Ekainak 28. Generoak bandoz aldatu zuenekoa

"Noiz ikusi duzu marikoi batek kontraerasotzea?... Orain garaiak aldatzen ari dira. Asteartea ergelkerietarako azken eguna izan zen… Gailentzen zena zera zen: mierda honek bukatu behar du!"
Istiluetako parte-hartzaile anonimoa

1969ko ekainak 28, goizaldeko 1:20ak. Christopher kaleko 51 eta 53 zenbakiak, Greenwich Village auzoa, New York. Stonewall Inn taberna. Bertan, LGBT komunitatearen adierazpen askatasunerako gertaera erabakiorra jazo zen.

Bigarren Mundu Gerra bukatuta, estatubatuar andanak desio sutsua sentitu zuen “gerra baino lehenagoko ordena soziala berreskuratu eta aldaketaren indarrei mugak jartzeko”. Joseph McCarthy senatari errepublikanoaren aginduari men eginez, komunista eta anarkistez gain, “antiestatubatuar” eta “subertsibotzat” hartu zuten kolektibo gay-a ere. Ustea omen zegoen “ekintza perbertsoak agerian egiten zituzten horiek pertsona normalen oreka emozionala faltan zutela”. FBI-ak homosexual ezagunen izenen zerrendak egin zituen, non eta norekin ibiltzen ziren jakiteko; EEUU-ko posta zerbitzuak eduki homosexualarekin zerikusia zuen materiala bidaltzen zen etxebizitzen erregistroa egiten zuen; gobernu lokal eta estatalek LGBT kolektiboari zuzendutako tabernak ixten zituzten, euren bezeroak atxilotu eta egunkarietan euren aurpegiak salatzen zituzten. Kontrako generoari zegozkion arropak eramatea debekatu zen; jazarpen laboral, fisiko, soziala jasan zuten genero disidenteek, bai eta asko kartzeletan eta ospitale psikiatrikoetan atxilotu ere (1974. urterarte egon zen DSM Psikiatriako erreferentziazko gidaliburuan homosexualitatea pertsonalitatearen trastorno soziopatiko moduan etiketatua, oraindik ere “genero disforia” horrela hartzen da).

Haztegi horretan, LGBT kolektiboak inolako zigorrik jaso gabe existitu eta adierazi nahi bazuen, klandestinitatean izan behar zen. Horren adibide Stonewall Inn taberna daukagu, zeina sexu adierazpen askatasunerako leku entzutetsuena bilakatu zen New York hirian; izan ere, trabesti, transgenero eta transexualak dantzan aritzeko baimenduta zeuden espazio bakarra zen. Gainera, mota honetako beste lokalak ordaindu ezin zutenek hemen aurkitu zuten babesa, gazte etxegabe askok, besteak beste. Era berean, bezeroen gehiengo bat arrazializatua izateagatik bestelako espazioetan jazarria zen.

Establezimenduaren jabea mafia zen, Genovese familia, eta honek polizia erosten zuen taberna itxi ez zezan. Hala ere, alkohola saltzeko baimena faltan zutela aitzakia hartuta, sarekadak ohikoak ziren Stonewall Inn zein inguruko beste pubetan. Sarekada arrunt batean argiak piztu egiten ziren eta bezeroak ilaran kokatuta, euren identifikazio dokumentuak eskatzen zitzaizkien. Dokumentu hauek faltan zituztenak edo ez zegokien arropa erabiltzen zutenak atxilo eramaten zituzten (askotan komunetan biluzarazi egiten zituzten euren genitalak “koherenteak” zirela egiaztatzeko).

1969ko ekainak 28a horrelako beste sarekada bat gehiago izan beharko zen, baina ez zen horrela izan. Bezeroek genitalak erakusteari eta identifikatuak izateari uko egin zioten eta poliziek bertan zegoen oro komisaldegira eramatea erabaki zuten.

