Generoaren eraikuntza patriarkala... eta gaindipena? II
Ekaina 21, 2023
Aurreko testuan sakondu dugunez, generoaren eraikuntza patriarkala ezaugarri fisionomikoetatik abiatu da, baina urteen poderioz, sexuaren oinarritik bananduta, generoak berezko izatea eskuratu du, pertsonak sailkatu eta norabidetzeko bidezidor estu bilakatu arte. Bidexka horietatik ibili beharrak gure pausoak eta ibilkera zedarritzen ditu, izan behar duguna erabat markatu eta nahi duguna izaterako orduan mugatzen gaitu.
Honen aurrean, uste dugu bi elementu horiei erantzuna ematen saiatu behar garela: sexu bitarra eta genero bitarra. Zergatik hori? Bada, generoen eraikuntza patriarkala beharrezkoa da emakumeon gorputzen gaineko apropiazioa gauzatzeko. Generoaren eraikuntza sexuen arteko dominazio sozialaren bitartez eraiki da, hau da, ezaugarri fisionomikoetatik abiatuta eta horiek oinarri hartuta, dominaziozko harremanak eraiki, eta horien arabera generoen ezaugarriak eratu dira. Horrekin, berriz ere diogu, ez dugu esan nahi sexuen arteko dominazioa naturala eta saihestezina denik, baizik eta gaur egun sexu-genero sistema ulertzen dugun moduan, oinarri biologiko batean funtsatzen dela dominazio soziala, aipatutako ibilbide historiko osoan zehar indartu dena. Hortaz, askapenerako bideaz pentsatzean, hausnartu beharko da bai sexua eta bai generoa nola ulertu eta eraikitzea nahi dugun; ezingo dugu elementu bat bestea gabe askatu.
Hasteko, ikusi dugun bezala, sexuen irakurketa kulturalki desberdina izan daiteke, denboran zehar aldatu, modu desberdinetan ulertu, baldintza sozialen arabera. Hala ere, funtzio erreproduktibo biologikoa betetzen duten gorputzak badirela argi dago. Horri ezin diogu ezikusiarena egin, are gehiago, badakigunean funtzio biologiko horren gaineko kontrol nahia beharrezkoa izan dela klase sistema oso bat garatzeko, mentalitate dominatzailearen logika haren gainean eraiki dela.
Materialitate horren gaineko kontrola lortu beharko genuke; gu geu, emakumeok, izatea bermatuko dutenak gure erreprodukzio biologikorako gaitasunak ez gaituela dominatu bilakatuko. Nola lortu hori? Garrantzitsua deritzogu kontuan izatea aipatutako errealitate materiala: gure gorputzek lan-indarra ekoitzi eta erditu dezakete, etorkizuneko langileak, etorkizuneko jendartea, bizitza. Edozein antolakuntza eredu sozioekonomikotan, ezinbestekoa. Silvia Federicciren hitzak gure eginez: “emakumearen gorputza kapitalismoaren azken muga da”, baina ez kapitalismoarena soilik, giza existentzia berarena baizik.
Aipatutakoa errealitate aldaezina da, gure gorputzek bakarrik sor dezakete bizitza, muga biologikoa dago gaur gaurkoz, nahiz eta ikusten ari garen geroz eta sofistikatuagoak diren erreprodukzio biologikorako teknikak garatzen ari direla, kolokan jar dezaketenak oinarri biologikoaren ezinbestekotasun hori. Guk ezarritako neurrien bidez bermatu behar dugu aipatutako oinarri biologiko horrek ez duela berriro dominazioaren norabidean lerrokatutako eraikuntza sozialik ahalbidetuko. Xede konplexu eta zaila da honakoa, bai sexuaren gaineko kategoria sozialak ezabatu nahi baditugu, baita kategoria sozial askatzaileak eraiki nahi baditugu ere. Ezin dugu irudikatu inolako Bizitza Askerik, zeinetan behar soziodemografikoen arabera modu batean edo bestean esku hartzen den emakumeon gorputzen gainean.
