Nazio auzia, abertzaletasuna eta kolonialitatea Euskal Herrian. I.Atala

Sarrera

Nazioa eta aberria garrantzi historiko eta politiko ikaragarri handia izan duten kontzeptuak dira. Frantziar Iraultzatik hona prozesu politiko gutxi aurkituko ditugu ez darabiltenak aberria edota nazioa ardatz nagusi bezala. Hor topatuko dugu kontzeptuoi lotuta doan kontraesan nagusietako bat: erabateko anbibalentzia adierazten dutela. Hau da, esanahi ugariz eta modu oso ezberdinetan definitu izan dira, askotan gauza bat eta kontrakoa adierazi arte. Urrunegi joan gabe, gurean Guardia Zibilak (espainiar estatuaren indar errepresiboen artean bortitzenak), Todo por la Patria darabil lelo nagusi bezala. Juan Paredes, Txiki, ETAkideak fusilamendu pelotoiaren aurrean oihukatu zuen “Aberria ala hil!” horren antzerakoa, Kubako iraultza sozialistako ¡Patria o muerte! famatuaren baliokidea zena.

Batzuetan izaera esentzialistari lotua, herri zaharren betiereko purutasun etniko eta zenbaitetan arrazialaren adierazle. Besteetan eskubide zibil eta politikoei lotua, “kontratu sozialari” lotua, alegia. Edota klase izaera esleituz, Marxek eta Engelsek Manifestu Komunistan zioten bezala: “proletalgoa klase nazional bilakatu behar da”. Deskolonizazio eta nazio askapenerako borroketan, baina baita gerra inperialista eta kolonizazio prozesuetan. Erregimen faxistetan, demokrazia burgesetan zein estatu sozialista ezberdinetan. Nazio auzia modu erabat kontrajarrietan adieraz daiteke, eta horrek gai bereziki nahaspilatsua bilakatzen du: kontzeptualki ia edozer barnebildu dezakeen saski-nahaskia da nazio-auziarena. Batzuetan, askapen prozesuak elikatuko ditu, besteetan, dominazioa eta zapalkuntza hedatzeko tresna bilakatuko da. Aldi berean, halere, zaila da nazioa eta aberriari buruzko irakurketa eta posizionamendu argi bat garatzeari uko egitea. Are zailagoa frantziar eta espainiar estatu inperialisten mugen barruan kokatuta dagoen Euskal Herri honetan. Modernitatearen egituraketa politiko, identitario eta instituzionalean funtsezkoak izan diren kategoriak dira, egun oraindik erabat hegemonikoa den eta indarrean jarraitzen duen Nazio-Estatuaren bihotza osatzen dutenak. Zer diogu, beraz, nazioaz eta aberriaz ari garenean?

Anbibalentzia horri jarraiki, Euskal Herrian bertan euskal nazionalismo eta abertzaletasunak historikoki forma ezberdinak hartu izan ditu. Esate baterako, Sabino Aranak defendatzen zuen ikuspegi arrazista, erlijioso eta baztertzaileari, Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduak (ENAMek) berrikuspen sakona egin zion. Garaiko mundu mailako deskolonizazio prozesuak eta iraultza sozialistak inspirazio iturri bezala hartuta, euskal nazio eta aberria esanahi berriz jantzi ziren. Klase ikuspegia txertatu zen eta EAJk zerabilen esentzialismotik urrunduz, euskalduna ez zen gehiago izan abizen, odol garbitasun edota erlijiotasun katolikoari lotutako subjektua. Euskal aberria Euskal Herri Langileak osatzen zuen. Hartara, gurean abertzaletasunak hartutako forma ezberdin horietan aurkituko dugu analisi honetan jorratuko dugun galdegai nagusietako bat. Alegia, nazionalismo esentzialistatik urruntze prozesuan eta nazio/aberriaren berreraikitze horretan, zenbateraino gainditua izan da ikuspegi kultural-etnozentrikoa? Euskal nazionalismoa (ezker zein eskuin) ez ote dago oraindik euskal baserritar kultura tradizional zuri eta katolikoari lotutako sinbolo identitarioz josia? Ikus euskal dantza, musika, herri kirol edota euskal janzkeren jatorria, gure ekitaldi politikoetan dantzatu, kantatu eta janzten ditugunak. Edota Aberri Eguna bera, Pazko Igandean ospatzen dena, erreferentzia ezin katolikoagoa.

