain, metodo bat ere beharrezkoa da, baita bide-orri konpartitua ere. Horretan datza prozesuaren konplexutasuna.
Hau esanda, eta dakarren zailtasunagatik hain zuzen ere, uste dugu ez dela modu espontaneoan gertatuko den prozesua izango. Katalizatzaile lanak egingo dituen bultzada eta indar militante baten beharra izango du. Horretara dator Kimuaren proposamen hau, eta orokorrean, HMaren berreraikuntza prozesu hori gako iraultzaileetan bultzatuko duten antolakuntza espazio estrategikoen beharra. Hemen, halere, ezinbestean azpimarratu behar dugu ez dugula “katalizatzea” “gidatzearekin” nahastu behar. Ez gaitezen bultzatzearen eta kontrolpean hartzearen artean nahastu. Kimuak ez du nahi prozesu hori gidatu, eta nahiko balu ere ezingo luke. Beste hainbat arrazoiren artean, Kimuako kideak herri espresio horien zati txiki bat baino ez garelako eta ez baitugu hauetako bat ere ordezkatzen (Kimua bera ez ezik). Beraz, ezinezkoa zaigu hauetan guztietan ageri diren sentsibilitateak jaso ezta ordezkatzea ere. Hori dela eta, gure helburua ez da berreraikuntza prozesua hemen ezartzen dugunaren arabera garatzea; geroz eta indar gehiagoz aurrera egin dezan baizik. Hori horrela, arestian garatu dugun diagnostikoa eta jarraian aurkeztuko ditugun metodoaren eta bide-orriaren inguruko gakoak, eztabaidarako eta debaterako elementu bezala ulertu behar dira. Eta hortaz, ahalik eta arinen gaindituak izateko xedearekin mahaigaineratzen ditugunak, prozesua martxan dagoela adieraziko bailuke horrek.
3.1. Eztabaidarako ardatzak
Modu honetara, lehenengo eta behin, ikuspegi bateratu bat eraikitzea ahalbidetuko digun eztabaida prozesua bultzatzea beharrezko ikusten dugu. Beldurrak eta kezkak argitzeko, zein konplizitateak ehuntzeko; proposamen ezberdinak mahaigaineratu eta kontraesanean daudenean, eztabaidatu eta sintesi berriak eraikitzeko. Azken finean, momentu jakin batean oinarrizko konfluentzia estrategikoa erdiesteko baldintzak sortzen joatea. Esan gabe doa, egungo baldintzak kontuan izanda, erabili beharreko metodoa, hasieran behintzat, ez dela konplexuegia izan beharko. Abiapuntu bezala, eztabaida-prozesuan aurrera egin ahal izateko, lau tentsio- edo kontraesan-ardatz proposatzen ditugu. Gehiago egon badaitezke ere, lau eztabaida-lerrook konfluentzia estrategikoa baldintzatzen duten arazo eta oinarrizko kontraesanek zeharkatuta daudela deritzogu. Era berean, egun mahaigainean dirauten eta ibilbide historiko luzea duten eztabaida-lerroak dira, ezagunak izango zaizkigu gehienak, beraz:
- Lokala/nazionala. Zenbateraino hasi beharko lukete herri espresioek gaur egun auzo eta herrietan darabilten espaziotik haratago proiektatzen, eta hortaz, eskala handiago bat eskuratzen? Izan eskualde, herrialde zein nazio mailan (Euskal Herria), baina baita hortik harago ere. Soilik eskala lokalean diharduten bitartean, nekeza izango zaie sistemaren osotasunari aurre egiteko gaitasuna izatea. Bestetik, soilik eskala nazionalean jarduten badute, eta beraz, herri eta auzoetako errotze lokalik gabe, herri-masen adierazpen izateari utziko liekete.
- Sektoriala/Integrala. Aurreko ardatzaren bide beretik, bizitzaren erreprodukzioaren edota sistemaren aurkako borrokaren alderdi bakar bati aurre egiteak, osotasunari uko egitea suposatzen du. Eta aldi berean, lan-lerro askori une berean heltzeak, espezifikotasuna eta hauetako bakoitzean sakontzeko gaitasunaren galera ekar dezake. Horretan datza hurbilpen sektorial eta integralaren arteko tentsioa.