Goazen, bada, hurrengo pausora: egungo errealitatean ezagutzen dugun generoa. Argi dago emakumeok eta genero disidenteok baditugula ezaugarri sozial batzuk, dominatuaren lekuan kokatzen gaituztenak, eta gizonek, dominatzaileenak. Gure aburuz, generoaren ezarpenak desagerrarazi edota irauli egin behar dira. Esan bezala, genero bitarraren eraikuntzak, gaur egungo rolekin, egitura patriarkalera baino ezin baikaitu eraman; hain zuzen ere, bi generoen betebehar eta izanbeharrak dominazio egiturarako sortuak baitira, batzuk dominatzeko, besteak dominatuak izateko. Emakume kontzeptua ezin da gizon kontzepturik gabe ulertu, eta edukian txertatuta daramatzate antagonikoak diren izaera eta jarrerak, batzuk jendartean baloratuak eta besteak degradatuak; finean, batzuei dominatzaile eta guri dominatu izaera esleitzen dizkigutenak; esleitu, eta horiek betetzera behartu, bazterketaren mehatxupean. Eta ez hori bakarrik, dikotomia horretatik kanpo geratzen diren gorputz eta izaerak jazarriak eta ukatuak baitira. Horretatik askatzeko, bide luzea, esfortzu pertsonal eta kolektibo handia dugu aurretik, zigor sozialei aurre egiteko gai izanik soilik gauzatu ahalko duguna.
Era berean, aipatu gabe ezin utzi azken urteotan generoaren aldarrikapenak hartu duen potentzial iraultzailea. Feminismoak ateak ireki dizkigu emakume eta genero disidente izateaz harro egoteko, kolektibo politiko eta sozial baten parte sentitzeko eta borrokan bakarrik ez gaudela konturatzeko. Gure artean ahizpatasuna garatzeko, emakume eta genero disidente desjabetuok, guztiok sentitzen dugulako patriarkatua gure larruazaleko poroetatik sartzen egunero. Paradoxikoki, posizio horretatik egiten denean generoaren aldarrikapena, antolatu eta subjektu politiko bilakatzen garenean, erreminta iraultzailez hornitzen ditugunean geure buruak, irmo eta autoritatez, esleitutako genero otzan eta sumiso hori deseraikitzen gabiltza.
Gizon eta emakume generoen banaketa zorrotzari, gure izate eraikira hertsiki lotzen gaituenari, hortik ihes egiten uzten ez digunari eta gure egitekoa zurrun ezartzen digunari, ez diguna garapen emozional eta psikologiko osasuntsu bat eratzen uzten, generoen arteko harremana artifizialtasunez bizitzera eramaten gaituen horri, hamaika agindu eta aurreikuspenen arabera jokatzera uneoro... horri guztiari eta askoz gehiagori buelta ematea dagokigu. Guretzat iragarri, zapaltzaile eta ahulgarri den guztiari planto egin eta izaera askatzaile bat eraikitzeko hautua egitea, borrokara batzen gaituzten elementuetan zentratu, gure generoari lotzen gaituztenak albo batera utziz; Bizitza Askearentzat onuragarri diren bereizgarriei eutsi eta genero mandatuek bide horretatik atera gaitzaten ekiditea. Gure generoari aurre egiteak ez du esan nahi, noski, gizontasunari esleitu zaizkion ezaugarri dominatzaileak geureganatzea, baizik eta ahaldunduko gaituztenak garatzea. Gizonek, noski, badute euren zeregina, lan erraza ez dena; botere pertsonal eta autoritarioa ematen dieten ezaugarriei uko egin beharko diete: gure kontrako zantzu txikienaz kontziente izan, generoen araberako dominazioa suntsitu ahal izateko; Bizitza Askeranzko pausoak eman ahal izateko. Ezker ortodoxoenetik, borroka hauei “politika identitario” deitu izan zaie, guztiz desitxuratuz eta zilegitasuna kenduz, gure generoaren esleipena borondatezkoa izango balitz bezala, honen aurkako borroka aldarrikapen indibidual eta partziala izango bailitzan, bere oinarri materiala ukatuz, ezeztatuz generoak hartzen duen dimentsio holistikoa, egunero gure bizitzak zeharkatzen dituena eta Dominazio Sistemak beharrezko duena bere funtzionamendurako.
