Ikuspegi estrategikoaz eta munduak egun bizi duen koiunturaz hainbat gako

Azken boladan gero eta ohikoagoa bilakatu da “garai historikoak” bizi ditugula entzutea. Kaletik goazela, masa komunikabideetan, etxeko igogailuan edota famili bazkarietan, denen ahotsetan dago zerbait potoloa gertatzen ari dela: gerra, pandemia, inflazioa, aldaketa klimatikoa, faxismoaren gorakada... “Krisi” hitza bera, ematen du bere garaian zuen xarma hori galdu duela eta orain abizena jarri behar diogu egungo egoeraren larritasuna isla dezan: oraingoa ez da krisi arrunta, hau “krisi zibilizatorioa” da. Mundua pikutara doala ematen duen honetan, ikuspegi estrategikoaz, denbora historikoaren ulerkeraz eta oro har egungo mundu mailako egoeraz egiten dugun diagnostikoan sakonduko dugu ondorengo testuan.

Denbora historikoa ez da lineala, ez da homogeneoa

Egunak 24 ordu eta urteak 365 egun dituela diogunean, egun eta urte guztiak berdinak izango balira bezala aritzen gara. Denbora abstraktua, homogeneoa eta hutsa den fenomeno bezala tratatzen dugu: 24 ordu horiek berdinak dira orain Euskal Herrian edo Indonesian; 1936ko uztailak 18an Espainian edota 1917ko azaroak 7an Petrograden; duela 2023 urteko udako egun batean edota duela 1.000.000 urtekoan. Kontua da egun bakoitzak 24 ordu horiek izan badituela, baina horietaz gain, ordu, egun eta urte horiek guztiak edukiz beteak direla, eduki zehatz eta heterogeneoz beteak, alegia. Abstraktuki neurtu eta berdindu ditzakegun denbora unitate horiek, eduki kualitatiboari erreparatuz gero, ezberdinak dira elkarren artean. ETAk Carrero Blancoren kotxea leherrarazi zueneko segundo hori, erloju batekin neurtzen badugu, aurreko segundo guztien berdina da. Denbora historikoan txertatuta, ordea, denok dakigu barnebiltzen dituen esanahi eta inplikazioak. Segundo horrek izaera kualitatibo ezberdina du, Euskal Herriko eta Estatu espainiarreko historia goitik behera baldintzatu zuena. Segundo horretako eduki zehatz hori gauzatu izan ez balitz, beste gauza askoren artean, gu, segur aski, ez ginen hemen egongo.

Hortaz, denbora historikoa ez da homogeneoa, ez dago hutsik. Efemeride ezberdinak gogoratzen ditugunean jabetzen gara egun guztiak ez direla berdin, urte guztiak ez direla berdin: altxamendu bat, matxinada bat, iraultza bat, krisi bat... Horrelakoetan denbora historikoa zabaldu, moteldu eta kondentsatu egiten da. Egun bakar batean gauza asko gerta daitezke, aurretik ezinezkoak ziruditenak eta ondorengo urteak edota hamarkadak baldintzatu ditzaketenak. Leninek zioen bezala: “hamarkada batzuetan ez da ezer gertatzen eta aste batzuetan hamarkadak gertatzen dira”. Horrek ez du esan nahi momentu horiek ezerezetik datozenik: aurretik metatuz joan diren baldintzek sortzen dituzte momentu horientzako aukera. Hala ere, abagune horietan askatzen den potentzia soziala, bakarrik momentu horietan probestu daiteke: arinago ez da egon eskuragarri, eta ondoren beste forma bat hartuko du. Disolbatu daiteke, edo ondo probestu bada, maila gorenago bat hartu. Iraultzaileon ardura da denbora historikoa ondo irakurtzea, segundo garrantzitsuei adi egotea eta bereziki, segundo bat garrantzitsu egin dezaketen baldintzak eraikitzen joatea.

Chronos, kairos eta momentum

Grezia klasikoan bi kontzeptu zituzten “denbora” adierazteko: bata chronos, bestea kairos. Chronos adierak denboraren izaera kuantitatiboari egiten dio erreferentzia, sekuentzia kronologikoari, eta barnebiltzen duen edukia, beraz, kuantitatiboa da. Zenbat denbora igaro da? Asko edo gutxi erantzun dezakegu. Kairos-ak, aldiz, denboraren izaera kualitatiboari egiten dio erreferentzia: zein da denbora egokia? Ekintzarako aukera aproposa adierazten du. Kairos-ean ekiten dugunean, testuinguru zehatz batek barnebiltzen duen potentzial guztia aprobetxatu dezakegu.

