Munstroak ala errotak ote, On Kixote?
Abendua 8, 2022
Pasa den irailaren 13an Norvegiako Statkraft multinazionalak, Europako energia berriztagarri ekoizle nagusiak, jakitera eman zuen Gipuzkoan bi parke eoliko ezartzeko asmoa. Berriak eragindako sentsazionalismoaz harago, halako proiektuak hainbat galdera dakarzkigu; batzuk, erraz erantzutekoak, besteak, ez horrenbeste. Goazen, bada, auzia argitzen saiatzera.
Hasteko, askorentzako ezusteko albistea izan bazen ere, Statkraftena ez da egun EAEn mahai gainean dagoen parke eolikoen proposamen bakarra. Hark bultzatutako Itsaraz (Aramaio-Eskoriatza) eta Piaspekoez (Azpeitia-Errezil-Zestoa) gain (horien artean 85,5 MWko potentzia lortuko lukete), beste 12 parke eolikoren eraikuntza dago bidean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, beste 354 MW eskuratzeko. Eusko Jaurlaritzaren Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari begiratuz gero, ikusiko dugu asmoa dela 2030erako EAEn 733 MWko potentziarako instalazioa eraikitzea, lurreko energia eolikoaren bitartez. Zortzi urtetan, ekoizpen eolikoa ia bost aldiz haztea, alegia. Nafarroari dagokionez, beste 30 proiektu daude bidean (beste 980 MW), herrialde horretan jadanik dauzkagun 27 parke eolikoei gehituko litzaizkiekeenak. Iparralden, momentuz, ez dago horrelako proiekturik aurrera eramateko asmorik. Hortaz, Euskal Herrian parke eoliko kopurua biderkatu nahi duen asmo estrategikoaz ari gara; momentuko gobernu autonomikoek zein Estatuak berak diotenetik haragoko indarra duen ekimenaz. Izan ere, mundu mailako kapitalaren birkonfigurazio ziklo baten hasieran gaude, eta horren baitan eguzki eta haize energiaren ekoizpen industrialak berebiziko garrantzia izango du. Funtsezkoa da halako ekimenak aztertzerako orduan atzean dagoen bultzada estrategikoa ulertzea.
Bestetik, badirudi orokortua dela mota honetako azpiegitura energetikoei “berriztagarri”, “berde” edo “garbi” izenondoez laguntzea. Alabaina, haizea bera berriztagarria izateak ez du esan nahi hura aprobetxatzeko modu hori hala izan behar denik. Ez bederen, ikuspuntu energetikotik; izan ere, horiek bezalako haize erroten ekoizpen, garraio, instalazio eta mantenu prozesuan erregai fosilen erabilpen handia egiten da. Baina ezta ere erabiltzen diren materialen ikuspuntutik: ohikoa da lehengaiak periferia kolonialetik erauzitako meatzaritza industrialetik ekartzea, eta horien birziklapena askotan ez da bideragarria. Gainera, instalazioa egiten den lekuan bertan ere, zenbait baliabideren ustiaketa ez berriztagarria egiten da: lur emankorren eta mendiko ekosistema batzuen suntsipena, nagusiki. Hortaz, jatorriz berriztagarria den energia iturri bati buruz ari gara, ekoizpen eredu ez berriztagarri baten bitartez ustiatu nahi dena.
Interesgarria den beste auzi bat Statkraft enpresaren izaera publikoa da, estatu norvegiarraren jabetzakoa baita. Datu hori ezker parlamentarioak (EHBildu barne) berme bezala aurkeztu du, gure lurraldean antzeko ekimenak dituzten beste hainbat enpresen izaera pribatuarekin kontrajarriz (Iberdrola, Capital Energy...). Gure ustez, halakoetan enpresaren izaera publiko formalari baino, berau kontrolatzen duen estatuaren izaerari erreparatzea hobe. Kasu honetan, Norvegia estatu kapitalista garbia izaki, zein neurritan da desberdin, kapitalaren logikari dagokionez, enpresa pribatua eta publikoa? Statkraft enpresak, estatu burges baten jabetzakoa izanik, eta are gehiago, haren mugetatik kanpo diharduenez, esentzialki denaren arabera jardun beharko du: soldatapeko lan indarraren esplotazioaren bitartez funtzionatzen duen enpresa kapitalista. Jardun hori, gainera, gaindiezina zaion baldintza bati lotua joango da: bere kapitalaren errentagarritasuna. Ikuspegi sozialdemokrataren marketinaz jantzirik ere, herritarron erabakimen gaitasuna edota irabazien sozializazioa bezalakoak, ezinbestean, inbertsioaren errentagarritasunaren pentsura egongo dira beti. Gainditu ezin dezakeen kontraesana da hori. Beraz, txarra (estatu kapitalista baten jabetzako multinazionala) eta txarragoa (multinazional kapitalista) izan zitekeenaren arteko ezberdintasunei buruz eztabaidatzea baino, gure ustetan hemen gakoa publiko-pribatu banaketa problematizatzea da. Hots, funtsean logika kapitalista berari erantzuten dioten ekimenez ari garenean, ohikoa zaigun pribatu/publiko dikotomiari eusteak zentzurik ote du?
