Ziztadak, biolentzia patriarkala eta autodefentsa feminista

Ziztaden inguruan uda honetan gertaturikoak agerian uzten du emakumeon gaineko biolentzia sistematikoak birsortzen jarraitzen duela, eta forma berriak hartzen. Izan sumisio kimikoa eragiteko ziztadak, izan emakumeon artean beldurra zabaltzeko ziztadak (biak ala biak bortxaketa bezala identifikatzen ditugu), begi bistakoa da fenomeno hau ezin dela soilik kapitalaren kategorien bitartez ulertu, ezta ezaugarritu ere. Gertakarion arrazionalitatea logika patriarkala ere kontuan hartuta soilik antzeman daiteke: emakume gorputzak gizonen jabetza eta botere esparru bezala aurkeztearen ondorio bezala bakarrik gerta daitezke horrelakoak. Hau da, jabetza eta botere metaketa patriarkalaren adierazpen bezala bakarrik uler genezake ziztaden fenomenoa bere osotasunean. Horrelakoak ez direlako portaera irrazionalak, ulergaitzak, zoro batzuek egindakoak. Bortxaketaren kulturaren gainontzeko adierazpenak bezala, logika eta arrazionalitate patriarkalari erantzuten diete.

Bestalde, hasiera hasieratik ikusi dugu zein den Estatuak arazoari eman nahi izan dion irtenbidea: poliziaz bete jaietako sozializazio guneak. Saiakera horrek, txosnaguneetan bereziki, talka ugari eragin ditu, aurreko astean Algortan ikusi genuen bezala Eusko Jaurlaritza eta Ertzaintzaren jarrera oldarkorraren eskutik. Beraien kontraesan eta gabezia guztiekin (eta ez dira gutxi), txosnaguneak auto-antolakuntza eta herri boterearen adierazpen bat dira, urteetan zehar autodefentsa feministarako mekanismo eta protokoloak garatuz joan direnak. Estatuak espazio horietan eskua sartzeko eta ahal den heinean horiek desmantelatzeko aitzakia bezala hartu du ziztaden afera. Horren guztiaren aurrean, emakumeok era autonomoan antolatzeko aldarria geure egiten dugu: auzo eta herrietako asanblada eta talde feministetan parte hartzeko deia luzatu, autodefentsa feministaren garapen eta saretzean aurrerapausoak emateko konpromisoa hartu.

Azkenik, gizonei ere galdegin behar diegu: zuen parte hartzea jendarte patriarkal batean ez da neutrala. Gizon bezala sozializatuak izan zareten heinean, botere eta jabetza patriarkalarekiko sarbidea daukazue: bortxaketen kasuan, emakumeon gorputza xurgatzeko, zuen jabetza bilakatzeko, posizio sozialean kokatuak zaudete. Bortxaketa edo eraso fisiko "zuzenez" haratago, mentalitate dominatzaile patriarkaletik eratorritako jarrera eta pentsamenduen multzoa zuen pertsonalitatearen sakonean errotuta daude. Horren kontzientzia izan ala ez, norabide horretan aktiboki jardun ala ez, egiturazko ezarpen bat da.

Botere posizio hori, baina, ez da gertakari naturala; kulturalki, sozialki eraikitako baldintza bat baizik, eta hori albiste ona da: gainditua izan daiteke. Hala ere, espontaneoki sortua ez den bezala, ez da bat-batean desagertuko. Despatriarkalizazio prozesu aktibo eta kontziente baten bitartez bakarrik gainditu daiteke. Ezinbestekoa da denok ulertzea ziztaden kasuan eta oro har biolentzia patriarkalaren kasuan, ez dela emakumeon arazo bat edo genero disidentziarepa. Gizon heterosexualek ulertu behar duzue bereziki zuen arazoa dela, zuen arazo bilakatu behar duzue; eta despatriarkalizaziorako bideari ekin. Zuen bizitza denbora eskaini, horretaz arduratu. Bakarrik horrela egin ahal izango diogu aurre errealki eta era integral batean patriarkatuaren gaindipenak suposatzen duen erronkari.