- Antolakuntza egituren agregazioa/bat-egitea. Konfluentzia prozesuak aurrera egin ahala, modu kuantitatiboan, lurralde mailan zein lan-lerro ezberdinak barnebiltzeari dagokionez, erabakitze kolektiborako egiturak osatzeko beharra agertuko da. Zer nolako izaera edukiko dute egiturok? Hemen tentsioa bi osagai hauen artean islatzen da: 1) norbanako eta antolakundeen agregazio soila koordinazio/plataforma erako marko batean, zeinak gaitasun estrategiko propio urria edo eza duen; eta 2) antolakuntza espresioen bat-egitetik eratorriko den antolakuntza markoa, kualitatiboki berria izango den espazio bat artikulatuz, loteslea, lerro estrategiko orokorra ezartzeko gaitasunarekin. Hemen kontraesana argi ezartzen da: osagaietako bakoitzak osotasunarekiko izan beharreko subordinazio/lotura maila. Alegia, erabakitze markoak zentralizatzeko joeraren eta antolakuntza prozesu ororen izaera demokratiko-iraultzailea (beti behetik gorako norabidean) bermatuko duten mekanismoen arteko tentsioa.
- Erreforma/Iraultza. Erreforma eta iraultzaren azken puntu honek oinarrizko norabide estrategikoa ezarriko duen eztabaida-ardatza jorratzera garamatza. Hemen, noski, guztiok xede orokor konpartitu batetik abiatzen garela ontzat ematen dugu, alegia, klase sozialik, zapalkuntzarik eta esplotaziorik gabeko jendarte parekidea erdiestea. Hartara, zelan uztartu 1) Sistemaren gaur egungo mugen baitan, bizi-baldintzen hobekuntzarako borroka (erreforma), eta 2) berria denaren eraikuntza (iraultza)? Berria dena horrela ulertuz: aipatutako mugetatik haratago doan (merkantzia-balioaren, jabetza pribatuaren eta logika patriarkal eta kolonialetik haratago) errealitate material eta sinbolikoa, zaintzaren, lotura komunitarioen birsortzetik zein elkarlaguntzaren logikatik eraikitzen dena. Hau horrela, egun posible denaren aldeko borroka (erreforma) berria denaren eraikuntzarekin (iraultza) konbinatu beharko litzateke, erreformaren bidez emandako aurrerapausoak, berria dena modu zuzen eta berehalakoan eraikitzera bideratzen direlarik. Hots, erreformak beti norabide iraultzailearen mesede jardun beharko du. Betiere, aurrerapauso bakoitzarekin, erasoaldiei aurre egingo dien autodefentsa gaitasuna ziurtatuz.
3.2. Metodologia eta bide-orria
Aurkezten ditugun eztabaida-lerro hauekin argitu beharreko lehen gauza, tentsio-ardatz moduan identifikatzen ditugula da, hau da, ez direla zertan beti era dikotomikoan ebatzi behar, alde baterantz edo besterantz. Zenbaitetan bi ertzak uztartuz emango diogu irtenbidea kontraesanari. Hortaz, eztabida-lerrook gradiente moduan ulertzen ditugu, gehienetan mutur biak uztartu ahal eta beharko dituena.
Modu berean, ez dugu uste problematika hauen guztien lanketa berehala eta aurrez ezarritako prozesu formal gisa egin behar denik. Malgutasunez aurrera egingo luketen eztabaida-lerroak lirateke, plano formal zein informalean, antolakuntza espazio edo talde bakoitzaren errealitate espezifikoaren arabera moldatuta. Ahaztu gabe, jakina, geroz eta izaera formalagoa hartuz joan beharko luketela. Tentsio-ardatz hauetako bakoitzaren inguruko eztabaidek aurrera egin eta ebatziz joan ahala, prozesua gorpuztuz joango litzateke jauzi kualitatiboak josteko aukerak handituz. Aurrera egite hori herri-kongresuen bitartez eman liteke, sektorialak hasieran, baina geroz eta borroka espresio eta bizitzaren erreprodukzioaren geruza gehiago barnebilduko lituzketenak. Bide-orri honen baitan, egun herri-antolakuntza espresioen multzoa dena, Herri Egitura bilakatuko litzateke. Herri Egiturak herri-masen auto-antolakuntza mailaren momentu bezala ulertzen ditugu, zeinetan antolakuntza espresio horiek, eskualde mailan eta maila lokalean dihardutenak oraindik ere, beraien barnean geroz eta borroka- eta lan-esparru gehiago metatuz doazenak. Eta, aldi berean, marko ideologiko komun bat eraikiz. Marko bateratu horren baitan, kategoria politikoen eta errealitatearen analisirako corpus bateratu bat osatuz joango litzateke, herri espresio hauen guztien praktika zein alderdi sinboliko-politikoa konektatzea ahalbidetuko lukeena.