Atxilotuak eta konfiskatutako alkohol botilak eramateko furgoi polizial gehiago itxaroten zeudela, agenteek hamarnaka pertsona aske uztea erabaki zuten, baina hauek, euren etxeetara joan ordez, tabernaren kanpoaldean geratu ziren. Pixkanaka, jendea hurbiltzen joan zen ehunka lagunez osatutako taldea egin arte. Hasieran, umorez zipriztindutako zirikak eta kantak zirenak, haserre eta amorru bilakatu ziren. Antza, bollerek hasi zuten eztanda ekarriko zuen liskarra, besteen artean, indarkeria polizialaren aurrean Stormé DeLarveriek eduki zuen jarrerari esker (gerora, “LGBT komunitatearen Rosa Parks” moduan ezagutuko zena). Stormé eskuburdinak estuegi zituela kexatu zenean, poliziek buruan kolpe bat eman zioten. Horrek, hasieran Stormé eta gerora bertan zegoen jendetza sutu zuen eta egoerak leher egin zuen. Bertaratu ziren 500-600 manifestariek eskura zuten guztia jaurti zuten, autoak irauli zituzten errepidea mozteko, kotxe polizialetako gurpilak zulatu, Stonewalleko leihoak apurtu zituzten eta bertatik, taberna barrura erregaia isuri eta su emandako jaurtigaiak bota zituzten poliziak barruan gotortuta zeudela.

45 minutu igarota, suhiltzaile eta istiluen kontrako unitatea heldu ziren Christopher kale inguruetara poliziak laguntzeko. Heldu berri ziren segurtasun-indarrek, ordea, nekez eraman zituzten manifestariak atxilo eta pixkanaka, haserretutako jendetza sakabanatzen saiatu baziren ere, kaleak euren kontrolpetik kanpo zirauten. Liskarra piztu zutenek koro bat formatu eta keinu militarrak antzeztuz, poliziak zirikatzen jarraitzen zituzten, ondorengo letra abesten zutelarik: gu Stonewalleko emakumeak gara/ gure ilea kizkurra da/ ez daukagu barneko arroparik/ gure pubiseko biloa erakusten dugu.

Liskarrak luze iraun zuen, baina goizeko 4ak aldera isiltasuna gailendu zen Greenwich Villageko auzoan.

Hurrengo gauetan ere istilu nabarmenak izan ziren, milaka pertsonek hartu zituzten kaleak. Gau horietan borrokan aritutakoen artean erreferente nagusienetakoak Sylvia Rivera eta Marsha P. Johnson izan ziren, mugimendu LGBT estatubatuarreko militante ikonikoak. Konfrontazio haiek baino garrantzitsuagoa izan zen genero disidentzia osatzen zuen komunitate hura “armairutik” kalera atera zen; behin bere lokala itxita, ordura arte ezkutuan eta ilunpean egiten zuen hori bide publikoan eta jendaurrean egiten zuen.

Gerora etorritako egunek antolakuntza politikoa ere ekarri zuten. Euren aldarrikapenen artean zeudenak: LGBT tabernetatik mafia botatzea, dei egitea genero disidenteei euren lokal propioak martxan jartzeko eta jazarpen poliziala irmoki salatzea, bai eta komunikabide nagusienei presioa egin ere, alkatea “egoera jasangaitz” horri bukaera eman ziezaion.

Urtebeteren buruan, Stonewallen gertatutakoa New Yorketik haratago oroitu zen, Chicago, San Francisco eta Los Angelesera iritsi zen. Era berean, bidea urratu zitzaien beste herrialdeei ere, Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna bilakatzeko. Gainera, genero disidenteen gatazkak biltzen zituzten 3 egunkari berri sortu ziren eta LGBTQ antolakundeak 50etik 1500era igaro ziren Estatu Batuetan, asko taktika konfrontazionalean oinarrituak. Izan ere, ordura arte zeuden antolakundeak homofilo, erreformista eta asimilazionistak ziren, euren xedea LGBT kolektiboa jendartean integratzea zen, heterosexualekiko berdinak zirela aitortzea eta begi txarrez ikusten zituzten praktika politiko biolento eta probokatzaileak.

