Osotasunaren nozioaz
Uztaila 29, 2022
Bada denbora bat “osotasunaren” auziak ezker iraultzailearen espazio politikoan berriro zeresana ematen duela. Berriro diogu, izan ere, tradizio marxistan errealitatearen azterketaren eta proposamen politikoaren bizkarrezur izan baita osotasunaren nozioa. Interes berritu hori postmodernitatearen zenbait espresioren aurrean erreakzio gisa azaleratu da, hain zuzen ere, kontakizun handiei eta osotasunari lotutako proposamenen ukapena etorri baita horien partetik. XX. mende erdialdetik aurrera eman den proposamen iraultzaileen bereizketa eta partzializazioa, beste arrazoi askoren artean, tendentzia horiei lotua doazela esan dezakegu. Era berean, ezin uka “osotasunera” buelta hori Euskal Herrian “mugimendu sozialista” bezala ezagutzen denaren garapen teorikoari lotuta doala, jadanik estatu mailan sinkronizatuz doazen beste antolakuntza espresio batzuekin batera, bereziki Madril-Gaztela ardatzean eta Herrialde Katalanetan.
Testu honetan gustatuko litzaiguke “osotasun” kontzeptuaz eztabaidatzea. Ez osotasuna bera analisi kategoria bezala aurkaratzeko (Dominazioa bere osotasunean gainditu nahi badugu, osotasun hori ulertzea beharrezkoa zaigu), baizik eta osotasunaren gainean egin daitezkeen irakurketa hertsiak problematizatzeko. Zehazki, “osotasun kapitalista soilaz” mintzatu nahi dugu: hau da, kapitalaren kategorietan soilik oinarritutako osotasunaz. Beraz, gure asmoa osotasunaren konplexutasuna mahai gaineratzea da eta berau ulertzeko eskuragarri izan behar ditugun tresna kontzeptualei buruz mintzatzea.
Horretarako, urte hasieran sareetan irakurri genuen testu batetik abiatuko gara: “¿Por qué leer El Capital como juventud militante?”. Testu hori aukeratu dugu “osotasun kapitalista” oinarri hartzen duen lerro politikoaren abiapuntu teoriko eta marko kontzeptualaren sintesi argia eskaintzen duelako. Testuaren hasieran egiten duten diagnostikoarekin bat gatoz: egun ezkerrak bizi duen egoera kaxkarraren arrazoiak formakuntza, militantzia eta antolakuntza iraultzailean dauden gabezietan aurkituko ditugu, eta hasieran aipatutako gainbehera postmoderno liberalaren eskutik datoz batik bat. “Gaztelako gazte militante” talde batek sinatutako testua izanagatik ere, Gaztelako testuinguruaz harago ere existitzen den errealitatea da, Euskal Herrian ez ezik, Estatu espainiar osoan eta baita Europa mailan ere.
Hau esanda, testuaren mamian sartuz, ondorioztatzen dugu “kapitalismoa osotasun gisa” aipatzen dutenean, egungo jendarteari bere osotasunean egiten diotela erreferentzia; hau da, gaur egungo Dominazioaren osotasunari. Hori hala bada, arazo iturri deritzogu pentsatzeari Marxen Kapitala irakurrita (edota orokorrean kapitalaren kategoriak aztertuta) “osotasun kapitalista” (osotasun soziala) ulertu ahal izango dugula.
Gure ikuspuntutik, osotasun soziala ulertzeko kapitalaren kategoriak ulertu eta aztertzea ezinbestekoa da, baina ez nahikoa. Eztabaidaezina da gaur egun kapitalaren metaketaren logikak jendartearen osotasuna azpiratzen duela, baina bere barnean hartzen duen jendartearen osotasunean ez daude harreman sozial kapitalista “hutsak” bakarrik. Esaterako, sexu-genero banaketa patriarkalak jatorri aurre-kapitalista du. Kapitalaren kategoriak aztertuta uler dezakegu nola kapitalak banaketa patriarkala azpiratu eta bere metaketa interesen arabera bideratzen duen, baina ez nola funtzionatzen duen bereizketa patriarkalak berak. Eta ondorioz, ezingo dugu hura erabat gainditu.
Puntu honetan dago gako esanguratsu bat: zein da modernitate kapitalistaren aurretik jaio eta bere barnean, modu batera edo bestera, bizirik dirauten dominazio forma horien izaera? Klase auzia datorkigu ezinbestean: kategoria kapitalistez harago klase soziala nola ulertzen dugun, eta bere adierazpen gaurkotua zein den.
