Euskara, bidegurutzean. Oldarraldi judizialaz harago

Euskara, bidegurutzean. Oldarraldi judizialaz harago

Bada harritu denik azken aldian EAEn euskararen normalkuntza prozesua eragotzi nahi duten erabaki judizialekin. Harridura horren aurrean ez genuke ahaztu behar nazio-estatu moderno ororen zentzua horixe dela: jendartea ahalik eta modu zentralizatuenean gobernatzea posible egingo duen homogeneizazio kulturala bermatzea. Hori izan dute ardatz, historikoki, bai espainiar zein frantses estatuen proiektu modernizatzaileek. Zentzu horretan, egia bada ere Euskal Herriko zenbait zonaldetan euskararen normalkuntza eta instituzionalizazio prozesuan aurrerapauso handiak eman izan direla, argi dago espainiar zein frantses erro konstituzionalek ez dutela askoz ere gehiagorako tarterik uzten. Euskararen erabateko normalkuntza ez da inoiz posible izango bi estatu horien pean.

Aurrekoa esanda, eta oldarraldi judizialaz harago, ezin albo batera utzi euskara, eta oro har euskal kultura, bidegurutze historiko batean dagoela. Inflexio egoera honetan bi gako azpimarratu nahiko genituzke. Lehenik eta behin, euskararen instituzionalizazio eta normalizazio prozesuak, guztiz burutu gabea egon arren, euskarak jendartean historikoki izan duen posizioa alderantzikatu du nolabait. Hemen, garrantzitsua da azpimarratzea euskararen egoera anitza dela eta normalizazio hori ez dela leku guztietan gertatu: batez ere EAEz ari gara, eta neurri askoz ere txikiagoan Nafarroa Garaiaz. Kontua da, euskara lehenago klase-adierazlea zela, baserritarrei eta nekazal eremuetako klase desjabetuei lotua, pobre eta “ezjakinen” hizkuntza. Gaur egun, aldiz, klase ertainaren eta burgesiaren zati baten hizkuntza dela esan dezakegu. Oso leku gutxitan da gaur egun euskara klase desjabetuen eguneroko hizkuntza, geruza sozial horien herri kulturari lotua doana. Ondorioz, gero eta gehiagok euskararekin duten kontaktu bakarra Estatuaren egitura administratibo eta burokratikoei lotuta doazen autoritate figuren bitartez ematen da (eskola, tramite instituzionalak, lanpostu publikoetarako sarbidea...). Hau guztia agerikoagoa da migratutako jendearen artean, eta oro har euskararekiko atxikimendu falta eragiten du, kasu batzuetan mespretxua ere. Gainera, lehen esandako klase-adierazlea gaur egun alderantziz azaleratzen hasi da: joera ukaezin da familia askok Ikastolak erabiltzen dituztela bereizketarako tresna gisa, haien seme-alabak jende migratu eta pobrearekin “nahastu” daitezen ekiditeko.

Horrekin guztiarekin ez dugu ukatzen beharrezkoa denik normalizazio, instituzionalizazio eta modernizazio prozesua. Edozein hizkuntzaren biziraupenak, landagunetik eta erlikia etnografikotik harago mantendu nahi badugu, hori beharrezkoa du. Are gehiago euskararen kasuan, historikoki jasan duen jazarpenak ahuldu edota desagerrarazi egin baitu, lekuan leku. Baina prozesu horren ordaina ezin da izan euskarak utz diezaion herri eta langile kulturari lotutako hizkuntza bizia izateari. Gure ustez, euskarak jendartearen hizkuntza bizi gisa biziraun dezan (eta ez egitura burokratiko-administratiboen hizkuntza soil gisa), besteak beste, klase desjabetuen askapen prozesuari lotua egon behar da. Jendartearen gehiengoaren bizi baldintzak hobetzeko tresna gisa funtzionatu, eta beraz, modu horretan uler dadila. XX. mendeko espainiar jatorriko migratzaile asko euskaldundu izanaren gakoa horretan ikusten dugu: euskara klase borrokari eta jendartearen askapen borrokari lotua zegoen. Gaur egun ez da baldintza hori betetzen, eta gure indarra jarri behar dugu norabide horretan.

Azkenik, bada euskarak egun bizi duen egoerari lotutako beste gako bat, nazio auziaren ulerkerari lotua doana. Alegia, zein den euskarak jokatzen duen papera euskal nazioaren ulerkeran, eta baita euskara ez diren hizkuntzek ere. Eta horrek pentsamendu nazionalista ororen erroan dagoen problematika batera garamatza: nazio auzia zentzu politiko ala kulturalaren arabera ulertzearena. Beste askotan esan dugun bezala, euskal nazionalismoa, izan ezkerretik zein eskuinetik, funtsean nazionalismo kulturala izan da, herri jakin baten existentzia erro etniko-kultural amankomun bati lotua ulertzen duena. Euskal Herriaren kasuan, erro horiek euskara eta euskal kultura izango lirateke. Hartara, euskal nazioaren zonalde batzuetan euskararik hitz egiten ez bada, gaztelania edota frantsesaren inposaketaren ondorioz desagerrarazia izan delako da, eta hortaz, ahal den heinean, euskararen erabilera berrezarri beharko litzateke.

Horren aurrean, nazioaren ulerkera termino politikoetan nola garatuko litzatekeen imajinatu beharrean gaude. Posible da euskal nazio multi-etnikoa? Posible da nazio baten ezaugarri fundatzailea hizkuntza edo kultura jakin bat beharrean askapen proiektu bat izatea? Gaztelera eta frantsesaz harago doan auzia da honakoa: arabiera, wolofa edo txinera, euskal lurraldeetan bizi eta finkatuta dauden komunitate ugarik erabiliak, “euskal nazioaren” parte dira? Aniztasun etniko eta linguistiko hori jada bada euskal nazioaren ezaugarri eratzailea, edo Euskal Herrira “benetan” batzeko erabateko integrazio eta asimilazio linguistiko-kulturala beharrezkoa dute? Azken hamarkadetan euskal lurraldeetako aniztasun etniko eta kulturala handitu dela ukaezina da, eta goraka jarraituko duen joera da. Horregatik, galdera hauei erantzuna ematea ezinbestekoa da, ez soilik euskararen biziraupenerako, baita ere Euskal Herriaren biziraupenerako ere, proiektu politiko bezala. Gure lurraldeetan euskara historikoki zapaldua izan den hizkuntza den heinean, Euskal Herrian erresistentzia ikurra da. Eta horrek potentzialitatea ematen dio, borrokaren eta erresistentziaren hizkuntza bilakatzeko; euskal lurraldeetan borrokan diharduten jende ezberdinen iraultzarako hizkuntza. Hor dugu kontraesan eta erronka nagusia, euskara eta nazio auziaren etorkizun estrategikoari dagokionez: nola lortu euskarak, aldagai etniko-kulturala izanik (hizkuntza oro hala baita), forma kultural hori gaindi dezan, izaera politiko hutsa duen faktore bilakatzeko? Borrokarako tresna bat, errealitate etniko-kultural anitzak batzeko gai dena, klase-askapen prozesu amankomun batean.