Prozesua, hala ere, ez litzateke hor bukatuko, nazio mailako kongresu-bidezko prozesu ezberdinen ondotik, momentu jakin batean Herri Mugimendu Iraultzailea sortzeko gaitasuna izango luke prozesu honek. Orduan bai, subjektu iraultzaile estrategiko bilakatuko litzateke Herri Mugimendua eta beraz, maila lokal eta sektorialean darabiltzan borrokak eta eragin iraultzailea, eskala sozialean ezartzeko gaitasuna izango luke. Argitu nahiko genuke hemen, proposamen honek ez duela bide-orriaren xehetasunak zehazteko ezta ezartzeko pretentsiorik: atal honen hasieran egindako galdera erarik egokienean ebazteko zirriborro hipotetikoa besterik ez da.
3.3. Antolakuntza premisak
Kontuan hartu beharreko beste kontu bat zera da: konfluentzia prozesura bat-egitea ez dela modu simetrikoan emango, ez hasieran behintzat. Hots, eztabaida prozesuan antolakuntza eta sakontasun estrategiko maila ezberdinak dituzten eragileek parte hartuko dutela. Kimua, esaterako, jada maila nazionalean diharduen eta perspektiba estrategiko propioa duen antolakuntza espazio da. Eta normalena eta desiragarriena litzateke bakarra ez izatea. Hortaz, zelan ekidin prozesu hau masa-alderdi logikan erortzea? Are gehiago, zelan saihestu “alderdi” ezberdinak prozesuaren gidaritzaren norgehiagokan aritzea? Ukaezina da arrisku hauek egon badaudela eta horiek ekiditeko, premisa jakin batzuk identifikatzen ditugu, gure ustez aldez aurretik onartu beharko liratekeenak, Kimuak horiekin bat egiten duelarik:
- Abangoardia eta fagotizazioa. Ohikoa izan da, eta egun ere hala izaten jarraitzen du, masa-alderdi logikari jarraiki, alderdi/antolakundeek jendartearen geruza ezberdinen potentziala garatzeko saiakera egitea, ondoren, potentzial hori alderdia beraren mesedetara jartzeko asmoz. Masa-alderdiaren logika klasikoa gainditzeko hautu erreala egiten badugu, jendartearen potentzial iraultzailea askatzea izan beharko luke xedea eta ez hura fagotizatzea. Hau horrela, eginbeharra ez litzateke herri egiturak Kimuan (edo egun existitzen den beste edozein antolakunde estrategikotan) integratzea, ezta herri egiturok guk proposatzen dugun gisara antolatzea ere. Alderantziz, helburua egitura horiek gure proposamena (eta beste edozein) zalantzan jartzeko gaitasun organizatibo eta politikoak gara ditzaten izan beharko litzateke, beraien proposamen propioa garatzeraino. Eta modu honetan, gaur-gaurkoz egitura horietatik kanpo diharduten antolakunde estrategikoak egitura horien barnean disolbatzeko baldintzak sortzea. Hortaz, bat-egite prozesuak garapen maila nahikoa hartuko balu, antolakunde estrategiko orok prozesu horren baitan disolbatzeko prest egon beharko luke. Esate baterako, Kimuak gaur egun zentzua badu, herri egituretatik bete ezin daitezkeen funtzio batzuk gauzatzen dituelako da, egun egiturok ez baitute funtzio horiek betetzeko gaitasun organizatibo eta politiko nahikorik. Muga horiek gainditzen diren momentutik, gaur egun Kimuak jokatzen duen paperak ez luke zentzurik izango.
- Herri prozesuaren autonomia. Aurreko puntuarekin bat, gaur egun inork ez du “egia iraultzailea”. Beste modu batera esanda, inork ez du dominazioa gainditzeko eta jendarte askea eraikitzeko formula magikoa. Inor ez da hori posible egin dezakeen ezagutza teoriko-praktikoaren jabe. Bakoitzak ezagutza horiekiko hurbilpen bat du, momentu jakin batean sintesi iraultzailea izan daitekeenaren frakzioak baino ez direnak. Hori dela eta, frakzio horien konbinazio dialektikoaren bitartez soilik izango da posible (eta ez dago ziurtatuta) prozesu iraultzailearen eraikuntzan aurrera egin ahal izatea. Eta konbinazio hori, eragile iraultzaile zein klase desjabetuen geruza ezberdinen parte hartzearekin soilik gertatuko da, indar eraldatzaile horiek aurrera egin ahala bere burua moldatuz joango den Dominazioa Sistemarekiko kontrakotasunean. Hori dela eta, konfluentzia prozesuari, osotasun bezala, autonomia aitortu behar zaio: soilik herri-izaera hartzen duen heinean, hots, klase desjabetuen parte hartze orokorrarekin ematen den heinean, sintesi benetan iraultzaile batera iristeko gaitasuna erakutsiko du. Horregatik guztiagatik, prozesu horretan parte hartzeko asmoa erakusten duen eragile edo antolakunde orok bere proposamena partziala dela onartu beharko luke eta sintesi gorenago baten aurrean, aldez aurretik dakarren proposamen horri uko egiteko prestasuna adierazi beharko luke.