Eta honaino erraz erantzutekoak ziren galderak: haize errotok ez dira saltzen dizkiguten bezain berriztagarriak, eta sustatzaile bezala, mozorroak mozorro, enpresa kapitalista ororen helburua duen multinazionala ageri zaigu. Alegia, azken helburu ukaezin bezala bere kapitala errentagarri egitea duen enpresa. Hau guztia esanda, energiaren aferaren gaineko analisian sakondu ahala (energiak eskaintzen digun ongizatea, agortzera bidean dauden erregai fosilekiko menpekotasuna, energia ekoizpen orok dituen ingurumen kalteak), ohartuko gara erantzuteko askoz ere zailagoak diren galderak agertuko zaizkigula. Esaterako, EAEn, kontsumitzen dugun energiaren %10 soilik ekoizten dugu1 ; Nafarroan, aldiz, %192 . Zer egin dezakegu egoera honen aurrean? Gauza bat argia da: kontsumitzen dugunaren zati handi bat beste lurralde batetik inportatzen dugun bitartean, energia ekoizpenaren albo-kalteak (guk geuk ukatzen ditugunak, gure mendietako haize-errotak kasu) beste horien gain erortzen dira. Hau da, kolonialismo energetikoa. Bestetik, guk geuk ekoiztutako ehuneko baxu horiek burujabetza energetiko (eta ondorioz, politiko eta ekonomiko) baxuaren isla dira. Gainera, inportatzen dugun energia gehienaren jatorria fosila da; hau da, agortzen ari da, eta aldaketa klimatikoa ekidin nahi badugu, erabiltzeari utzi beharko genioke. Bidegurutze honetan, bi aukera baino ez ditugu: kontsumoa gutxitu ala ekoizpena handitu.
Lehen aukerari dagokionez, argi dago egoera asko hobetu litekeela, jendartea modu efizienteago batean berrantolatuz, baina baita ere beharrezkoak ez diren hainbat gastu ezabatuz, batez ere klase sozial altuen gehiegizko kontsumoari dagozkionak. Klase sozial horiek nekez egingo diote uko beren pribilegioei, eta hor aurkituko ditugu lehenengo oztopoak. Gainera, energia gutxiago ekoizteko aukera bera kapitalismoari berezko zaion etengabeko hazkundearen logikari kontrajarria da, eta ondorioz, funtsean, onartezina zaio. Edozein modutara ere, pentsa dezagun, une batez bada ere, lortu dugula burgesiari dagokion kontsumoa ezabatu eta sistema sozial parekidea eraikitzea, energiaren ekoizpena eta kontsumoa zentzuz kudeatzen duena, eta ez duena behar materia eta energia gastuaren etengabeko hazkunderik. Nahiz eta halako lorpen iraultzailea gauzatu, zaila egiten zaigu pentsatzea posible denik gaur Euskal Herrian bizi garen 3 milioi pertsonentzako bizitza duina bermatzea, egun kontsumitzen dugunaren %10-19 hori soilik ekoitziz. Ez legoke nahikoa janaririk denontzat, ezingo genituzke etxeak ongi berotu, oinarrizko zerbitzuak (garraioa, osasuna, hezkuntza...) desagertuko lirateke. Jendartearen suntsipena litzateke. Eta gure proposamena ez denez jendartearen suntsipenean oinarritzen, ezta ere biztanleriaren zati handi bat desagertzeko beharrean, gai izan beharko ginateke energia gehiago ekoizteko3 . Eta hemendik aurrerako galderak, gero eta labainkorragoak suertatzen zaizkigu.