Grezia klasikoan batez ere Erretorikan erabiltzen zen kairos kontzeptua: hau da, eztabaida batean ikusleak konbentzitzeko esan beharreko argudio gakoak momentu zehatz batean esan behar dira. Arinago edo geroago esanez gero, efektua ez da berdina izango. Metafora gaur egunera ekarriz, surflari batengan pentsa genezake: olatu bat hartzear dagoenean, momentu egokia baino lehenago hasten bada igerian, olatua bere atzean apurtuko da. Ez dio ardura zenbat indar egiten duen, olatuak zekarren indarra atzean geratu zaio eta ezingo du aprobetxatu. Era berean, beranduegi hasten bada, olatua bere aurrean apurtuko da eta surflariak bere lekuan jarraituko du, mugitu gabe. Momentu egokian hasten bada igerian, ordea, oso indar gutxi eginda, olatuak dakarren indar guztiarekin bat egingo du eta metro asko aurreratu ahalko ditu. Igerian hasteko momentu zehatz egoki hori da kairos-a, hain zuzen ere.

Denbora eta gertakarien garapenarekin lotua doan beste kontzeptu gako bat momentum-a da. Fisikatik datorren kontzeptua da: objektu batek mugimenduan jarraitzeko duen joera. Hala ere, arlo politikoan eta militarrean asko erabiltzen da (batez ere ingelesez): behin martxan jarri dela, ekimen edo prozesu bat aurrerapenak egiten jarraitzea posible egiten duen kualitatea litzateke momentum-a. Esate baterako, Ukrainako gerran, lehenengo egunetan Errusiak, gaitasun militar hobea zuela eta armada ukraniarra ustekabean harrapatuta, momentum-a irabaziz joan zen. Horrek lurralde eta hiri ugari hartzea ahalbidetu zion. Puntu batetik aurrera, ordea, aurrerapen horiek eten ziren (Kiev eta Kharkov hirietan, esaterako), hasierako momentum hori galduz. Armada errusiarrak atzera egin behar izan zuen, bere indarrak ordenatu eta gerraren bigarren faseari ekin: Donbasseko ofentsiba. Bigarren fase horrek ezaugarri ezberdinak ditu, eta beraz, momentum-a erdiesteko jarraibidea ezberdina izango da. Surflariaren kasuan, behin olatua hartuta, berau ondo surfeatzeko abilezia erakutsi beharko du. Modu horretan, hasierako kairos-a momentum bilakatu dezake.

Testuinguru militarretik haratago, historian egon den edozein prozesu iraultzaile, eta oro har, mugimendu politikoren garapena eta arrakasta/porrota aztertzerako orduan, lagungarri egingo zaizkigu hauek bezalako kontzeptuak. Esate baterako, Kataluniako procés bezala ezagutu zena, kairos-momentum ziklo ezberdinak kateatzen jakin izan zuelako bakarrik izan zen gai hartu zuen dimentsioa hartzeko. 2009an herri batzuetan galdeketak egiten hasi zirenean inork gutxi asma zezakeen 2017ko urrira arte mugimendu hark lortuko zuen arrakasta eta suposatuko zuena Herrialde Katalanen historian. Hastapen xume horietatik abiatuta, koiunturak eskaintzen zituen abaguneak ondo irakurri eta horietan ekiteko gaitasunak, salto kualitatibo ezberdinak kateatzen joatea ahalbidetu zien. Kairos-momentum ziklo bakoitzarekin muga batzuk gainditu eta berri batzuk ezartzen ziren, hurrengo zikloarekin azken hauek gainditu eta berri batzuk ezartzen zirelarik. 2017ko urrira heldu arte. Kairos horrek galdegiten zuen salto kualitatiboa emateko gai izan edo prest egon ez eta hor jo zuen goia prozesu politiko horrek. Hortik aurrerakoa, momentum-a galduta eta egoerari buelta eman ezinik, goitik beherako desintegrazio prozesua agerikoa izan da.

Ikuspegi estrategikoa garatzearen garrantzia

Denbora politikoak badu bere chronos-a, gauzak gertatzen ari dira etengabe. Gure herri eta auzoetan, Euskal Herrian, munduan, milaka gauza gertatzen ari dira. Ez bagara gai begirada zorrotz bat garatzeko, denbora fenomeno homogeneo bezala ulertuko dugu, dena berdin izango balitz bezala, forma zehatzik gabeko gertakarien agregazio soila. Gure baitan kaosa, noraeza eta ezintasuna eragingo du horrek. Gakoa da etengabetasun horretatik haratago ikusteko gaitasuna izatea, kairos-a identifikatzeko gai izan eta bertan ekiteko prest egon. Ikuspegi estrategikoa garatzeaz ari garenean, honi buruz ari gara.