- Herri egituretan parte-hartze aktiboa. Bat-egite prozesuan parte hartu nahiko luketen antolakunde edo lerro ideologiko estrategikoen partaideek, aktiboki eta publikoki aritu beharko lukete herri-antolakuntzaren adierazpen ezberdinetan. Lokatzetan murgildu eta lerro estrategiko ezberdinetako kideekin militantzia konpartitu, baita lerro ideologikorik ez dutenekin eta are gehiago, gaur egunean “lerro estrategikoa” zer den ere ez dakitenekin batera (gehiengo handia).
- Denboren errespetua. Aurretik aipatu bezala, proposatzen dugun berreraikuntza prozesua ez da izaera nazionaleko antolakundeen konfluentzia-prozesua izango, zeinetan antolakunde hauen zuzendaritzek, maniobrabilitate eta arintasun handiarekin elkartu eta negoziatzeko aukera izango duten. Honek guztiak errespetatu beharreko geldotasun eta erritmo propioa ezartzen dio prozesuari. Epe ertain-luzeko prozesu batez ari gara, pixkanaka aurrera egiten joango dena, urteetan zein hamarkadetan zehar luzatu daitekeena.
4. Ziklo berri baten irekierarantz
Azkenik eta analisi eta proposamenarekin bukatzeko, garrantzitsua da azpimarratzea Euskal Herrian Herri Mugimendua izandakoaren birkonfigurazioa dagoeneko nolabait martxan dagoela. Horren adierazle dira ITAren azken bi kanpaldiak eta aurtengo udan ere ospatuko dena, udazken honetako Ekotopaketak, laugarren olatu feministak Euskal Herrian izandako isla eta ezarpena edota etxebizitza sindikatu ugarik abiarazi duten konfluentzia-prozesua. Gure esku dago herri-borroka eta antolakuntzaren adierazpen horiek aurrera egiteko aukera, beraien artean ehundu eta kualitatiboki zein kuantitatiboki handitzen joateko aukera. Horietan guztietan, Herri Mugimenduak izandako praktika eta teoriari egindako ekarpenak topatuko ditugu eta horregatik, ziklo berri honen helduleku eta erreferentzia-gune bilakatu ahal izateko potentziala dute. Militantzia integralerako bultzadaz ari gara, aurreko garaietan horren hedatua izan zen bizitza-militantziaren arteko banaketari kontrajarriz doana; gizarte-geruza prekarizatuen, migratuen eta arrazializatuen arteko konexioaz, borroka, antolakuntza eta elkar-irakaspen espazioak zabaltzen dituztenak; ekonomia soilaz haratago, erreprodukzio sozialaren osotasunari ematen zaion garrantziaz, zeinetan Dominazioaren Sistema osatzen duten interkonexio eta problematika guztiek bat egiten duten (jabetza pribatua, generoa, arraza, soldata, etxebizitza, elikadura…). Zalantza izpirik ez dago gaur egun elkarloturik ez dauden adierazpenak direla nagusiki, oraindik ere heltze- eta garapen-prozesuan daudenak. Baina potentzial handia dute balizko Herri Egitura batzuk artikulatzen hasteko erreferentzia marko bezala. Honek guztiak garrantzi handia du desmobilizazio orokortuko testuinguru honetan, iraganeko antolakuntza eta borroka moldeek agortuak diruditenean eta borroka erreferente errealen faltak amore ematera bultzatu gaitzakeenean.
Hau horrela, Herri Mugimendua izandakoaren baitan, ziklo berri bat geroz eta indar gehiagorekin bidea egiten ari dela esan dezakegu. Kimuaren honako hau, irekiera hori indartu nahi duen beste proposamen bat baino ez da. Euskal Herriko panorama politikoari erreparatuta, argi dago berkonfiguratzen azkena izaten ari den espazio politikoa dela Herri Mugimenduen hori, inork gonbidatu ez duen festa batera berandu heltzen ariko balitz bezala. Ez gintuzke harritu beharko. Azken finean, gidaritza propiorik izan ez duen espazio politiko batez ari gara, inoiz ere ez duena bere horretan subjektu gisa jardun. Horrexegatik da prozesua horren konplexua, geldoa eta zailtasun ugariz josia. Eta ez da ezer gertatzen, hori baita prozesua behetik gora, era egiazki herritarrean, eraikia izan dadin bete beharreko ezinbesteko baldintza. Ez dezagun ahaztu pazientzia iraultzailea dela borroka prozesu orok nahitaezkoa duen balioetako bat.