Zenbat gehiago ekoiztu beharko genuke? Zein da energia kontsumo minimoa, biztanleria osoarentzat bizitza duinak eta kalitatezkoak eskain ditzakeena? Energia ekoizpen orok ingurumenaren gaineko eragina du: lurraldea okupatzea, materialen kontsumoa, hondakinak... Zenbaterainoko kaltea onartu beharko genuke? Bestetik, zein izan beharko lirateke energia iturriak? Erregai fosilak baztertu beharko genituzke, aldaketa klimatikoan duten eraginagatik, sortzen duten kutsaduragatik eta baliabide ez berriztagarri diren heinean, agortuz joango direlako. Nuklearrari dagokionez, fusio energia eta IV belaunaldiko fisio erreaktoreak ez dira, gaur gaurkoz, eta albiste sentsazionalista bezala duten presentziaz harago, energia iturri bideragarria, segurua, ez-kutsakorra ezta berriztagarria. Hortaz, helburua litzateke energia iturri berriztagarrien (eguzki, haize, biomasa, hidroelektrikoa, geotermia) aprobetxamendua lortzea, ezinbesteko bi baldintza betez: aprobetxamendu hori zinez berriztagarri izatea eta izaera demokratiko eta herrikoia mantentzea (zentzu sozialista eta iraultzailean).
Behin hona helduta, galdetzea dagokigu ea zein eskalatan eta zenbateko teknifikazio mailarekin gauzatu beharko litzatekeen energiaren ekoizpenerako eredu hori. Eta baliteke honakoa galdera konplexuenetakoa izatea. Izan ere, eskalak eta teknifikazio mailak gora egin ahala, ingurumen eragina ere handiago izango da, baita ere energia kontsumitzen duten pertsonen alienazio maila (banaketa), ekoizpen prozesuarekiko. Era berean, ordea, produkzio eskala eta teknifikazio maila handiago horrek produktibitatea handituko luke, eta ondorioz, baita soberakinak izateko gaitasuna ere. Eta soberakinaren ondorioz da posible jendartearen konplexutasuna, lanaren banaketa soziala eta funtzio espezializatuen garapenerako aukera. Hau da, jendarte batean medikuak, artistak, irakasleak, zientifikoak edo ingeniariak egoteko aukera, jendartearen zati batek gainontzekoen beharrizanak asetzeko haina soberakin sortzean datza. Horrela, gainontzeko horiek, oinarrizko beharrizanak asetuta dituztela, bestelako lanen garapenera dedikatu ahalko dute beraien bizitza.
Soberakina modu kolektiboan kudeatuko lukeen jendarteari buruz ari garela ulertuta, berau modu desorekatuan banatzea inposatzen duen klase sistemarik gabe, galdera ugari aurkezten zaizkigu. Halako eszenatokiak zenbaterainoko konplexutasun maila izan beharko luke, espezializazioari eta lanaren banaketa sozialari dagokionez? Zein puntura arte uste dugu beharrezkoa dela soberakina ekoiztea, herritarren zati bat espezializatua izan dadin? Zein eskala arte handitu dezakegu energiaren ekoizpen prozesua, jasangarria eta demokratikoa izateari utzi gabe? Produkzio sistema alienatzaile bilakatu gabe? Nola ebatzi eskala-teknifikazioa-produktibitatea-ingurugiro eragina-autonomia faktoreen arteko tentsioa? Edo posible ote da soberakinak ekoizteko gai den eredu energetiko deszentralizatua? Eta behin hona helduta, posible al da soberakin ugari sortzen dituen ekoizpen sistema, eskala edozein delarik ere, erregai fosilik gabe? Garatu ditzakegun energia iturrien artean, zein da bakoitzaren Itzulera Energetikoaren Tasa?
Energiaren auziaz eztabaidatzen dugunean, erantzun gabeko eta kontraesanez betetako galdera hauek guztiak ditugu parez pare. Statkraft eta bere parke eolikoen proposamenera itzulita ere, kontraesan berberak topatuko ditugu. Euskal Herrian sarri entzun dugun leloa da Ez hemen, ez inon, makroproiektu ugariren kontra erabili dena: nuklearrak, AHT, frackinga, Zubietako erraustegia, Aroztegia, eukaliptoak... Horien kontrako mugimenduek (edo behintzat, horien zati handi batek) osotasunean egiten zioten uko proiektu bakoitzari, bere barne logikari. Inork ez zuen aldarrikatzen “Fracking bai, baina ez horrela” edo “gure bailaran eukaliptorik ez”. Ez behintzat, gure interesekoa den inork. Kasu honetan, ordea, konplexuagoa da osotasuna ukatzea, horren adibide, orokortzen ari diren lelo berriak: “Berriztagarriak bai, baina ez horrela” edo “Eolikoak mendietan Ez”. Horietatik ondoriozta dezakegu, beste modu batera edo beste nonbait, baina eolikoak egon, egon behar direla.
