Emakumeok lehen lerrora. Marko Autonomoen abangoardiaren beharraz

*Hasierako argipena, genero disidenteei zuzendua: testu hau idatzi dugunok emakume bezala sozializatuak izan gara eta jendarteak emakume bezala irakurtzen gaitu. Nabaria da hortik idatzi dugula.

Zentzu horretan gure testua hankamotz dago. Izan ere, emakumeaz gain, genero disidentziaren kategoria politikoa dagoela ulertzen dugu. Dominazio Sistemaren espresio patriarkalak biolentzia espezifikoa erreproduzitzen du zuen gain: ez duzue, emakumeok ez dugun bezala, botere patriarkala egikaritzeko baldintza material eta sozialik.

Hori dela eta, emakumeak eta genero disidenteak lubaki berdinean gaudela uste dugu. Testuan zehar garatuko dugun marko autonomo eta hauen abangoardian paper oso garrantzitsua duzuela pentsatzen dugu. Gaur gaurkoz, alabaina, Kimua barnean ez dago genero disidenterik. Ez dagokigu guri zuen izenean hitz egiterik, urrun gaude zuen larruazalean bizi dituzuen esperientziak bizitzetik, bai eta honetatik garatu dezakezuen analisia egitetik ere. Beraz, ongi etorriak zarete, ekarpenak gehitzera eta gurekin bat egitera ere.


Ez dago iraultza posiblerik, emakumerik gabe.

Baieztapen horrekin hasten dugu gaurko artikulu hau, hurrengo lerroetan zehar garatuko duguna. Era berean, iraultza prozesuan emakumeok izandako paperaz, marko autonomoen beharraz eta hauen abangoardiaz arituko gara. 

Aurrekoa bezalako baieztapen irmoa egiterakoan, analisi bat garatzeko beharrarekin aurkitzen gara. Iraultzaz pentsatzean, burura etortzen zaigun lehen aurpegia ez baita emakumezkoa. Prozesu iraultzaileen historiografiari so egitean konturatuko gara emakumeok betetako paperari ez zaiola ikusgarritasunik eman. Gehienetan, lehen lerroko posizioetatik urrun, iraultzaren biziraupenerako beharrezkoak izan diren ezkutuko lanetan eman dugu bihotza eta bizitza. Hau azaltzeko arrazoi ugari daude, eta denak patriarkatuan errotzen dira: izan gure sozializazioagatik ez garelako indarrekin topatu geure burua lehen lerroan kokatzeko; izan lehen lerro hori hartzerakoan inertzia sozialek gidatuta, kolektiboak gutxietsi egin gaituelako edota espazio horietan ez garelako eroso eta seguru sentitu; izan zaintza lanek oztopatu egin digutelako paper aktibo bat hartzea militantzian… emakumeak bigarren lerroan kokatuak izan gara prozesu iraultzaileetan.

Lehenik eta behin, emakumeok teloiaren atzean egindako lana goraipatu nahiko genuke; milioika emakume anonimorengatik ez balitz, ezinezkoa izango bailitzateke iraultza pentsatu ere egitea.

Izan ere, jendartearen lan-indarraren erreprodukzio domestikoan espezializatu gaituzte eta testuinguru patriarkaletan jokatzen dugun rola errepikatu da prozesu iraultzaileetan ere: osasun-langile lanak egin izan ditugu; kideen sostengu fisiko, emozional eta sexuala bermatu izan dugu; familia aurrera eraman izan dugu etxeko gizonak frontean, klandestinitatean edo sasian zeudela…

Honekin adierazi nahi duguna zera da, historiako pasarteek militante armatu ikonikoak gogora ekartzen badizkigute ere, edozein prozesu iraultzaile kolektiboa dela, mota guztietako lanen konbinaketaren emaitza. Hura aurrera eramateko ezinbesteko baldintza izan da emakumeon lan ezkutua; horren balioa azpimarratu nahi dugu. 

Era berean, gogora ekarri nahi ditugu esperientzia iraultzaileen bidezidorretan protagonismoa izan duten emakume guztiak; bakar batzuk, gutxiengoak, lehen lerroan aritu direnak eta iraultzaren gidaritzan parte hartu dutenak, historiaren orrialdeetan dauzkagu. Asko izan dira, era berean, prozesu iraultzailean antolakunde ez mistoetan militatzea hautatu duten emakumeak, autonomia osoa zutenak; edota antolakunde politiko edo militarren estrategiaren pean, modu ez-mistoan antolatu izan direnak. 

