Martxoaren 8a, ospakizun bikoitza, borroka bakarra

Martxoaren 8a emakumeen nazioarteko egun bezala ospatzen dute hainbat erakundek. Beste giro batzuetatik, emakume langileen egun gisa aldarrikatzen da, lehenengokoarekiko desberdintasuna azpimarratuz. Anbibalentzia horrek badu bere arrazoi politikoa; izan ere, ohikoa da hainbat aldarrikapenen jatorria alboratu eta bere egitea instituzioek eta oro har, Dominazio Sistemak, eta horrela, aldarrikapen horien esanahia erabat desitxuratzen dute. Baina badu bere arrazoi historikoa ere, egunaren jatorria argi ez dagoen arren, guztiek jotzen baitute emakume langileek gidatutako borroka eta antolakuntza pasarteetara. Argi ez dagoela diogu, izan ere, egunaren jatorriaren bilaketa arin bat egiten badugu, hainbat erreferentzia agertuko zaizkigu, bere jatorria azaltzen saiatzen direnak.

Alde batetik, 1848an Estatu Batuetan esklabotzaren kontrako konferentzia baten aipua dugu. Bertan ez zieten emakumeei parte hartzen utzi, eta erantzun gisa, Elizabeth Cady Stanton eta Lucretia Mott abolizionistek hitzaldi paraleloa antolatu zuten, milaka pertsona bilduz esklabotzaren kontrako eta emakumeen eskubideen aldeko mitin batean.

Bestetik, 1857an New Yorken ehungintzako langileen greba eta manifestazio erraldoia egon ziren, parte hartzaile gehienak emakumezkoak zirelarik. Egun esanguratsua izan zen, errepresioak ehundik gora hildako utzi baitzituen. Hura bezalako greba ugari egon ziren XX. mende hasiera arte, Estatu Batuetan zein mundu osoan zehar, baita gugandik hurbil ere: Bartzelonan, mende hasieran, 100 greba baino gehiago izan ziren, horietako gehienak ehungintza bezalako sektore feminizatuetakoak.

1911ko martxoaren 25ean beste greba bat egon zen Estatu Batuetan. Grebalariek fabrika okupatu eta ezaguna den sutea gertatu zen. Enpresariek, erantzun gisa, fabrikako ateak itxi zituzten, barruan greban antolatutako langileak giltzapetuz, gehienak europar migratuak. 145 erahildako izan ziren.

Erreferentzia horiek guztiek badaukate politikoki interesgarria den edukirik, noski. Izan ere, guztietan ikus dezakegu emakumeen borrokaren indarra, esplotazioaren aurreko erresistentzia, esplotatzaileen kontrako antolakuntza. Hala ere, badira beste erreferentzia batzuk, antolakuntza eta borroka hori beste maila batean kokatzen dutenak. Bi gertaeraz ari gara.

Alde batetik, Emakumeen Konferentzia Internazionalak aipatu behar ditugu, mundu mailako antolakuntza sozialistaren sinbolo izan ziren Langile Internazionalen parean. 1907an izan zen lehena, Stuttgarten; bigarrena 1911ean, Kopenhagen, eta gehiago ere izan ziren. Lehen bi horietan landu ziren emakumeen bozka eskubidea (langile mugimenduaren garaiko aldarrietako bat zena), gerra burges eta chauvinistarekiko kontrakotasuna eta emakumeen parte hartzea borroka sozialistan. Bertan parte hartu zuten figura komunista garrantzitsuak izan ziren Klara Zetkin, Rosa Luxemburgo eta Alexandra Kollontai, besteren artean. Hirurak gogor jardun ziren emakumeen antolakuntza sozialistan zein mugimendu sozialista mistoan, baita Internazional Sozialisten antolaketan ere. Konferentzia ez-misto horietan nazioarteko antolakuntza bultzatzeko hainbat ekimen eta ideia partekatu zituzten, eta horietako bat izan zen elkarrekin aldarrikatuko zuten emakume langileen eguna. Martxoa zehaztu zuten horretarako hil gisa, konferentziaren urte horretan bertan izandako ehungileen greba eta sutearen omenez.

