Kimua. Ate berri bat zerumugan

Udazken honetan hiru urte beteko dira Kimua martxan jarri zenetik. Denbora honetan zehar jardunaldi, formakuntza, aurkezpen, argitalpen eta analisi ugari egin izan ditugu. Jende askorentzako gure jarduna erreferente bilakatu da, beste askori interesa piztu die: badago mesfidati ikusi gaituenik, eta baita arrotz ere. Euskal Herriak bizi duen momentu historikoan ekarpen ideologikoa egitea izan da gure xedea, antolakuntza metodo eta ereduak entseatu eta herri antolakuntzaren esparruan Herri Egituren proposamen politikoari bidea egin.

2024ko uda honetan, gure sorrerarekin batera ezartzen genituen helburu horietako batzuk beteta eta beste asko bete gabe ditugula, Kimuaren ibilbideari amaiera emateko momentua dela uste dugu. Indarrez hustuta, agur esateko momentua heldu zaigu. Gure buruarekin zintzoak izanda, onartu behar dugu nahiko genukeena baino arinago heldu garela puntu honetara, hasiera batetik masa antolakundea izateko asmorik izan ez badugu ere, arrakasta eta garapen maila handiagoa izateko proiekzioa izan baitugu. Horregatik, ezer baino lehen egindako bide gorabeheratsu horren gaineko autokritika egitea dagokigu. Doala irakaspen bezala aurrerantzean etorriko diren antolakuntza saiakerentzat, zein egun martxan daudenentzat.

-        Lidergotzak eta barne mailako botere harremanak. Antolakunde orotan beti existitzen dira botere posizio ezberdinak. Pertsona orok gaitasun eta jakintza maila ezberdinak dituen heinean, erabateko horizontaltasuna faltsua da. Horregatik, lidergotzaren auzia beti problematizatu izan dugu, baina ez dugu inoiz ukatu. Hots, antolakuntza prozesuetan lidergotza figurak egotea saihestezina da eta zentzu askotan positiboa. Modu egokian kudeatzen ez bada, ordea, etengabeko arazo iturri bilakatzen da, batik bat maskulinitateari eta gizonen izaera patriarkalari lotuta doazenean. Antolakunde asko eta askoren desagerpena horren ondorioz gertatu da historikoki. Eta gure kasuan ere ez gara horretaz libratu. Ez gara gai izan barne mailako oreka horiek eraikitzeko ezta kideon arteko asimetriak modu armoniatsuan kudeatzeko ere.

-        Etika iraultzailea. Aurreko puntuarekin estuki lotuta, hasiera hasieratik etika iraultzailearen aferan jarri izan dugu arreta. Dominazioa ez da soilik kanpo faktore bat (Estatua, burgesia, patriarkatua...): gutariko bakoitzak, sistema honetan sozializatua izanagatik, sistema beraren isla darama bere baitan. Isla horri guk mentalitate dominatzailea deritzogu eta gaur egun, intentsitate eta forma ezberdinak hartuta, guztiongan ageri da bere ardatz liberal-burges, kolonial eta patriarkalekin. Bada, eraldaketa sozialaren auzia ezin da ebatzi makropolitikaren esparruan soilik, Estatuaren gainditzean, bitarteko produktiboen kolektibizazioan... Zapalkuntza eta indarkeria sozialaren ulerkera hankamotz egongo da beti gure ekuazioan ez badugu mentalitatearen (subjektibitatea, pertsonalitatea, emozionalitatea, psikea... bakoitzak topa dezala egokien zaion kontzeptua) auzia txertatzen. Nola lortu artikulatzea, ordea, norbanakoaren gaineko azterketa eta eraldaketa, izaera kolektibo eta formalki antolatua duen prozesu baten barruan? Gure saiakeran etika iraultzaileari eta pertsonalitatearen lanketari buruz aritu izan gara eta metodo, teknika eta tresna organizatibo ezberdinak entseatu ditugu. Irakaspen ugari atera baditugu ere, onartu behar dugu ez dugula behar bezalako erantzunik lortu. Kanporantz, etikaren gai honekin  irudi eta jarrera moralistak transmititu izan ditugu, “koadroaren” gehiagotasun moralarekin. Militantzia sakrifizioarekin eta penitentzia moduko batekin lotzen genuela ulertu izan da askotan. Inoiz ez da izan gure helburua modu horretan jardutea, baina askok horrela irakurri izan gaituzte, eta hortaz, hor badago egiaren zati bat. Era berean, subjektibitatearen analisiari eta lanketari lotutako zenbait teknika ikertzerakoan eta praktikara eramaterakoan hippiarena egiten gabiltzala leporatu digute beste batzuek. Zentzu horretan, kanpo kritikekiko irekitasuna izatea ezinbestekoa dela baderitzogu ere, badakizkigu kritikak etiketa estigmatizagarrietatik ezberdintzen. Dena dela, begiradek erlazio sozialak ekoizten dituztenez (eta sinergia politikoen muga eta potentzialak marraztu), ezin uka genezake bai gure jarrerek, zein gure ingurune politikoan modu bateko hala besteko aurreiritziek, gure ibilbidean eragina izan dutela.

