Greba Feminista Orokorra, Mugimendu Feminista eta zaintzak

Greba Feminista Orokorra, Mugimendu Feminista eta zaintzak

Azken boladan feminismoak erasoaldi ugari jasan ditu, ezker zein eskuin. Kritika orok lekua izan badezake ere, kritikatzen den horren testuinguraketa egokia egitea ezinbestekoa da. Euskal Herriari dagokionez, Mugimendu Feministak azken 20 urtetan erakutsi duen garapena eta gaitasun eraldatzailea azpimarratzekoa da. Herriz-herri errotze maila handia duten emakume talde eta asanbladetatik hasita, bere burua maila nazionalean antolatzeko gai izan den prozesu organizatiboa bilakatu da. Bideorri amankomun baten inguruan eta errotze lokal hori mantenduz, mobilizazio masiboak bultzatzea lortu du, azken hamarkadetan ezagutu ditugun handienak. Jendartearen geruza zabalak zeharkatzea eta moduren baten edo bestean eraldatzea lortu duen masa-mugimendua izatera heldu da. Azken hamarkada horietako balantzea egiten badugu, zalantza izpirik ez daukagu emakume, genero disidente, trans, bollera, marika, eta oro har sexu-genero banaketa patriarkalaren arabera zapalduak agertzen diren subjektuentzako aurrerapen historikoa izan dela. Astindu askatzaile ederra eman dio feminismoak jendarteari.

Horrek guztiak ez du esan nahi Mugimendu Feministak kontraesanik ez duenik. Errealki eraldatzailea izan nahi duen prozesu bat lokatzetan sartu behar da, eta bide horretan saihestezina da kontraesanetan sartzea eta hanka-sartzeak egitea. Hala ere, askotan ematen du feminismoari izaera eraldatzaile hori izan duten beste prozesu historikoekin konparatuz gehiago exijitzen zaiola. Argi dago instituzionalizazioak leku handia hartu duela azken boladan feminismoaren jardunean. Joera horretatik arrisku ugari eratortzen dira, besteak beste: herri prozesu eta klase desjabetuekiko deskonekzioa edota eraldaketa prozesuaren autonomia galtzea, boteredunen eskuetan dauden espazioetara eramanez erdigune politikoa (merkatu eta Estatu egituretara). Era berean, ezin uka feminismoaren parte ere badirela zenbait korronte burges-liberal. Horrelako korronteek genero auziaren ebazpena modu partzialean ulertzea indartzen dute, ebazpen hori dominazioaren auzi orokorra gainditu gabe posible izango balitz bezala.

Datorren azaroak 30ean izango dugun Greba Feminista Orokorrean, feminismoaren lorpen eta kontraesan horietako batzuk agerian geratzen dira. Zaintzen auzia erdigunera ekarriz, historikoki jendartearen funtzionamenduan, baina baita borroka sozialetan ere, inbisibilizatua eta feminizatua (debaluatua beraz) egon den errealitatea erdigunera ekarri nahi da. Zentzu horretan, “Denon Bizitzak Erdigunera” dinamika balioan jartzea ezinbestekoa da, bere eskutik baitator gaiari heltzeko bultzada eta grebaren deialdia bera. Argitaratua duten dossierrean zaintzei lotutako kontraesan eta problematika ugari identifikatzen dituzte. Horietako batzuk azpimarratu eta eztabaidara ekartzea garrantzitsu ikusten dugu.

Lehenik eta behin, zaintzen profesionalizazioaren eta salarizazioaren da aldarri nagusietako bat, aldi berean zaintzen “merkantilizazioaren” kontra egiten den bitartean. Berez, edozein lanaren salarizazioak, lan horren merkantilizazioa dakar, salarioa merkantzia bat delako. Argi daukagu gaur egungo testuinguruan zaintzen eremuan ematen diren lan ugari (ez guztiak) salarizatzeak/erregularizatzeak emakumeon bizi baldintzen hobetzea ekar dezakeela, eta beraz, beharrezkoa izan daitekeela. Baina gauza batek ez du bestea kentzen. Salarizazioak eta profesionalizazioak, oraindik ere logika patriarkalaren pean birsortzen diren subordinaziozko harreman forma batzuk (esklabutzatik edo mirabetzatik hurbil daudenak) gainditzea ekar dezake. Baina horrek lan horien merkantilizazioa dakar: esentzialki, harreman sozial kapitalisten sakontzea. Zentzu horretan, zaintzen kolektibizazioa dominazioaren adierazpen orotatik at (merkantzia-balioaren, jabetza pribatuaren eta logika patriarkal eta kolonialetik at) bultzatuko duten esperientzia eta saiakerak indartzea garrantzitsu ikusten dugu. Gure ustez, zerumuga horrek soilik posible egingo du zaintzen salarazizazioa (egun beharrezkoa dena) erreformismoan eta asimilazio kapitalistan ez jaustea.