Emakume hauek eredu bezala hartu eta iraultzan eman diren inertzia patriarkalekin apurtzeko ordua heldu da: iraultzaren lehen lerroa hartzekoa. Baina ideia horren inguruan sakondu aurretik, emakumeok iraultzan hartu beharreko paperaz hausnartzeko, iraultza bera zer den definitzea dagokigu. Iraultza prozesu integral eta sakona da; gure oinarrizko liburuxkako zita ekarriz: Errealitate sozialaren baitan ematen diren biolentziazko harremanak identifikatu, berauek osotasun bezala ulertu eta osotasun hori errotik gainditzeko helburua daukan prozesu politiko konplexua da iraultza. (…) Zerumuga estrategikoa (...) dominazio ororekin amaitzea da, esplotaziorik gabeko jendarte askea eraikitzea; inolako klase banaketarik gabe, genero eta arrazazkoak barne. Eta horretarako, dominazioaren errora jo behar dugu: jabetza pribatua eta harekin batera datorren dominazioaren mentalitatea, gurean pentsamendu liberal-burges, patriarkal eta arrazistaz osatua dagoena.

Ulertu behar da, beraz, Kimuaren helburu estrategikoaren baitan dagoela mentalitate dominatzailea eraistea. Hori da gure erroetako bat iraultza egikaritzeko.

Izan ere, gure izaeraren eraikuntzan Dominazio Sistemak balio marko bat ezarri du, eta egunerokoan birproduzitzen ditugun pentsamendu eta jarrerak Bizitza Askea eraikitzeko oztopo dira. Beraz, ezinezkoa da balio marko eta jarrera horiek aldatu gabe, dominaziozko harremanak birproduzitzen jarraituz, inolako iraultzarik gauzatzea, ez behintzat guk iraultza ulertzen dugun moduan.

Helburu horren erdiespenerako, gainera, ez dugu etapismo batean sinesten: ez dugu uste bideragarria denik behin “Neguko Jauregia hartuta”, kultura parekiderako proposamen politikoa ezartzen hastea; iraultzaren beraren arrakastarako eta Bizitza Askerako ezinbesteko pausotzat jotzen dugu gaurtik mentalitate dominatzailea lurperatzeko eremua aitzurtzea.

Hau azaltzea ezinbestekoa da, iraultzaren ulerkeraren arabera, emakumeon papera aldakorra izan daitekeelako. Beraz, argi utzi nahi dugu: iraultza ezinezkoa da gurekiko biolentziazko harremana eta hori bermatzen duen mentalitate dominatzailea ezabatu gabe.

Helburu hori lortzeko baldintza emakumeok prozesu iraultzailean sakontzea da. Emakumeok bakarrik hausnartu, diseinatu eta gidatu dezakegulako gure biolentziaren aurkako borroka. Eta bakarrik prozesu iraultzaileak eskainiko dizkigulako borroka hori burutzeko tresna eraginkorrak.

Hala ere, aipatutako sakontze hori ez da ausaz etorriko; emakumeok, subjektu debaluatu historiko moduan, zailtasunak eduki baititugu kultura militanterako saltoa emateko eta modu proaktiboan parte hartzeko, aurretik aipatutako arrazoi guztiak direla medio. Antolakunde iraultzaileetan emakumeok gutxienekoak izan gara, parte hartu dugunean gure papera ez da ikusgarria izan eta sukaldeko lanera mugatu izan gara.

Beraz, espontaneoki gertatuko ez den prozesua izaki, kontzienteki eta gure esku dauden erremintez baliatu beharko dugu emakumeon militantzia indartzeko. Horietako bat marko ez-mistoen sorrera da. Historian zehar asko izan dira estrategia iraultzaile beraren pean modu ez mistoan antolatzeko beharra ikusi duten emakumeak. Gaur egun Euskal Herrian ere honen adibide diren taldeak ditugu: mugimendu sozialistaren lerroan kokatzen den Itaia edo Jardunen barruan dagoen ekimen feminista.  Azpimarratzekoa ere, Euskal Herriko Bilgune Feminista, esparru ugarietako emakume asko eta askotarikoen hausnarketak biltzen dituen egitasmoa. Izendatu gabe ezin utzi organikoki antolakundeekin loturarik ez duten eta mugimendu feministan antolatzen diren talde ez-mistoak, modu guztiz independentean jarduten dutenak.