Bestalde, barrura begira, etikaren eta pertsonalitatearen lanketa erdigunean jartze honek antolakuntza prozesua nabarmen korapilatu du, eta Kimuak zuen dimentsiorako zentzurik ez zeukaten exijentzia maila eta konplexutasun organizatiboa garatu ditugu. Apustu ausarta izan da, baina problematikoa: maila teorikoan zentzua eduki zezakeena, baina praktikara eramaterako orduan gabezia larriak izan dituena.

-        Momentu taktikoaren irakurketa eta Kimuaren funtzioa. Gure jaiotzatik garatu dugun irakurketa eta proposamen estrategikoan berresten gara eta aurrerantzean lan egiteko gako ugari hor topatzen jarraituko dugu. Hala ere, baliteke ondo ulertu ez izana Euskal Herriak egun bizi duen momentu taktikoa eta batez ere, horren aurrean Kimuak bete behar zuen funtzioa. Lehenengo eta behin, ziklo berrira “berandu” heldu izanaren oztopoa egon da, gu publiko egin orduko dagoeneko bazeudelako antolakuntza espazio ugari martxan. Ordurako saturatua zegoen agertoki politikoan ez da egon leku askorik. Bestalde, eragile bezala, gure burua “lerro ideologiko” bezala aurkeztu izan dugu beti, ez “antolakunde” bezala. Horretarako arrazoi ideologiko argia izan dugu: gure ustez, prozesu iraultzailearen agentzia herri mailan ebatzi behar da eta gure ekarpenak beti antolakuntza gaitasun estrategikoak herri mailako egituretan eraikitzeko bidetik joan dira. Egia da prozesu iraultzaile berri baten eraikuntza lanetan gure buruari paradigma ideologiko berri bati forma ematen hasteko funtzioa esleitu diogula. Eta hori ez da modu espontaneoan gertatuko; bultzada antolatu eta kontziente baten beharra du. Horretan aritu gara azken urteotan: gai ezberdinak ikertu, ikuspegi estrategiko ezberdin bat eskaini, formakuntzan sakondu edota metodo edota teknika organizatiboak entseatu... Baina inoiz ez diogu gure buruari “antolakunde estrategiko” edo “alderdiaren” izaera esleitu. Alderantziz, antolakuntza tradizio ugarietan existitu den masa eta alderdiaren arteko banaketa hori haustea izan dugu helburu. Prozesuari bultzada eman, baina ez prozesua Kimuaren baitan txertatzeko, baizik eta alderantziz, Kimuak egun betetzen dituen funtzioak herri espazioetan bete ahal izateko baldintzak eraiki. Kontua da herri espazio horietan Kimuak kanpo eragile bezala funtzionatu izan duela: jende askorentzat Kimua “antolakunde estrategikoa” izan da eta horrela irakurria izan da. Baina guk ez dugu horrela jardun izan. Horrek argipen falta eta nahasmena eragin du, jendeak ez baitu oso ondo jakin zein den Kimuaren funtzioa eta zaildu egin du gure egituretan parte hartzea. Horretaz guztiaz gain, guk geuk (Kimuako militanteok) eta baita Kimuan interesa erakutsi duten askok eta askok, laguntzaileak barne, herri espazio horietan buru belarri jarraitu dugu militatzen. Gure ikuspegi estrategikoan espazio horien indartzea lehentasun estrategikoa izan da beti eta horrek, azkenera, Kimuaren ahultzea eragin du. Laburbilduz, Euskal Herriak egun bizi duen testuinguru politikoan ez dugu jakin helarazten zein den Kimuak bete behar zuen funtzio historikoa: ez dugu lortu jendea konbentzitzea funtzio horren beharrizanaz, ezta horrekiko gogo militante bat piztea.