Era berean, ikuspegi estrategikoa ez da bakarrik momentu egokia identifikatzen jakitea, baizik eta momentu hori aprobetxatu ahal izateko beharrezkoak diren gaitasunak aldez aurretik prest izateko erabakiak hartzen jakitea. Eta gehienetan kairos-ak zer ezaugarri izango dituen jakin gabe ekin behar diogu baldintzok eraikitzeari. Pandemiarekin argi eta garbi ikusi da hori, inork ez baitzuen aurreikusi horrelakorik etorriko zenik. Salbuespen egoera gainera etorri zitzaigun horretan, soilik gaitasun organizatibo, ideologiko eta komunikatiboak prest zituztenentzat azaldu zen pandemia kairos politiko bezala. Horregatik ulertu behar dugu kairos-a ez dela absolutua: bakoitzak dituen helburu eta gaitasunen arabera, testuinguru zehatz batek potentzial bat edo bestea eskainiko dio. Honi guztiari, momentum-aren nozioa gehitu behar diogu. Izan ere, olatua momentu egokian hartzen badugu, baina ez badaukagu berau surfeatzeko abilezia nahikorik, gure saiakera ezerezean geldituko da. Kairos-a momentum bilakatzeko gaitasunean datza mugimendu politiko baten arrakasta.

Bai kairos zein momentum kontzeptuek denboraren izaera erlatiboa azpimarratzen digute. Badaude garai eta egoera batzuk, zeintzuetan denborak dentsitate handiagoa hartzen duen. Horietan ondo jarduten badugu, gure hitzek eta gure ekintzek indar eta gaitasun gehiagorekin eragingo diote errealitate sozialari. Gure inguruari begiratuz gero, garai horietako baten bizi garela ohartuko gara.

Ongi etorriak kairos zibilizatoriora

XX. mendea Sobietar Batasunaren erorketarekin amaitu zela esan ohi da. Nahiz eta 1991. urtean gertatu zen, XX. mendea konfiguratu zuen mundu mailako errealitate ekonomiko eta geopolitikoa agortutzat eman zitekeen. Erorketa horrek ziklo berria zabaldu zuen: globalizazioa, erreforma neoliberalaren hedapena, mundu unipolarra (EEBB-Mendebaldea), demokrazia burges-liberalaren hedapena, “terrorismoaren” aurkako gerra mundiala, kapitalismo fosilaren “business as usual”-aren sakontzea... Berez, ziklo berri hori Gerra Hotzaren azpi-ziklo bezala uler genezake, ez baitzen ezer bereziki berririk eman: aurreko zikloan lehian zegoen indarretako batek irabazi zuen eta ondorioz, bere eredua mundu mailan hegemoniko bihurtu zuen. Hortaz, azken hiru hamarkadak XX. mendeko epilogoa izan direla esan dezakegu.

2008ko krisi finantzarioarekin epilogo hori arrakalatuz joan zen eta urteak aurrera egin ahala, bere agortzearen seinaleak nabariak dira: 14 urte geroago, kapitala oraindik ez da gai izan mundu mailako akumulazio ziklo berri eta sendoa abiarazteko. Modernitate kapitalistak gaur egun hartzen duen konfigurazioari gero eta muga gehiago ageri zaizkio, egungo konfigurazio horrekin gaindiezinak egiten zaizkionak. Horrez gain, muga horien izaera, aniztasuna eta sakontasunari erreparatzen badiegu, argi geratzen da uhin luzeko ziklo baten itxieran gaudela. Alegia, ez dela aurrekoa bezalako azpi-ziklo bat, aurretik datozen aldagaien birkonfigurazio txiki batekin martxan jarri daitekeena. Hamarkadetan zehar (batzuk industrializazioaren hedapenetik), metatuz joan diren tentsio puntu ezberdinek bat egin dute gaur egun, askok “zibilizazio krisi” bezala izendatzen duten honetan. Ikusi ditzagun, gainetik bada ere, zeintzuk diren tentsio puntu nagusiak:

- Oinarri material eta energetikoak. Erregai fosilen agortzea errealitate ukaezina bilakatu da eta horren aurrean, trantsizio energetikorako saiakeran murgildua dago kapitalismoa. Horrekin batera, kapitalaren metabolismorako beharrezkoak diren oinarri material eta energetikoen birkonfigurazio mundiala ematen ari da. Hemen dugu modernitate kapitalistak aurrean duen erronka nagusietako bat, zalantzarik gabe ebazpen korapilatsu eta gatazkatsua izango duena. Alde batetik, kapitalaren fakzio batzuk egungo kapitalismo fosilaren jarraipenean berresten direlako eta trantsizioa ahalik eta gehien moteltzen saiatuko direlako. Beste alde batetik, ikusteke dagoelako ia benetan posiblea den, burgesia berdeak defendatzen duen bezala, horrelako trantsizio eta birkonfigurazioa burutzea egun munduak duen kontsumo eta hazkunde maila mantenduz. Eta hori posible ez balitz, ondorioak agerikoak izango lirateke: besteak beste, kapitala metatzeko aukera murriztuko litzateke, konpetentzia (eta gerra) interburgesa areagotuz; edota jendartearen bizi baldintzek behera egingo lukete nabarmen, batez ere erdigune inperialistan.

- Ekologia. Krisi ekologikoak itzulbiderik gabeko joera hartu du eskala planetarioan eta bere dimentsio guztietan: krisi klimatikoa, biodibertsitatearen galera, atmosfera, ozeano eta lurraren kutsadura... “Ingurumen” arazo bat izateaz haratago, mundu mailako larrialdi ekologikoaren ondorioz populazio osoen biziraupena kolokan dago, baina baita kapitala metatzeko baldintza egokien egonkortasuna ere.

- Ekonomia. Ikuspuntu ekonomikotik elementu ugari azpimarra ditzakegu. Krisi finantzario osteko hamarkada galdua eta pandemiaren ondoren, “austeritatean” oinarritutako bideorri neoliberala agortua dirudi. Aldi berean, ordea, neokeynesianismoa edota formula sozialdemokratak aplikatzeko mugak gero eta agerikoagoak dira. Estatuen zorpetze tasa ikaragarri handia da eta inflazioaren gorakadak amaiera eman dio dirua “debalde” zeneko garaiari: dirua inprimatzeko makina eten egin behar izan dute. Izan ere, goian aipatutako energia eta materialen krisiari irtenbide bat eman ezean, estatu kapitalistak inflazio altua eta hazkunderik gabeko zurrunbilo batera kondenatuak egongo dira.

Dena delakoarekin, arinago edo motelago, bitarteko produktiboen garapenean tendentzia argi bat nagusituz joango da, laugarren iraultza industriala izenarekin ezagutzen hasi dena: digitalizazioa, gauzen interneta, inteligentzia artifiziala, errobotizazioa, automatizazioa... Horrek ondorio ugari izango ditu kapitalaren konfigurazioan. Alde batetik, lan-indar masa handiak soberan geratuko dira, gero eta debaluatuagoak, eta faktore produktibo bat izatetik, kudeaketa arazo bat izatera pasatuko dira. Bestetik, kapitalaren konposizio organikoaren handitzeak (prozesu produktiboan makinak gero eta proportzio handiagoan egotea, lan-indar kantitatearekin konparatuz) akumulazio krisia areagotuko du: gero eta zailagoa izango da kapitala errebalorizatzea errentagarritasun tasa egokietan.

Honekin guztiarekin, erdigune inperialistako langile klasearen pauperizazioa areagotu baino ez da egingo, klase ertain deiturikoak sostengatzeko baldintza materialak agortuz joango baitira. Behinola burgesiak langile klasearen sektore handi baten obedientzia erosteko zeukan mozkin-marjina gero eta estuagoa bilakatuko zaio.

- Politika. Demokrazia burges-liberalak zilegitasuna galdu duela nabaria da eta horrek eragin duen faxismo berrien gorakada, ukaezina. Europan behintzat, egonkortasun bipartidistaren garaia (demokristauak eta sozialdemokratak txandakatzen zirenekoa) amaitutzat eman dezakegu, zatikatze eta inestabilitate politikoa areagotuz. Aldi berean, modernitate kapitalistaren bizkarrezur politikoa izan zen Nazio-Estatua agortze sintomak erakusten dabil eta mundu mailako korporazio handiekin (Google, Apple, Amazon) duen lehia areagotzen dabil. Horren aurrean, jendarte kapitalista administratzeko kudeaketa figura berrien agerpen posiblea sumatu dezakegu: Korporazio-Estatua. Neofeudalismoa bezalako kontzeptuak gero eta entzunagoak diren garai hauetan, argi ikusten dugu gure bizitzen gero eta aldagai gehiago Korporazio-Estatuen baitan administratzeko joera nabarmenduz joango dela.