Horretarako, hasteko ulertu behar dugu Dominazio Sistema ez zela kapitalismoarekin jaio. Modernitate kapitalistaren sorrera posible egin zuten baldintzen orokortzea baino lehen existitzen ziren jabetza pribatua, esplotazioa eta egiturazko bortizkeria soziala. Jendartea jadanik bazegoen jabedunen eta desjabetuen artean banatuta; klase sozialak existitzen ziren jadanik. Izan ere, gaurko Dominazio Sistemaren konfigurazioa historian zehar jendartea zatikatzeko existitutako modu anitzen konbinazioaren sintesia da. Banaketa sozialerako modu horietako bakoitzetik, jabetza pribatua ezartzeko forma bat eratortzen da, prozesu produktiboaren kontrola monopolizatzeko eta bizitza sozialaren erreprodukzioa kudeatzeko era bat; gorputzen eta lanaren apropiazio modu bat. Jendartearen zati txiki batek (klase dominatzaileak) gainontzekoaren (klase dominatuaren) existentzia azpiratzeko sortutako jendartea banatzeko moduak dira. Klase bereizketaz ari gara, hortaz; klase sozialez. Ez baitugu ahaztu behar klase jendarteak, eta ondorioz, klase auziak, kapitalismoak baino dezente mende gehiago duela. Klase auzia, hortaz, kapitalaz askoz harago doa; azken boladan hainbeste entzunak diren burgesia eta proletalgotik harago.
Hori horrela izanik, jendartea banatzeko historikoki agertu den zatiketa moduetako bakoitza jendartearen barnean ematen den klase tentsioaren isla da, dominazioa egikaritzeko modu potentzialetako bat. Horietako bakoitzak bere barne logika dauka (bereizketa zeren arabera egituratzen den), baina guztiek hartzen dute norabide bera: jabetza pribatua esleitzea; gorputzen, lanaren eta produkzio eta erreprodukzio bitartekoen gaineko kontrola, eta guzti horretatik eratortzen den botere sozialaren metaketa. Hortaz, banaketa horietako bakoitzak bere adierazpen material (jabetza eta bizitza sozialaren erreprodukzioa antolatzeko modu zehatz bat) eta kultural eta sinbolikoak izango ditu.
Hau guztia sexu-genero bereizketa patriarkalaren kasuan ikus dezakegu. Banaketa sistema horretan, “gizon-senar” kategoria da, jatorrian pater familias figura juridikoaren bitartez, familia barneko gorputzen eta lanaren kontrola (jabetzarako eskubidea) duena. Modu horretan bereizketa bat sortzen da, zeinetan desberdintzen baitira jabetza patriarkalerako aukera dutenak eta aukera hori ez dutenak, eta ondorioz sexu-genero banaketan desjabetu bezala aurkezten direnak: bereziki emakumeak, baina baita, maila desberdinetan, gizon-senar kategoriarekiko ateak itxita dituzten subjektu guztiak: haurrak, homosexualak, transak... Jabetza dutenen eta ez dutenen (desjabetuen) arteko bereizketa klase banaketarako sistema guztietan ageri da: zatiketa feudalean leinua da jabetzarako eskubidea eman edo kentzen diguna (leinu noblearen jabe direnak, gainontzekoen jaun eta jabe); zatiketa arrazistan, arraza zuria (zuritasunaren jabe direnak, arrazializatuen gainetik); kapitalismoan kapitalaren jabetza (kapitala dutenak, ez daukatenen aurrean). Bereizketa faktore hauek guztiek, izan genero patriarkala, leinuaren nobletasuna, arraza zuria edota kapitala, ez dira naturalak, erabat sozialki eraikiak baizik: harreman sozialak dira, jendartea antolatzeko modu zehatz bat proiektatzen dutenak (jabetza, lana, produkzioa, erreprodukzioa). Hortik bere klase sozial izaera.
Hau guztia historikotasunez janzten badugu, ikusiko dugu dominazioaren adierazpen horietako bakoitza baldintza sozial eta material zehatzetan sortzen dela, aldi berean, aurretik datozenen konfigurazioaren emaitza direnak. Hau da, elkarrekiko ezberdinak izanik ere, lotuak daude, ez dira independenteak; osotasun bakar bat eratzen dute. Hain zuzen ere, Dominazio Sistemaren mugen barnean eratzen den osotasuna, aldatuz eta korapilatuz joan dena bai, baina beti zutabe berberen gainean hezurmamitu dena: jabetza pribatua, giza existentziaren azpiratzea (gorputza-pentsamendua-lana-produkzioa) eta botere sozialaren metaketa.