Honek guztiak egungo testuinguruan berebiziko garrantzia du. Olatu migratorio berri batean murgilduta gauden honetan, kultura euskaldun tradizionalarekiko oso ezberdinak diren errealitate kultural, sinesmen eta komunitateak errotuz doaz gure lurretan. Horren aurrean, galdera asko datozkigu burura: lekua ote dauka islamak euskal nazio/aberrian? Eta kultura latinoak? Eta lehenagotik iritsitako andaluz, extremeño edo galegoen ohitura eta tradizioek? Bere garaian heldutako ijito komunitateek? 50-60 hamarkadetako migrazio olatuarekin (espainiar estatua zuena jatorri) azaleratu ziren kontraesanen aurrean abertzaletasun iraultzailea Euskal Herri Langilea sintesira heldu zen. Aurrerapauso oso garrantzitsua izan zen hura, nazio auziak beharrezkoa zuena, baina gure ustetan, ez zen nahikoa izan. Izan ere, abertzaletasunak, oro har, zailtasun handiak izan ditu beti garaiko migrazio olatua (espainiarra) finkatu zen auzo eta herrietan errotzeko. Euskal baserritar kultura tradizionalaren arrastorik geratzen ez zen auzo eta herrietan errotzeko, alegia. Horrekin lotua, urteek aurrera egin ahala, abertzaletasunak eta “euskal kultura” hegemonikoak jendarteko sektore prekarizatu eta arrazializatuenekin bat egiteko gero eta gaitasun gutxiago erakutsi izan du. Ezer egin ezean, gaur egungo migrazio olatuarekin eta jendartearen pobretze orokorrarekin, joera horiek sakondu baino ez dira egingo. Hortaz, bere garaian abertzaletasun iraultzaileak abiatu zuen jatorrizko euskal nazionalismoaren birformulazioan aurrerapauso gehiago eman behar al ditugu? Posible da horrelakorik egitea? Zeintzuk dira horretarako gakoak?

Azkenik, azpimarratu nahi dugu nazio auziak kolonialitatearekin duen lotura estua. Izan ere, nazio auzi orok, nazio edo herri batek beste baten gainean hartzen duen nagusitasunean du jatorria. Hau da, herri batek beste bat kolonizatzeko prozesuak beharrezkoa duen biolentzian, eta horren ondotik pizten den gatazka politikoan. Baina kolonialitatearen auziak nazio jakin bik duten gatazkatik harago doan fenomeno globala barnebiltzen du. Horrela, modernitate kapitalistaren mundu mailako inposaketaren ardatz bezala soilik uler daiteke kolonialitatea bere osotasunean. Baita ere hortik eratortzen diren denetariko biolentzia formen zentzua: ekonomikoa, arraziala, kulturala, linguistikoa... Gurean, XX. mende erdialdetik aurrera mundu mailan emandako deskolonizazio borrokek garrantzi handia izan zuten 1960. hamarkadan gorpuztu zen abertzaletasun iraultzailearentzat. Baita inspirazio iturri bezala ere, Euskal Herri Langilearen eskutik eraiki zuten proposamen berritzailearentzat. Kontua da, hemen ere, oraindik erabat argitu gabeko galderak identifika ditzakegula. Euskal Herria kolonizatutako nazio bezala uler genezake? Kolonia bezala agian? Edo alderantziz, Espainia eta Frantziarekiko duen subordinazioaz harago, mundu mailan izaera inperialista-kolonialista duen nazio bezala ulertu behar dugu? Hots, erdigune inperialistan kokatua delarik, zein da mundu mailan gaur egun duen posizioa eta historikoki izan duena? Zein, euskal langile klase zuriaren eta arrazializatuaren arteko diferentzia posizio horretan? Azken finean, zelan lurreratu pentsamendu deskoloniala eta ikuspegi anti-arrazista Euskal Herriko nazio auzian?

Galdera hauen guztien aurrean aukera bat abertzaletasuna alde batera uztea izan liteke: egungo errealitatea irakurri eta eraldatzeko gaitasunik ez duen, eta hortaz, agortuta dagoen marko teoriko-politikoa dela onartu. Guk zalantzak ditugu. Abertzaletasuna, iraultzailea denean, sozialismoari eta pentsamendu deskolonialari lotua doanean, oraindik mahai joko emankorra izateko potentziala duela deritzogu. Eta horretara dator sarrera honekin zabaltzen dugun analisi testuen seriea, nazio-auziari eta kolonialitateari dagozkion zenbait eztabaidagai mahaigaineratzera: kolonialitatearen gaineko irakurketa, nazionalismoen jatorria, euskal nazionalismoaren agerpen eta garapena, eta azkenik, euskal nazio-auziaren birformulaketan aurrera egiteko proposamena. Esan gabe doa ondoren aurkezten ditugun hipotesi eta proposamenak irekiak direla eta gai hauetan eztabaida politikoa elikatzeko helburua dutela. Azkenik, sarrera testu honen ondoren, datozen asteetan zatika argitaratuko ditugu analisiaren atal ezberdinak. Lehenengoak kolonialitatea izango du hizpide: “Kolonialitatea modernitate kapitalistaren adierazpen goren bezala. Mundu mailako fenomenotik Euskal Herrira: herri kolonizatu ala polo kolonizatzaile?”