Irailak 6, euskal kolonialismoaren eguna
Iraila 7, 2022
Atzo, irailak 6, 500 urte bete ziren Juan Sebastian Elkanok gidatutako nao Victoria Cadizko Sanlúcar de Barramedako portura heldu zenetik. Baten bati, ospatzeko moduko eguna dela otu zaio. Hiru urte lehenago, Espainiako monarkiak finantzatutako espedizioa hasi zuen, “espezieen uharteetara” heltzea helburu zuena, eta munduari itsasontziz bira ematen lehena bilakatu zena. Bidaia hura eta bere getariar kapitaina gogoratu eta ohoratu asmoz, EAEko klase politikoak, EAJ buru, irailak 6 hau jaiegun izatea erabaki du Euskadi marka sustatzeko eta euskaldunon garrantzia historian barrena goraipatzeko asmoz.
Espedizioa bukatu baino 30 urte eskas lehenago heldua zen Kolon lehenbizikoz Abya Yalara, eta europar monarkiek jada gogoz ekin zioten itsasontziratzeari, lurralde eta kultura berriak menderatzeko xedearekin. Modernitate Kapitalistaren zutabeak ezartzeko funtsezko hamarkadak izan ziren horiek, jatorrizko herrietan egindako arpilatzearen, genozidioaren eta esklabizazioaren bitartez eraikiko zena.
Testuinguru horretan, Elkanoren izen ona aldarrikatzen dute askok, espainiar koroaren agindupean aritu ziren “konkistatzaile odolzaleak” ez bezala, bera merkataria baitzen. Enprendedorea. Elkano merkatari soila izanik ere (eta hori ere zalantzan jartzen dugu), ezin banandu merkataritza kolonizazio prozesutik. Alegia, “merkataritza” zen esklaboekin eta ostutako natura-baliabideekin egiten zutena; erregeen eta hastapenetan zen klase dominatzaile berriaren (burgesiaren) aberastasun metaketa ahalbidetzen zuena; edota ukitzen zuten herri ororen asimilazioa eta azpiratze kulturala zekarrena. Hortaz, “merkataritza” hura kolonizazio prozesua zedarritzen zuen beste adierazpen bat besterik ez zen, beste askoren artean. Kolonizazio hura dominazioaren logikak zeharkatua zegoen guztiz, eta beraz, bidean aurkitzen zituen baliabideen eta gorputzen erabateko azpiratzea zuen helburu. Horren adibide garbia litzateke Magallanesen heriotza, espedizioaren lehenengo kapitaina, indonesiar tribu bat menderatzen eta ebanjelizatzen saiatzen zebilela hil zutena. Edota Carlos V.ak espedizio buruei konkistatutako "lurraldeetako gobernadore eta aurreratu” titulua eman izana.
Oldarraldi inperialista hartan euskaldunon parte hartzea ukaezina da. Euskal lurraldeak espainiar eta frantses Inperioek menderatuak eta azpiratuak izan baziren ere, egun Euskal Herria bezala ezagutzen dugunaren baitan bazen gogo inperialista bat. Ez ziren gutxi izan dominazioaren proiektuaren alde bultza egin zutenak. Hain justu, espainiar nazional-katolizismoaren epika faxista eta atzerakoienak euskaldun ugariren balentriak goraipatu ditu beti, koroaren zerbitzura egindako lanagatik, Espainiar Inperioaren loria handitzen lagundu baitzuten. Ezin halakorik uka; Juan Sebastian Elkanoz gain, baditugu Miguel de Legazpi, Filipinen konkistatzailea edo Blas de Lezo, Espainiako Armadako militarra. Hauek bezalako jendilajea ugaria izan zen Abya Yalaren konkistan zein hispaniar monarkiaren itsas nagusitasuna mantentzerako orduan. Azken hau komertzio triangeluarraren nahiz Abya Yalara bidalitako esklabo afrikarren garapenean funtsezkoa izan zen. Euskaldunak ditugu itsasoz bestalde Dominazio Sistemaren adierazpen aurreratuenak odol eta indarrez inposatu zituztenen artean.
Horren guztiaren aurrean, atzo bezalako egunak goraipatzeak ez gaitu ustekabean harrapatu behar. Ez da ausazko erabakia. Euskal eliteek kultura osoak suntsitu zireneko datak ospatzea Dominazio Sistemaren beste adierazpen bat baino ez da, pentsamendu koloniala betikotzen duena.
Baina historian, bakoitzak bere lekua aukeratu behar du. Geurea kolonizazioaren aurrean eutsi zutenekin dago, baita oraindik erresistitzen dutenekin ere. Zibilizazio europar zuriak gizatasuna kendu eta esklabizatu zituen horiekin: merkantzia huts bilakatzea justifikatuta egon zedin basatitzat, hezigabetzat eta primitibotzat izendatutako horiekin. Oraindik euren gorputzetan arrazializazioaren estigma daramaten horiekin gaude, jatorrizko herrietan borrokatzen direnekin zein zentro inperialistara ihes egin behar izan dutenekin, mendeetan barrena haiei lapurtutako aberastasunaren puska baten bila.
Horregatik guztiagatik, ez irailaren 6 honetan, ezta antzeko izaera duten jaiegunetan ere, ez dugu ezer ospatzeko.