Honekin lotuta, komunitatearen eta Estatua-Publikoa denaren arteko tentsioa daukagu: beste aldarri nagusietako bat zaintza publikoa eta komunitarioaren arteko uztartzea baita. Gure ustetan, Estatu egitura modernoek, beraien jatorritik, bizitzaren zatiketa eta administrazio banatua bultzatu dute. Hori baita Estatu modernoaren barne logika: klase dominanteen interesen arabera masa jendarte industrialaren kudeaketa eraginkorra ziurtatzea, horretarako beharrezkoak diren burokratizaziorako eta diziplinamendurako bitartekoak inposatuz. Finean, bizitzaren gaineko kontrola pertsonon eta komunitateongandik banatu. Goian gertatzen den bezala, gaurko baldintzetan ezinezkoa zaigu Estatuaren erabateko ukapena: besteak beste, gure bizitzak dagoeneko Estatuaren bitartez gauzatzen direlako. Eta hori gabe, eta antolakuntza sozialerako beste bitartekorik gabe, basakeria legokeelako. Zentzu horretan, gakoa hemen ez da “zaintza komunitarioa” Estatu egiturekin bateragarri egitea, baizik eta bizitzaren gero eta adierazpen gehiago, zaintzak barne, komunitatearen (komunaren) baitan eraikitzen joatea, Estatutik at. Hortaz, komunitatea eta Estatuaren artean harreman bat egon behar da, bai, baina antagonismoan ulertu beharreko harremana da, ez bateragarritasunean. Eta noski, logika komunitarioak bizitzaren gero eta adierazpen gehiago barnean hartu ditzan, ezinbestekoa da herri-instituzionalitate bat eraikitzen joatea, Estatuari dagozkion zatikatzea, burokratitazioa eta hierarkizazioa birproduzituko ez dituenak. Ez diogu erreza denik, ezta egun batetik bestera gertatuko denik, baina honetan arreta jartzen hastea ezinbestekoa deritzogu.

Azkenik, maila kontzeptualean egin nahi dugun hausnarketa dakargu. Nahiko orokortua dirudi “zaintzen” kontzeptua “lan erreproduktiboen” sinonimo bezala hartzea. Gure ustez, “zaintza” modu anbibalentean ulertu daiteke: 1) bizitza sozialaren erreprodukziorako beharrezkoak diren lanen multzo bezala edo 2) gizakion artean harremantzeko eredu bezala. Zaintzak, kontzeptu bezala, lan erreproduktiboen sinonimo soil bezala erabiltzeak, bere barnean daraman potentzialitate politikoa mugatzen du. Inolako klaserik, zapalkuntzarik ezta esplotaziorik gabeko jendarte askeaz hitz egiten dugunean, zertan oinarrituko dira pertsonen arteko harremanak, ez bada elkar-zaintzan? Hor harremantzeko modu jakin bati egiten dio erreferentzia zaintzak: elkarren arteko lehia eta biolentziarik gabe, elkarlaguntzan, maitasunean (ez erromantiko-patriarkala) eta logika komunitarioan oinarritzen den harremantze logika bati. Zentzu horretan, zaintza, logika sozial orokor bezala ulertuta, jendartearen esparru guztiak ordenatzeko oinarrizko irizpide bilakatu daiteke, lan erreproduktiboen eremutik harago. Era berea, lan erreproduktiboen sinonimo bezala erabiltzen dugunean, esparru erreproduktibo horretan gertatzen den oro zaintza bezala kontsideratzen dugu. Baina berez, lan erreproduktiboen gauzapena ez da beti “zaintzaren” arabera ematen: biolentziazko eta zapalkuntzazko testuinguruan gertatzen denean (familia heteropatriarkalean askotan gertatzen den bezala), zaila da horri “zaintza” deitzea.

Honekin guztiarekin, azpimarragarri iruditu zaizkigun zenbait hausnarketa elementu mahai gaineratu nahi ditugu, zaintzen inguruko eztabaida aberastu dezaketenak. Gure aldetik, azaroak 30eko Greba Feminista Orokorrari atxikipena adierazten dugu. Kalean ikusiko dugu elkar.

Zaintzak erdigunera! Azaroak 30 Greba Feminista Orokorra!