Beste gako garrantzitsu bat genero zapalduen arteko izaera kolektiboa garatzea da. Zergatik? Bakartuak izatea baita gure ahulezia; gure indargunea taldean baitago, nahiz eta etxeko pribatutasunean zokoratuak izan, emakumeok gure artean elkartzeko joera soziala egon da, betidanik eta ausaz, komunitate ez mistoak eratzekoa, normalean lan domestikoari lotutako espazioetan (merkatuan, arropa garbitzeko harrian…), bertan kontu kontari egoten ziren. Garrantzirik gabeko elementu kulturala dirudien arren, euste emozional handiko espazioak ziren. Hala ere, espazio horiek ez ziren patriarkatuaz salbu egoten eta emakumeen arteko lehiakortasunerako eta gaizki-esaka aritzeko espazioak ere baziren, nor ote zen “emakume txarra”, nork ez zuen betetzen bere emakume paperarekin... Espazio ez-mistoak baziren ere, ez zuten kontzientzia eta norabide iraultzailerik, ez ziren zapaldu izaeratik askatzeko erreminta egokiak.
Aldiz, emakumeen espazio politizatuak sortzeko beti egon izan dira zailtasunak, estatuaren errepresioaren, zein ustezko kideen aldetik eragotzi egin izan baitzaigu elkartzea, eta gure zapaldu izaeratik elkarrekin eragitea. Horren adibide ditugu errepresioari aurre egiteko klandestinoki jardun behar izan diren talde ez-mistoak; esaterako, Araba Sarea, frankismo garaian kartzeletara sartu-irtenetan espioitza lanak egiten zituena, edota Rote Zora Alemaniako talde armatua. Bestetik, baditugu adibideak talde iraultzaileen artean, emakumeen antolakuntza erreprimitu edo debekatu nahi izan dutenak; esaterako, Sobietar Batasunaren garaian izandako antolakunde ez-mistoa, Zenotdel, desagerrarazi egin zuten 1926an, baita idazkaritza femeninoa ere, iraultzaren kohesiorako arriskutsu zirelakoan. Hurbilago, Espainiako guda zibilean, Espainiako alderdi komunistak eta POUM-ek eskatu zuten armada erregulatu eta emakumeak frontetik kanporatzeko.
Saiakera horien eredua harturik, izaera kolektiboa askatasunaren norabiderantz bideratu behar dugu: geure buruen zein gizonen despatriarkalizazioan lan egiteko, geure buruak defendatzeko, gure autonomia eta balioaz jabetzeko, bizitzaren aurrean erabakimena eskuratzeko, gure buruak nola babestuko ditugun erabakitzeko, prozesu politikoetan ahots kolektibo indartsua garatzeko, gure gaitasun ideologiko-estrategikoak berreskuratzeko... Lan handia dugu aurretik, emakume izatearen txikitasun eta ikusezintasunari aurre egiteko.
Horri guztiari ekiteko, badaukagu errezeta (magikoa ez dena, ziurtasun absoluturik eman ezin diguna, bere arriskuak ere badituena eta lan asko dakarrena); pertsonalitatearen lanketaz ari gara. Gure izaeraren argi-itzalak aztertu, traza indargarriak eta ahulgarriak zeintzuk diren bereizi, lehenak hauspotu eta bigarrenak desagerrarazteko egunerokoan kontzientzia hartu eta lan egin, metodologia zehatz batzuen bidez. Eta nola egingo dugu hori? Gizonen kasuan, emakumeon laguntza eta gidaritzaz burutuko duten despatriarkalizazio prozesu baterako prest egotea esan nahi du: euren buruak aztertu, eguneroko jarrera eta joerez ohartu, horiek aldatzeko sakon hausnartutako planak bideratu eta gauzatu. Hori guztia, txikitatik jasotako dominaziorako tendentziari gailentzen utzi gabe. Emakumeon kasuan ere, geure buruak aztertzea dagokigu, gu geu zein inguruko emakumeak gutxiesteko joeraz jabetu, gizonekiko menpekotasuna eta gorazarrea deseraiki... eguneroko elementu txikienaz kontziente izan eta elkarrekin geure buruak aztertu eta aldatzeko prozesua abian jartzea. Horrela, pixkanaka, generoen arteko botere harremanetan fokalizatuz eta horiei buelta emanez, joango gara generoa bera urratuz, generoen arteko harreman osasuntsu bat eraiki arte.
Prozesu honen emaitza, bistan da, jendarte osoarentzat izango da onuragarri. Hala ere, gaur gaurkoz, badirudi emakume eta genero disidenteok dugula batez ere begi bistan aldaketa honen beharrezkotasuna. Eta zentzu horretan, behar horri jarraiki, uste dugu emakumeon lana ere badela gizonen aldaketa prozesua. Izan ere, Dominazio Sistemaren ezaugarri jakin bat aldatzeaz ari gara, beste asko bezala; eta aldaketa horiek guztiak aldaketa nahi dugunon eskutik soilik iritsiko dira. Hortaz, emakumeok izan behar dugu genero aldaketaren motorra, lan eginez bai gure buruen bai gure ingurukoen despatriarkalizazio prozesuetan.
