Palestinar erresistentziaren hordagoa

Palestinar erresistentziaren hordagoa

Gerra beti da zorigaitzezko gertakizuna. Hark dakarren suntsipena, heriotza eta sufrimendua beti izango da tragedia bat, arrazoiak nekez uler dezakeena. Horretaz guztiaz jabetuta ere, batzuetan herri bati geratzen zaion aukera bakarra gerrara joatea da. Atzoko eguna, 2023ko urriaren 7a, gure memorietan iltzatuta geratuko da: Israelek inoiz jasotako erasorik latzena izan daitekeena gauzatu zuen Palestinar Erresistentziak.

Lehenik aipatu genezakeen kontua da, nahiz eta komunikabideek hala zabaldu, ez dela Hamas izan erasoaren atzean dagoen eragile bakarra. Gazako Erresistentziaren gidaritza eta hegemonia talde horrek badarama ere, Palestinar Erresistentzia osatzen duten indar guztien batasunaz ekin diote operazioari. Tartean talde islamista, kontserbadore eta anti-komunistak (Hamas bera), baina baita ildo marxista-leninistakoak ere, Palestinaren Askapenerako Herri Frontea (FPLP, gazteleraz) gisakoak. Zenbaitetan herriaren biziraupena bera bermatzeko beharrezkoak dira izaera nazionala (interklasista?) duten aliantzak osatzea, klase auzi hutsak ezartzen duen ardatza gainditzen dutenak. Jakitun izanik hurbilen ditugun antolakundeek (FPLP nagusiki) Palestinar Erresistentziaren zati txiki bat baino ez dutela osatzen gaur egun, Euskal Herritik Palestinar askapen borrokari, bere osotasunean, elkartasuna erakustea dagokigu.

Beste gakoetako bat eraso honek Israelentzat suposatzen duena da. Israelgo estatuak urteak daramatza Gaza sutsuki eta krudelki jazartzen, auzoak osorik suntsitzen, milaka hildako eta desplazatu eragiten, milioika pertsona miserian bizitzera kondenatzen. Gaza mundu osoko kontzentrazio-esparru handiena bilakatu du, kontrolatuen dagoen lurralde zatia, punta-puntako teknologiarekin monitorizatu eta zelatatzen duena. Israelena munduko armada prestatuenetakoa da (batez ere armamentu eta teknologiaren garapenari dagokionez), munduko inteligentzia zerbitzu prestigiotsuenetakoarekin (Mosad). Horren guztiaren aurrean, Palestinar Erresistentziak tamainako erasoaldia burutzeko gaitasuna erakutsi badu, Israelek sufritu duen porrotaren dimentsioa benetan historikoa da. Lurretik, airetik eta itsasotik ezin hobeki antolatutako erasoaz ari gara, hamarkadetan zehar israeldar kolonoek okupatutako asentamentuak bereganatuz, Israelgo armadaren base militarrak menpean hartu eta material astuna eskuratuz, ehunka israeldar hil eta bahituz… Edozein estaturentzako (eta bereziki Israelentzako) funtsezko baldintza da bere hiritarren segurtasuna bermatzeko gaitasuna erakustea, kosta ala kosta. Eta kasu honetan, oinarri hori kolokan jarri da egun batetik bestera. Gogora dezakegu israeldar armada Gaza gogor zigortzen, Erresistentziak hiruzpalau soldatu hil edo bahitu ondoren. Atzo gertatutakoak sobera pasatu ditu orain arte jazotakoaren mugak.

Gainera, azken hilabeteetan Israelen barne mailako ezegonkortasuna nagusitu da, egoera konplikatuago eginez: ustelkeria kasu ugariak, herritar israeldarren (ez arabiarrak) protesta eta altxamenduak eta baita estatu-kolpe judizial bat ere. Ez dakigu datozen asteetan zer gerta daitekeen Israelen eta ez genuke bere erresilientzia eta berrindartzeko gaitasuna gutxietsi behar. Hala ere, badirudi gauza bat, behintzat, argi dagoela: nazio-estatu juduaren amets sionista, mundu osoko juduak bakean bizitzea bermatuko zuena, kolokan dago erabat.