Kimuan ere honen sorreraren beharra ikusi dugu: emakumeon egitura autonomoa.. Gure ustez, arrazoi asko ditugu horrela antolatzeko:

Alde batetik, gizonik gabeko erabakimen espazioak generoaren araberako botere dinamikarik gabeko esparrua errazten du, eta bertan dihardugun kideon parte hartzea eta ahalduntzea bultzatu, beste modu batean militantzian inplikatuko ez liratekeen kideak batzea ere baimenduz. Erabakimen espazio propio horrek ahalbidetzen digu estrategiaren lanketa, normalean gure irismenetik kanpo geratzen dena, guk geuk gauzatzea: erabaki eta diseinu estrategikoa eta horren aplikazio taktikoa garatu eta proposatzea eta honekin batera, agenda propioa diseinatu eta gure erritmo propioak markatzea.

Bestetik, egitura autonomoak bermatzen du espazio mistoan emakumeon ahotsa kolektiboki ordezkatua egotea, gure hitzari indibidualki hartuko ez lukeen transzendentzia eta oihartzuna emanez.

Bukatzeko, marko honen betebeharra Kimuan parte hartzen duten gizonen despatriarkalizazio prozesua ziurtatu eta gainbegiratzea ere bada; betiere prozesua aurrera eramatearen lan karga gizonei esleituz.

Alabaina, ez dugu uste egitura autonomoa sortzearekin nahikoa denik. Genero disidente zein emakumeok egitura ez misto horiek baliatuz, prozesu iraultzailearen abangoardia izan behar dugula ere sinesten dugu.

Abangoardiaz ari garenean, lehen lerroa hartzeaz ari gara, jatorrizko avant-garde hitz frantsesak dioenarekin bat. Leninismo autoritarioenetik datorkigun abangoardiaren ulerkeratik urrun, ez dugu abangoardia “Egia absolutuaren” jabe denarekin lotzen. Lehen lerroa hartzea, jendartean ohikoa ez den konpromiso eta ardura militantea hartzearekin lotzen dugu. Dominazioaren munduarekin hautsi eta paradigma politiko berri baten proposamena mahaigaineratu eta horretan lanean diharduena. Iraultzarako grina, zapaltzen duen lurrean bertan ereinez dabilena. Horrela, gaur egun bide iraultzailean pentsatu eta ekiten duen oro jendartearen gehiengoarekiko abangoardia posizioan legoke. Hau da, ez dago abangoardia iraultzaile bakarra (gurea), baizik eta aurre hartze horretan saiakeran dauden eragile eta lerro ideologiko ezberdinak.

Hala ere, abangoardia posizioan egoteak iraultza berarentzako dakartzan arriskuen jabe izan behar gara, eta horiek ekiditeko bitartekoak jarri. Izan ere, ia saihestezina da abangoardiak erreferentzialtasuna eta boterea metatzea; horiek egoki kudeatzean dago koska, ez daitezen egolatria, tirania eta zekenkeria bihurtu. Bilakaera hori saihesteko, beharrezkoa da abangoardiak kritikatua izateko prest aurkeztea bere burua, eta denbora guztian kolektiboaren mesedetan lan egitea.

Gure azken helburua, betiere, klase desjabetu oro norabide iraultzailean arraun egitea litzateke, horren baitan organizatu eta ekitea. Abangoardia beraren patua, beraz, bere desagerpena litzateke, hots, herri borrokalari eta antolatuan desegitea.

Gure ideiarekin jarraituz: hainbat dira abangoardia emakume eta genero disidentziaz osatuta egon behar dela adierazteko arrazoiak:

Lehenik eta behin, emakumeok lideratutako prozesua bakarrik izan daiteke iraultzailea. Horrek ez du esan nahi gizonek antolakuntza espazio iraultzaileetan parte hartu ezin dezaketenik. Kontua da parte hartze horretan ohikoa duten lehen lerroan lekua utziz joan behar direla eta beraien abangoardia funtzioa despatriarkalizazio prozesura bideratu. Izan ere, jendarte patriarkaletako kide orok despatriarkalizazioaren beharra badugu ere, gizonezko bezala heziak eta irakurriak direnak dira botere sozial patriarkala metatzen dutenak, eta pribilegio posizio horretatik, lan gehien egin beharko luketenak mentalitate patriarkala eraisteko.

Horregatik hain zuzen ere, pentsatzen dugu gizonezkoen egitekoa abangoardia posiziotik, despatriarkalizazio prozesua aurrera eramatea dela. Horretan izango dira erreferente beste gizon batzuentzako, mentalitate patriarkalaren deseraikuntzako bidean. Era berean, “elkarbanatutako” abangoardia horretatik, emakumeon lidergotza sustatu beharko lukete, despatriarkalizazio prozesuaren parte moduan. Bestela, jendarte patriarkalak botere guztia esleituko dio gizonari eta emakumearen gainetik kokatuko du, nahiz eta biek lidergotza posizio berdinetik borrokatzen duten. Boterearen ukapen ikusgarri eta esplizitua egon behar da.

