Adela Ibabe
Otsaila 11, 2023
Aramaion jaioa izan zen Adela, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia elkarrekin topatzen duten lur-eremu horretan. Adela: lorea, arroka eta burdina.
Gasteizen ikasi zuen magisteritza eta laster hasi zen lanean Oñatiko eskoletan. Bertako bere ohiko lanpostuaz gain, San Frantzisko Xabier Ikastolan sortze prozesuan parte hartu zuen beste bi kiderekin batera, (gaur egun Arizmendi Ikastola izenez ezaguna). Ikastola hura euskalduna zen, lehenengoetarikoa: frankismoarekiko erresistentzia espresio eta erregimenaren eskolari alternatiba. Errepresio frankistak ikastolen loratzea zanpatu ezin izan zuen arren, erronka ez zen makala: euskara ardatz zuen egitasmo herrikoia eta eredu pedagogiko berriak martxan jartzea. Tamainako erronkak, tamainako ondorioak. Ikastolen instituzionalizazio prozesuan sortutako barne liskarrak (“euskaldunak euskaldunen kontra”) pil-pilean zeuden garaia izan zen hura, izan arrazoi erlijioso edo politikoek bultzatuta edota maisu-maistren bizitza pribatuaren zuzentasuna zela eta ez zela. Arrazoi hori zela medio, Adelak lan egiten zuen ikastolako klaustroak kaleratze masiboa jasan zuen: 17 irakasleetatik, 15 izan ziren kaleratuak, Adela barne. Hasieran kaleratutako langileek herrian babes handia jaso bazuten ere, gerora “komunista” eta “espainolista”tzat hartuak izan ziren, eta elkartasun keinuak asko txikitu ziren. Adelak ez zuen berriz ere maistra bezala lan egingo bizi izan zen 28 urteetan zehar.
28 urte, bai. Izan ere, gure Adela goiz hil zen, hirugarren hamarkada betetzera heldu gabe utzi gintuen. Abortua praktikatzea ilegala, arriskutsua eta garestia zen garaietan geratu zen haurdun. Jakin bazekien zer zekarren abortatzeak: 6 hilabete eta 6 urte arteko kartzela zigorrerako arriskua, hiltzeko arriskua (urtean 200-400 emakume hiltzen ziren abortu klandestinoen ondorioz), bai eta bere soldata ia hirukoizten zuen gastua. Hori guztia jakinda ere, bere hautua abortatzea izan zen.
Irunen praktikatu zion abortua Frantziatik bertaratutako mediku batek, Ventas auzoan. Ebakuntza ondo joan zen arren, hurrengo egunean txarto sentitzen hasi zen. Arrasateko Ospitalean barne odoljarioa antzeman zioten eta Gurutzetarako Ospitalera larritasunez bidali bazuten ere, iritsi eta ordu gutxira zendu zen.
Berari zor diogu euskararen aldeko lana eta emakumeon abortu eskubidearen aldeko aldarri ozena. Bere borrokari esker erein baitziren Dominazio Sistemaren aurkako erresistentzia haziak, egun oraindik ere hazten ikusten ditugunak.
Gabriel Arestik ondo baino hobeto transkribatu zituen Adelaren izana eta oroimena, eta berak adierazi moduan, zin ematen dugu borroka honetan iraungo dugula, hire memorian.
gure amorruagatik
gure gorrotoagatik
egin dinagu
zin finko bat:
azken kolpea eman arte
iraungo dugula
gure burruka honetan
hire memorian
hire memorian
hire memorian!