Era berean, generoen askapenerako ezinbesteko erreminta antolakuntzan datza: gizonengandik bereiztean, hain zuzen. Antolakuntza eta erabakimenari dagokionez, emakumeok gizonengandik aldentzeko prozesua egin behar dugu, independentzia eskuratzekoa. Gizonekiko gure generoak garatua duen dependentzia eta azpiratzea gainditzeko, ezinbestekoa da lotura hori apurtu eta era autonomoan gure gaitasunen jabe egitea. Mendeetan zehar esklabo egin gaituzten baldintza material eta psikologikoei buelta emanez soilik lortuko dugu gure askapena. Horretarako, antolakuntza politikoaren ereduan zein gure egunerokoan egin beharreko lanketa daukagu.
Emakume eta genero disidenteok modu independentean antolatzeaz, marko autonomoez ari gara, gure gaitasunak garatu eta gure erabakimena borroka prozesuaren zentroan kokatzeaz. Gure erabakiak gizonen eraginpetik at hartzen ditugula bermatu behar dugu; influentzia maskulinoetatik askatu, erremintak garatu erabakimen metodologia autonomo, kontziente eta kolektiboak eskuratzeko, gure bide-orri taktikoa garatzeko, genero zapaldu desjabetuaren ikuspuntutik. Era berean, gizonekiko dugun jarrera pertsonala ere aldatu behar dugu. Ematen diegun boterea kendu, konplazentziarako joera aldarazi, itsu-itsuan arrazoia emateari utzi... Elkarrekiko harremana errespetuzkoa, menpekotasunik gabea eta parekidea eraiki. Horrek barne hartzen du harreman sexu-afektiboen arloa; izan ere, esparru horretan garatzen dira harreman sakonenak, eta ondorioz, aipatutako elementu toxikoak txertatuen egoteko arriskua dutenak. Gizonekiko konplazentziari uko egiteaz ari garenean, konplazentzia sexual eta emozionalaz ere ari gara, noski. Eta horri buelta emateko, harreman mota horien berrikusketa beharrezkoa da.
Antolakuntza eta harreman pertsonalen eredu aldaketa kolektiboki eta norabide iraultzailean burutzea ezinbestekoa da. Nahiz eta norbanakoen lanketak baduen zentzua eta balioa, antolakuntza prozesu baten barruan egiten den prozesuak balio eraldatzaile handiagoa izango du, hori baita antolakuntza eta iraultza prozesuen zeregina: jendartea eta etorkizuna aldatzeko lan egitea, eragitea. Bakarka amestu ere ezingo genukeena, talde lanaren bitartez lor dezakegula ondo erakusten digute borroka prozesuek.
Ezinbestekoa da, modu berean, barne egitura eta harreman interpentsonaletatik haragoko borroka kolektiboa bideratzea, Dominazio Sistemarekiko gure posizio erlatiboa hobetu eta bizitzeko bitartekoak eskuratzen joatea, beharrezkoa denean konfrontazioz, ezagutzen dugun sexu-genero sistemaz gaindiko espazio osasuntsu eta seguruak eratuz. Bestela, autokonplazentziara bideratutako ekimen bilakatzeko arriskua dago, norbere ongizatea eta aitorpen soziala bilatzekoa, sozializazio espazio huts bihurtzeko borroka komunitatea zena... Joera indibidualista eta erreakzionarioak errotuta ditugu, liberalismoaren logikak, txertatuta, eta elementu iraultzaileak galbideratzeko arriskuan jartzen gaitu. Hortaz, ezinbestekoa da helburu iraultzaileari eusten diogula bermatzea, kidetasunean eta borrokan oinarrituta, diziplina eta konpromisoz, ortzi-muga politikoa galdu gabe.
Laburbilduz, aipatu lanketak antolakuntza prozesu baten barruan egituratzeko deia egiten dugu, eta era berean, existitzen diren antolakuntza prozesuek bere gain hartzea aipatutako lanketak. Soilik ondo antolatutako herriak lor baititzake helburu handiak. Eta soilik patriarkatuari aurre egiten dion borroka prozesuak lor baitezake norabide iraultzailean aurrera egitea.