-        Indarren neurketa eta zaintzak. Azkenik, ezin dugu aipatu gabe utzi ez ditugula gure indarrak ondo neurtu eta gure buruari ezarri diogun militantzia erritmoa ez dela jasangarria izan. Ukaezina da azken 20 urteotan, Euskal Herrian behintzat, joera bat egon dela militantzia modu gero eta lausoagoan ulertzeko. Aurreko ziklo politikoaren amaierak horretan pisu handia izan du, baina baita ere orokorragoa den ikuspegi liberala nagusitzeak gure jendartean. Autokonplazentzia, interes indibidualistei lehentasuna ematea, militantzia gure “denbora librean” egiten dugun zeozer bezala ulertzea... Horren aurrean, hasieratik azpimarratu dugu konpromiso eta diziplinarik gabeko militantziak nekez lortuko dituela eraldaketa sozialak. Gure apustua militantzia “bizitza hautu” bezala ulertzearen alde izan da, zeinetan gure bizitzak ez diren banatuak agertzen: militatzen dugun denbora alde batetik, soldatapeko lanari eskaintzen diogun denbora bestetik, “guretzako” daukagun denbora librea bestetik. Gure zerumuga estrategikoan bizi apustu kolektibista izan dugu erdigunean, bizitza-borroka modu integralean ulertuz, osotasun bezala, eta ardatz nagusi bezala hartuta. Horretan berresten gara eta gure ustez zentzua izaten jarraitzen du, baina egun bizi ditugun baldintzetan zaila da oso horrelako bizimodurik praktikara eramatea. Segur aski, norabide horretan arinegi aurrera egin nahi izatea izan da gure akatsa. Izan ere, militantzia “bizitza hautu” bezala ulertze horrek gure egungo bizitzetan zentralak diren elementu ugari alde batera uzten joatea dakar: aisialdiaren zentzu kapitalista, lan asalariatua, militantziatik kanpoko harreman pertsonalak... Hala ere, antolakuntza egitura sendo eta oinarri sozial zabal baten faltan, nork ditu gaur egun hori egiteko baldintza material eta subjetibo-emozionalak? Guk ez behintzat, eta abiatu garen puntutik abiatuta horretan saiatzeak idealismo kutsu handia izan du. Denborak aurrera egin ahala jabetuz joan gara apustu hori ez zela jasangarria: militantzia presioak gure osasun mentalean eragin handia izan du, badago bizitza normalagoa izateko apustua egin duenik (lan asalariatua, familia bat osatu...), aurrera eraman ditugun militantzia bikoitz eta hirukoitzetan beste militantzia esparru lokalak lehenetsi dituztenak... Puntu batera helduta, gure buruak eta gure senide eta gertukoak zaintzea lehentasun bezala hartzea ikusi dugu. Argi dugu ziklo iraultzaile berri baten irekierak eta hedapenak beharrezkoa izango duela askok eta askok bizitza bertan hustea. Hori gabe ez baitago iraultzarako aukerarik. Guri oraindik ez zaizkigu horretarako baldintzak suertatu.

Honaino Kimuaren ibilbide eta amaierari buruzko zenbait hausnarketa eta irakaspen. Badaude gehiago, baina hauek dira gure ustez garrantzitsuenak. Espero dugu erabilgarri izatea. Aurrerantzean gure web orriak martxan jarraituko du (www.kimua.eus) eta baliteke bidean geratu diren testu batzuk argitaratzen joatea. Gure emaila ere zabalik egongo da (kontaktua@kimua.eus) inork  ekarpenik egin nahi badu. Baina Kimuaren ibilbidea agur honekin batera amaitzen da.

Guri dagokigunez, Euskal Herriaren eta desjabetuon askatasunaren alde borrokan jarraituko dugu, bakoitza bere txokotik eta hurrengo abagunearen zain. Kimuak eskaini dizkigun irakaspenak iparrorratz bezala hartuta. Hiru urte hauen ondoren, herri honen etorkizun askerako bideak badu zerumugan beste ate berri bat. Gure existentzia bezain txikia; saiakera iraultzaile oro bezain handia. Hori izan dadila gure ekarpena.

Azkenik, moduren batean edo bestean Kimuaren parte sentitu den orori bihotzez gure eskerrak helarazi nahi dizkiogu.

Besarkada iraultzailea.