Beste alde batetik, ahalduntze ariketa moduan identifikatzen dugu geure burua abangoardiaren arduran kokatzea; sexu-genero banaketa patriarkala bera deseraikitzeko ezinbesteko pausu gisara. Gure generoari esleitutako izaera subordinatuak iraultzarako ezinbestekoak diren gaitasun batzuetan herren utzi gaitu: ikuspegi estrategikoa, lidergotza gaitasuna, erreminta analitikoak, teorian sakontzeko ahalmena, oratoriarako eta debaterako trebezia... Gure buruak lidergotza posizioan jartzeak gaitasun guzti horiek garatzera eramango gaitu.

Horrekin lotuta, puntualizazio bat egin nahiko genuke; izan ere, egon badaude emakume eta genero disidente militante erreferente ugarien izenak historiako pasarteetan, baina asko eta asko genero auzian zentratuak, “eurenean espezializatuak”. Lehenik, ezin dugu patriarkatua “geure” kontu modura ulertu; ez da borroka sektoriala, errokoa baizik, eta beraz, edozein antolakunde iraultzaileren lehen lerroan egon beharrekoa. Era berean, genero zapaldu izateak ez gaitu soilik genero auziaz teorizatu eta horren gaineko praktika politikoa diseinatzera eraman behar; iraultza egin nahi badugu, ezinbestekoa izango zaigu Dominazio Sistema ulertzea, bere konplexutasun eta osotasunean.

Generoari esleitutako izaeraren haritik jarraituz, zentroan kokatu nahi ditugu emakumeari dagozkion ezaugarri sozial batzuk, eta horien potentzialitate iraultzailea azpimarratu. Orain arteko prozesu iraultzaileek ez dituzte indargunetzat aitortu ondoren azalduko ditugunak; gure esku dago, beraz, balio horiek antolakuntza militantean txertatzea, gure praktikaren erreferentzialtasun eta lidergotzaren bitartez.

Ezin dugu Bizitza Askerako bidea kontzebitu kideekiko enpatia eta zaintza zein emozioei beharrezko lekua utzi gabe, ezta ere bigarren lerroan, ezkutuan egiten diren bestelako lan guztiei. Horiek dira lan ikusgarria sostengatzen dutenak, eta azken finean garaipenari eutsiko dioten zutabeak. Indarrez hustu izan dira balio horiek, ahultasunari lotuak, iraultza prozesuarentzako kaltegarri gisa. Ziur gaude historiako borroka esperientzia desberdinetan kamaraden artean balio horiek egon direla; izan ere, horiei esker existitu ahal izan dira antolakundeak, iraultza prozesuak eta garaipenak. Baina uste dugu naturaltasunez eta inertziaz eman direla, ez ordea antolakunde iraultzaileek bere programan lehenetsi dituztelako. Ondorioz, ez zaio espazio bat eman formalki, modu antolatuan eta oinarri komunekin hori guztia lantzeari. Prozesu iraultzailearen ahulgunetzat hartzen dugu hori, aplikatu beharreko irakaspentzat; etika hori baita, askotan, garaipena eta porrotaren arteko aldea markatzen duena. Beti sumisotzat hartu diren ezaugarri horiek, botere moduan erabiltzeko unea da. Iluntasunean mantendu denari argi iraultzailea emateko garaia.

Azkenik, justizia historikoaz ere ari gara emakume eta genero disidentziaren abangoardia aldarrikatzen dugunean; ukatu zaigun lekua hartzeaz. Ez dugu gomutan genero zapalduok gidatutako esperientzia iraultzaileen adibiderik eta potentzial handiko ekarpentzat hartzen dugu horiek deskubritu eta orainean berriro biziaraztea.

Hausnarketa hauen guztien ondorio gisa, Kimuako Marko Autonomo (MA) moduan aurkeztu nahi dugu geure burua. Ekimen irekiez eta argitaratzeko ditugun analisiez gain, gure ekarpen publikoetako bat izango da emakume iraultzaileen biografiak argitaratzea, beren izena eta izana oroitu eta omentzeko, ahazten duguna soilik hiltzen baita.

Eta zuoi, kideok, antolatutako emakume eta genero disidenteak, ekin aurrera iraultzaren bidean, hartu zuen lekua.

Ez baitago iraultza posiblerik, gure abangoardiarik gabe.

Kimuako Marko Autonomoa