Gaurko honetan, Kimuako Marko Autonomotik, gertaera horren 54. urteurrena eta hura ernamuindu zuen genero disidenteen askatasunerako mugimendua zentrora ekarri nahi izan ditugu. Badugu zer ikasi bat-bateko altxamendu honek eduki zuen potentzial borrokalariaz eta bereziki, geroko antolakuntza politikorako ireki zen abagunea aprobetxatzen jakin zutela. Era berean, Greenwich Villageko kale horietan beldurrak bandoz aldatu izana ere goraipatzekoa dela uste dugu. Ordu gutxi batzuetarako izan bazen ere, marjinatuak, femeninoak, ahulak eta kolpeen zakua ziren horiek indarrez jantzi eta oldartutako horda polizialaren aurka egin zuten. Ez zen bakarrik desjabetuen autodefentsazko espresioa izan, zer edo zer gehiago izan zen. Bertan zeuden guztiak sexu-genero sistema heteronormatiboaren disidenteak ziren, “ile luzeko gizonak eta ile motzeko emakumeak”. Euren buruak aske adierazi nahi zituzten horiei ez zitzaien bakarrik onarpen soziala ukatu, ez zitzaien bakarrik izana ukatu, biolentzia erabiltzeko zilegitasuna ere ukatu zitzaien, euren buruak defenditzekoa. Senti zezaketen bakarra lotsa zen. Ez amorrua, ez haserrea, ez gorrotoa. Horiek guztiek gizonen kontutzat hartzen ziren, benetako gizonen kontuak. Eta orduan gertatu zen, 1969ko ekainak 28 horretan, biolentatuek biolentzia erabili zuten. Indar polizialen biolentzia errepresibo eta harroputz hori beharrean, bestelako biolentzia. Biolentzia lotsabakoa, subertsiboa, umorez jositakoa, moralki desegokia zen biolentzia. Eta horrela, marikek, mari-mutilek eta transek, “gizona” ez ziren guztiek, gizonen artean gizonenak estutu eta erredikulizatu zituzten. Biolentzia egikaritzeko gaitasuna eskuratu zuten gau hartan, beldurrak bandoz aldatu baino, “generoak” bandoz aldatu zuen.

Ulertu behar dugu horrelako matxinada eta mugimenduak inspirazio iturri eta aurrerapausurako iparroratz badira ere, argi eduki behar dugula genero disidenteen kontrako biolentziak bere horretan dirauela eta forma askotarikoa dela gaur egun. Aipatzekoa adibidez, Dominazio Sistemaren hedabideek nola bereganatu eta merkantzia bilakatu dituzten identitate hauek. Normalizaziorako pausua dirudien hori ere, biolentzia da.

Gure ustez, ezinezkoa da gure kideak zanpatzen dituen biolentziarekin bukatzea ez bada egungo Dominazio Sistema ezaugarritzen duen logika patriarkalarekin bukatzen. Modu berean, ezin gara erratu eta pentsatu logika patriarkalak bere funtzionamendu isolatua edo sektoriala lortu duenik. Ezin ditugu analizatu gaur egun “patriarkaltzat” ditugun biolentzia espresioak, kapitalismo eta kolonialismoaren barne logikak utzitako aztarnarik gabe. Dominazio Sistema bat eta osoa da eta modu integralean egin behar zaio aurre, berau bermatzen duten biolentzia espresio guztiekin bukatu nahi bada, bederen.

Eta bukatzeko, Paco Vidarteren “Por una política a caraperro” liburuko kapituluetako bati hasiera ematen dion fragmentua uzten dizuegu:

“Dejar de ser un armario no es difícil, basta con dejar en el aire estas palabras: Papá, soy un armario. Ser un armario es, en el mejor de los casos, una triste ironía, una paradoja divertida, la contradicción de estar siempre a cuatro patas y ser impenetrable”.
Urri Oriols, “Mobiliario/ De un plumazo”, Nº4