Honaino helduta, gakoa da atzematea nola doazen eratzen klase banaketarako forma berriak, geruza berri bakoitza nola txertatzen den lehenagotik datorren korapiloan, osotasuna nola moldatzen duen, errealitate estratifikatu berria erdituz. Garai eta leku bakoitzean klase konbinazio hori nola egikaritzen den antzeman behar dugu, zein den klase banaketa bakoitzak testuinguru zehatz horretan hartzen duen indarra; izaera juridikoa mantentzen duen edo de facto jarduten den; zein neurritan islatzen den gorputzetan, pentsamenduan, prozesu produktibo eta erreproduktiboan... Finean, banaketa sistema bakoitzak dituen erreprodukzio mekanismoak ulertu eta identifikatu behar ditugu. Hau da, klase sistema horietako bakoitzak batzuen botere posizioa bermatzen duela ulertu behar dugu, eta beraz, botere posizio hori eskuratzen dutenen klase interesek bere horretan mantentzen diren bitartean, klase banaketak irauteko duen tendentzia betikotuko da.
Testuaren hasierara itzuliz, argi dago gaur egun kapitalak inoiz ez bezalako indar soziala mobilizatzen duela. Dominazioaren inoizko adierazpen unibertsal eta boteretsuena da. Kapitalaren jabetza dutenek (burgesiak), balio formaren izaera abstraktu eta unibertsalari esker, beraien mesedetara daukate giza existentziaren osotasuna, arraza, genero zein erlijioa dena delarik ere. Kapitalak egun eskaintzen duen botere metaketa gaitasuna ez da giza historian zehar inoiz existitu. Klase banaketa batek inoiz ez die jabedun direnei hainbesteren jabe izateko aukera eskaini. Hori dela eta, esan dezakegu kapitalak egun harreman sozialen osotasuna zeharkatzen duela; kapitalaren metaketak ezartzen duen norabideak jendarteko zirrikitu guztiak betetzen ditu. Hortik Marx oro har, eta zehazki Kapitala irakurtzearen beharra, kapitalaren kategorien ulerkeran sakontzekoa.
Baina zorroztu dezagun begirada: dominazioaren erraietan kapitalaren kategoriez harago doazen biolentziaren espresioak daude, ezin daitezkeenak kapitalaren kategoria soilez argitu. Ez dute bere horretan osotasun bat osatzen, eta ez dira bata bestearekiko independenteak, kapitala ere ez den bezala. Alderantziz, Dominazio Sistemak modernitate kapitalistan hartzen duen egungo sintesiaren parte dira, eta horiek ulertzea ezinbestekoa da Dominazioa gainditu eta norabide iraultzailean aurrera egiteko: jabetza pribatuak duen sakoneko erroa eta hartzen dituen forma anitzak ulertzeko (kapitalaren gaineko jabetzaz haratago); mentalitate dominatzailearen egungo konfigurazioa eta osagaiak; lan eta ekoizpen prozesua bere osotasunean egituratzeko modua (lan erreproduktiboa, gainlana, gainekoizpena, gainbalioa); modernitate kapitalistaren jatorria eta ezarpena... Horri guztiari errealitatearen beste arlo bat gehitu behar zaio, kapitalak esku hartuta ageri zaiguna, baina hala ere bere barne logika eta arauak dituena: materia eta energiaren zikloak eta oro har, lurreko bizitza prozesua.
Ados gaude, beraz, osotasunaren nozioak agertoki politiko-ideologikoaren erdigunea hartu behar duela esatean. Edozein saiakera iraultzaileren helburua izan behar da errealitate soziala era integralean, bere osotasunean, ulertzea eta horren araberako proposamen politiko eta organizatiboa eskaintzea. Honakoa, baina, izugarri konplexua den ariketa da. Hori guztia ebazteko kapitalaren kategoriak soilik erabiltzeak irakurketa erredukzionistetara eraman gaitzake, Dominazioaren bazterrak egoki ulertzea baino, errealitate sozialaren interpretazio egokia are gehiago zaildu dezaketenak.