- Kultura. Mendebaldeko kultura zibilizatorioa dekadentzian dagoela ez da sekretu bat. Erlijio tradizionalen desintegrazioak erreferentzia etiko-moralen desagerpena eragin du populazioaren geruza askotan. Erreferentzia horietako asko desagertzea komeni zen, baina horien ordez, ez da lortu bestelako erreferentzia askatzaile arrakastatsurik eraikitzerik, eta horrek hutsune espiritual eta emozionala orokortu du. Noraez existentziala gero eta nabariagoa da, denetariko joerekin: hedonismoa, nihilismoa, depresio eta suizidioak, konspirazionismoa, magufismoa...

Aurrekoarekin lotua, kolonialismoak mundu mailako kulturen homogeneizazioa ekarri eta identitate globalizatu berriak eraiki ditu: erabat merkantilizatuak, izaera “likidoa” dutenak, lurralde zehatzekiko deslotuak, herri kulturetatik eta komunitateetatik deskonektatuak, teknologia eta sare sozialekiko dependienteak (eta beraz, horiek kontrolatzen dituztenen enpresekiko dependienteak). Identitateen eredu horrek identitate krisian eta noraezean sakontzea baino ez du eragin.

- Geopolitika. Globalismoa eta multipolaritatearen arteko lehian Asia-Indiko ardatzaren gorakada ematen ari da, Txina buruan doala. Mundu garatu eta azpigaratuaren arteko distantzia (bitarteko produktiboen garapenari begira) murriztuz doan heinean, aspirazio eta gaitasun inperialistak izan ditzaketen potentzia berrien agerpena ematen ari da, konpetentzia interburges eta interinperialista areagotuz. Bestalde, aurreko tentsio puntu guztien adierazpen sakonena Europar Batasunean ematen ari den heinean, mendeetan zehar munduan izan duen lekua, erdigune inperialistako erreferentzia espazio bezala, kolokan dago.

- Pandemia. Aurreko tendentzia gehienen katalizatzaile bezala jardun du, denbora historikoa azeleratuz. Horrez gain, pandemiak berak bultzatutako etxeratzeak eta distantziamendu soziala, kontrol sozialaren areagotzea, osasun sistemak jasandako kolpea eta oro har bi urte luzez eman diren salbuespen egoeraren normalizatzeak, aldaketa kualitatiboa eragin du jendartean. Inflexio puntu bezala jokatu du.

 

Goiko guztiari erreparatuta, mundu mailako koiuntura analisiaren ondorioa honakoa da: modernitate kapitalistaren zibilizazioak momentu kritikoa bizi du, segur aski azken 150 urteetan bizi izan duen kritikoena. Kairos zibilizatorio bat irekia dago, ziklo luze berri baten irekiera seinalatzen diguna: XXI. mendea izango denaren oinarriak eraikitzen dabiltza une hauetan. Ezin dugu jakin kairos horrek zenbat iraungo duen, ezta zelan itxiko den ere. Argi dagoena da orain bizi ditugun egun eta urteak berebiziko esanahia hartuko dutela denbora historikoan. Begirada zorrozteko garaian gaude, beraz: ikuspegi estrategikoan sakontzeko garaia, saretu eta antolatzeko, indarrak batzeko, egunerokoan gure auzo eta herrietan ekin, jardun iraultzailean sakontzeko garaia. Ez da zain edo begira egoteko garaia. Zalantzarik ez dago abagune historiko baten aurrean gaudela, baina abagune horren izaera iraultzailea soilik potentzialitate bezala aurkezten zaigu. Oraindik ez da gauzatu, eta ez da zertan gauzatu. Argi izan behar dugu sistemaren krisi larri batek, kolapso batek muturreko aukera bezala, ez duela espontaneoki bizi dugun egoera hobetuko. Are gehiago, kolapsoaren espontaneitateak basakeria are gordinago baterantz bultzatuko gaitu: kapitalismoak gordetzen dituen miserien askatze are kaotikoagoa baterantz. Hori baita faxismoa, deskonposizio fasean dagoen kapitalismoak hartzen duen forma naturala.

Ezinezkoa zaigu asmatzea gainean dugun garai historikoak zernolako norabidea hartuko duen, zernolako gertakariak emango diren, non agertuko diren abagune zehatzak, ezta nola aprobetxatu. Hala ere, gauza bat argi izan behar dugu: gertakariok norabide askatzailea hartuko dutenaren berme bakarra gure eskuetan dago, norabide iraultzaile horretan jarduteko prestasuna dugun ororen eskuetan. Ez dugu beste inon aurkituko.