Horrekin guztiarekin, badago esaten duenik Israelen erantzuna Gaza erabat suntsitzea izango dela. Baina posible ote da halakorik? Ikuspuntu tekniko-militarretik baietz pentsa genezake, armada israeldarrak ustez duen gaitasuna kontuan hartuta. Hala ere, arma nuklearren erabilera baztertze badugu (Israelek 75 eta 400 ojiba bitartean ditu), alegia, palestinar populazio osoaren erailketa masiboa, ikuspuntu israeldarretik aukera bakarra dago mahai gainean: lurreko operazio baten bitartez, etxez etxe, Gazaren gaineko kontrol militar oso eta permanentea osatzea. Eta hori ez da batere erreza izango: Gazak 2.000.000 biztanle ditu, hiri-eraikuntza ikaragarri trinko eta konplexua, eta hiri azpiko tunel sare zabala, kalkulatzen zaila dena. Helburu militar hori gauzatzeko beharrezkoa litzatekeen hiri-gerra munduko edozein armadarentzat izugarri garesti izango litzateke, israeldarra barne. Hori gutxi balitz, Libanoko Hezbollah miliziak adierazi du israeldar armadak Gazan lurreko operazioa abiarazten badu, Israelen kontrako gerran sartuko dela. Adierazpen horrek gerrak izan dezakeen eskalatze internazionalera garamatza. Esan behar da Hezbollah dela, Ekialde Hurbilean, borrokan trebatuenen dagoen indar militarretako bat, Siriako guda zibileko urteetako esperientziaren ondoren. Gainera, Israelek galdutako gerra bakarrenetakoa Hezbollahren kontrakoa izan zen, 2006an. Ustez, gaur egun 100.000 soldadu ditu, ongi hornituak eta Iranekin lotuak. Israelen kontrako gerra hasten badu, kontuak eskualde mailako dimentsioa hartuko luke, siriar indarrak ere parte hartzeko aukerarekin eta Iran eta Israelen arteko enfrentamendu zuzenera iristeko arriskuarekin. Hipotesi horrek Israelen aukerak mugatzen ditu, baita Gazako eremuan esku hartzekoak ere.

Azkenik, badago beste faktorerik Palestinar Erresistentziaren tamainako erasoaren zentzu estrategikoa ulertzeko. Azken urteetan gero eta herrialde arabiar gehiago izan dira Israeldar estatua onartu eta harekiko harreman diplomatiko eta ekonomikoak normalizatu dituztenak (Maroko, Sudan, Bahrein, Arabiar Emirerri Batuak). Kontuan izanda mundu arabiarrak, eta orokorrean musulmanak, historikoki Palestinarekiko erakutsitako elkartasuna eta babesa, garrantzi handiko aldaketa da. Azken asteetan, Saudi Arabia eta Israelen arteko negoziaketak gero eta gehiagora joan dira, eta zurrumurrua zegoen bien arteko akordio historiko bat heltzear zela. Kontuan izan behar dugu Saudi Arabia herrialde arabiarren artean potentzia nagusietako bat dela, eta erreferentziazkoa dela islamiar munduan. “Mendeko Akordio” gisa ezagun egiten ari zen tratu posible horrek Palestinarekiko sekulako traizioa suposatuko luke. Ezin uka mundu mailan egoera ezegonkorrean gaudela, eta ordena berri baterako oinarriak ezartzen ari direla. Eskualde zein mundu mailako eszenatoki berrian lekuz kanpo geratzeko arriskuaz jabeturik, baliteke Palestinar Erresistentziak mahaian kolpea eman izana. Kolpe hau, militarki bikain prestatua egonagatik, ez dago arriskuz salbu, eta desesperazio kutsu bat ere soma diezaiokegu. Azken karta jokatzen egongo balira bezala.

Egun oraindik ez dakigu Palestinan gertatzen ari denaren dimentsio erreala, eta ezin aurreikus dezakegu ze garapen izango duen etorkizunean, ez eskualde mailan ezta mundu mailan ere. Badakiguna, ordea, eta inolako zalantzarik gabe, gainera, Palestinako askapen borrokari dagokionez daukagun posizioa da:

Gora Palestinar Erresistentzia! Gora Palestina Askea!