Tamara Bunke
Abuztua 31, 2022
Abuztuak 31, 1967an Haydeé Tamara Bunke iraultzailea hil zuten Bolivian gerrillari zebilela. Askatasunaren alde dena eman duten horien historia gogoratzea ezinbestekoa da, batez ere, askotan isilaraziak izan diren emakume iraultzaileen kasuan.
Jatorri argentinarra izan eta Alemanian hazia, bertan egin zituen lehen pausoak borrokan, 14 urterekin hasi baitzen militatzen Alemaniako Gazteria Librea antolakundean, gerora alderdi sozialistara batzeko.
Abya Yalako herrietako diktaduren garaia zen, eta Kubako iraultzak esperantzarako argia piztu zuen. Hara abiatu zen 1961ean, herri milizietan eta beste hamaika zereginetan parte hartzeko. Segituan erakutsi zuen bere grina iraultzailea eta hauspotu zizkion gaitasunak, eta Latinoamerikan iraultza zabaltzeko helburuz sortutako “Operación fantasman” lanean jarri zen buru-belarri.
Zalantzarik izpirik gabe murgildu ere, iraultzari lotutako zerbait bazen, bidean aurki zitzakeen arriskuak asumituz, berarekin konta zezaketela argi esanez. Misio horren bidez bere ametsa beteko baitzuen: Latinoamerikako askapen nazionalerako borroketan modu zuzenean parte hartu ahal izatea. Inork ez zuen bere hautua kolokan ikusi, berak esan bezala: “iraultzaile bezala, hitz bakarra daukat, eta bide horretan izan dezakedan edozein arrisku baino garrantzitsuagoa da. Eman didazuen konfiantza ez dut urratuko bizi izpi bakarra geratzen zaidan artean”.
Hala egin zuen bere ibilbidea. Argentinan espioitza lan oparoa burutu eta Boliviara joan zen Che Guevararekin batera gerrillara borrokan.
Bertan hil zuten 1967ko abuztuaren 31an, fusila eskuetan zuela, dirdira begietan, irribarrea aurpegian eta iraultza grina buru argian. Iraultzaile batek erakusten duen balio handiena konbentzimendua eta nekaezintasuna baita, azken hatsera arte iraultzari dion maitasuna erakustea.