Bestetik, Sobietar Iraultzaren txinparta izan zen mobilizazioa dugu. Bere jatorri eta arrazoiak bilatzeko dominazio eta erresistentzia historia luzeari errepara diezaiokegu, baita XX. mendea baino lehen eta hasieran egondako matxinada ugariei ere. Baina mundu osoan olatu iraultzaileari bultzada eman zion eta egun oraindik mugarri den gertakari historikoaz ari bagara, Sobietar Iraultzaz alegia, 1917ko martxoaren 8az hitz egin dezakegu (Errusian zerabilten egutegi julianoan, otsailaren 23a). Egun horretan Petrogradon (gaur egungo San Petersburgo) emakumeak izan ziren protagonista. Herrialde osoan haziz zihoan pobre eta aberatsen arteko aldea, ekonomiaren beherakada, gerraren ondorio atsekabegarriak eta gerrarekiko kontrakotasuna, eta gainera, negua eta gosea sufritzen ari ziren herritarrak, baldintza penagarrietan. Testuinguru horretan atera ziren kalera emakumeak, ogia eskatuz, eta batu zitzaizkien herrialde osoko langileak. Egun horretan hasitako altxamenduak lortu zuen, egun gutxitan, Nicolás II.a Errusiako tsarra bota eta tsarismoarekin bukatzea. Horri esker sortu zen urrira arte iraungo zuen behin-behineko Gobernua, beharrezkoa izan zena Urriko Iraultzan sobietarrek boterea eskuratu eta sobietetan antolatutako gobernu herritarra osatzeko. Sobietar Iraultzaren eragileez ari gara, beraz: martxoaren 8an altxatu ziren emakumeez.

Garrantzitsu deritzogu martxoaren 8ari esanahi propioa ematea. Nahiz eta Nazio Batuen Erakundeak 1977an ofizialki izendatu, eta egunaren antolatzaile askok erreferentzia hori eduki, guk ere badugu zer ospatu martxoaren 8an, eta zerikusirik izan dezakeen arren, ez gara ez jatorri, ez aldarri berberez ari. Hortaz, guk martxoaren 8a ospatzen dugunean, gogoan izango ditugu Dominazio Sistemaren erasoen aurrean altxatu eta antolatu ziren emakumeak. Gogoan izango ditugu historian zehar lortu zituzten garaipenak. Gogoan izango dugu emakumeok gai garela aldarri eta mugimendu iraultzaileak antolatzeko, gizonekiko modu autonomoan eta dominatzaileekiko oposizio irmoan. Eta hori oinarri hartuta, aldarrikatuko dugu emakumeok asko dugula borrokatzeko. Asko direla Dominazio Sistemak gu itotzeko dituen moduak, eta asko direla horiek gainditzeko erabili beharreko tresnak. Asko direla, halaber, gaur egun indartsu dauden erresistentzia prozesuak, eta horietan gure indar guztiak jartzeak merezi duela, borrokak merezi duelako.

Gogora ekarri nahi dugu duela oso gutxi, 2022ko azaroa hasieran Berlinen izandako emakumeen mundu mailako konferentzia, bertan parte hartu baitzuten mundu osoko 700 emakume inguruk. Bilkura horrek mundu osoan borrokan dabiltzan emakumeak, euren ideia eta proposamenak batu zituen. Mundu mailako borroken lotura suposatzen dute horrelako elkarguneek, ikaragarrizko indar ideologikoa emanez, bakarrik ez gaudela ikusaraziz. Bada, 2022ko konferentzia hori 1907koaren ondorengo gisa uler dezakegu, emakumeok historiaren hari gorrian egiten dugun ekarpenaren eta dugun paper garrantzitsuaren erakusgarri, emakumeon antolakuntzaren jarraipen gisa.

Beraz, horixe da guretzat martxoaren 8a: emakumeok dominazioaren kontrako borrokara josten gaituen eguna.