Gure aburuz, identifikatutako kontraesanak gainditu artean ezingo dugu sakon eta osotasunean energiaren, eta bereziki berriztagarrien, auzia ebatzi. Ez da egun batetik bestera argituko dugun afera, ez eta guri bakarrik dagokigun ardura ere. Horregatik goian aurkeztutako galderen inguruan sakontzeko interesa duen orori eztabaidarako eta gaia lantzeko gonbita luzatzen diogu.
Hala eta guztiz ere, lurrak gure azpian gira eta bira jarraituko du, eta horrek, mundu honetan gauza bakarra esan nahi du: Statkraftena bezalako proiektu gero eta gehiago aurkeztuko dizkigute. Bai eta inposatzen saiatu ere. Horregatik, dena delako eztabaidei bidea zabaltzearekin batera, berehalako egoera horiei aurre egiteko gai izan behar dugu, erantzun eraginkorrak eskainiz, eta era berean baldintzak jarriz norabide iraultzailean aurrera egiteko. Zentzu horretan, eta gaurko hausnarketarekin amaitzeko, hau bezalako egitasmoen aurrean berehalako erantzun horiek egikaritzeko balio dezaketen gako batzuk aurkeztu nahi ditugu:
- Planifikazioa eta logika kapitalista. Halako azpiegiturek aurretiazko planifikazio bati erantzun beharko liokete, eta ez momentuko interes espekulatiboari. Esate baterako, EAEko egungo Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala oraindik bukatu gabe dago, baina dagoeneko hasiak dira parke eoliko eta eguzki-parke ugari eraikitzeko tramitazioekin. Zentzu horretan, ez dugu ahaztu behar Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen egungo lurralde plangintzarako ereduak (Energia Berriztagarriena barne) arrazionaltasun kapitalistari erantzuten diola erabat, helburu izanik kapitalismoak gure lurraldean egoki eta arazorik gabe aurrera egitea. Beste behin ere: publikoa izanagatik ekimen batek ez dio kapitalista izateari uzten. Horren aurrean, lurralde plangintzaren eredu hori izan behar da gure gudu-zelai nagusietako bat eta bere kontra jo irmotasun osoz. Ahaztu gabe, noski, eta beraz horretan ere indarrak jarriz, maila propositibora salto egiterakoan, goian ebatzi gabe geratu diren oinarrizko kontraesanekin topo egingo dugula: nolakoa izan behar da lurralde plangintza sozialista eta iraultzailea, izaera errealki jasangarri eta demokratikoa edukiko duena? Nolakoa, herritar guztientzako bizi baldintza duinak eta kalitatezkoak bermatuko dituena?
- Berriztagarriak ez diren baliabideak eta ekosistema ahul eta urriak mantentzea. Baliabide horien kontrako kalte atzeraezinak ekidin, batez ere lur emankorrak eta sistema hidrologikoak suntsitzerako orduan. Baita ere interes bereziko ekosistemen gaineko kalteak, bereziki 92/43/EEE Habitat Zuzentarauan ageri direnak.
- Beto eskubidea eta herritarron parte hartzea. Herri bakoitzak bere mugen barruan txertatuta dauden proiektuekiko beto eskubidea izan beharko luke; eta hura, herri galdeketa lotesle bidez ebatziko litzateke.
-Irabazien sozializazioa. Kapitalaren gaineko jabetza pribatu orok zilegitasunik ez duela ulertzen dugun heinean, hau bezalako proiektuek eragindako gainbalio guztia langileon eta eraginpeko lurraldeetako herritarron artean banatu beharko litzateke. Hori izan behar da auziaren gaineko negoziaketa ororen abiapuntua.
- Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurraldearen Plan Sektoriala. Eusko Jaurlaritza, 2021. https://www.euskadi.eus/euskadiko-energia-berriztagarrien-lurralde-plan-sektoriala-egiteko-prozesua/web01-a2energi/eu/ ↩
- Nafarroako Energia Balantzea 2020. Nafarroako Gobernua. http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/58064B90-D979-4F3A-9E2B-1ABE4201E0CD/477025/BalancesenergeticosdeNavarra2020.pdf ↩
- Beste aukera bat litzateke borondatezko aliantza internazionalista saretzea, eta sare horretan, energia ekoizpena beste herrialde batzuetan gauzatzea. Baina zaila dirudi irudikatzea beste herrialde batzuek onartuko lituzketela guk nahi ez ditugun ondorio kaltegarriak. Ez gara orain gai horretan sartuko. ↩