Azaroko urriko iraultza
Azaroa 7, 2022
Urriko iraultzaren urtemuga azaroan bete da. Arraroa badirudi ere, hala da, orain dela 105 urte Errusian egutegi julianoa baitzuten, gure egutegi gregorianoarekin alderatuta 13 eguneko aldea zuena. Beraz, iraultzaren egun ofizialean (urriaren 25ean, alegia) azaroak 7 zituen hemen.
Errusiako iraultza emantzipazio prozesua izan zen, autogestio eta autotransformazio praktika interesgarriekin. Bide horretan, klase desjabetu auto-antolatuek hainbat instituzio sortu zituzten: fabriketako komiteak, kooperatibak, nekazal kolektibizazioak, etab. XX. mendea ulertzeko ezinbesteko gertaera gisa aurkezten zaigu lurrikara iraultzaile hura, bertatik sortutako Sobietar Batasunak (1922) munduaren nondik-norakoa ezbairik gabe baldintzatuko baitzuen hamarkada askotan.
Testuinguruari begiratuko diogu: garai haietan Errusiak beste kronologia bat zuen industrializatutako Europarekin alderatuta, modernizazio industrialaren hasierako fase haietan feudalismoaren zantzu asko zeuden-eta oraindik. XIX. mendeko marxismo ortodoxoaren arabera kapitalismoa garatuen eta proletalgoa indartsuen zegoen herrialdeetan gertatuko ziren iraultza sozialistak. Errusiako iraultzak, munduko lehen iraultza sozialista gisa, uste hori hankaz-gora jarri zuen.
Leherketa hura, dena dela, ez zen bat-batekoa izan, 1905eko iraultza aurrekari esanguratsua izan baitzen; 1917an amaituko zen prozesuaren hasiera. Orduan agertu ziren lehen bandera gorriak, sozialismoaren ikur, eta orduan sortu ziren lehen sobietak, hurrengo urteetan langile eta nekazarien oinarrizko erakunde bihurtuko zirenak. Instituzio herrikoi horiek ez ziren ezerezetik sortu, mendeetan zehar Errusiako komuna nekazarietan oinarritutako erakundeak garatu baitzituzten (Mir, Obshina, Veche…), komunismo primitiboaren elementuak zituzten marko horiek oraindik ere bizirik zirautelarik zenbait tokitan. Horietan oinarritu zen Marx, bere azken urteetan, Errusiak sozialismora iristeko kapitalismotik pasatzea aurreztu zezakeela baieztatzeko.
Sobietak aho biko aiztoa ziren: ekoizpen guneetan hobekuntzak lortzeko tresna izateaz gain, emantzipazio estrategia zabalago baten erreminta ziren, aldaketa kulturalak lortzeko gaitasun propioak garatzea ahalbidetzen zutenak. Erreforma eta iraultzaren uztartze partikularra, hain zuzen. Horrela, langile, nekazari eta soldaduen sobietak sortu ziren. Denboraren poderioz, gutxiengo etnikoen eta emakumeen sobietek ere beraien tokia izango zuten. Finean, sobietak batzarrak ziren, eztabaidatzeko, koordinatzeko, adostasunak lortzeko eta borroka ezberdinak aurrera eramateko asanbladak. Ordura arte ezagutu gabeko antolakuntza gaitasuna lortu zen haien bidez, milioika langiletako grebak antolatuz, baliabideak beharren arabera banatuz, ekoizpena kudeatuz, matxinadak planifikatuz, etab.
1914an Errusia Gerra Handian sartu zen, eta harrezkero krisian murgilduta zegoen erregimenaren zilegitasuna are gehiago okertu zen. 1917ko otsailaren 23an emakumeak altxatu eta kaleak hartu zituzten, euren seme-alabentzako ogia exijituz eta frontean zeuden gizonen etxeratzea aldarrikatuz. Gure egutegian martxoak 8a bezala ezagutzen dugun Emakume Langileen Nazioarteko egun hura izan zen iraultza piztu zuen katalizatzailea. Herria berriz ere altxatu zen, eta soldaduek ere, gerra amaitzeko desiratzen zeudela, iraultzarekin bat egin zuten.
Egun batzuen buruan, Nikolas II.enak, 300 urteko dinastiaren oinordekoak, abdikatu egin behar izan zuen. Monarkia behin-behineko gobernu liberal batek ordezkatu zuen, erregimen konstituzional progresista ezartzea xede zuena. Aldi berean, sobietak herrialde osoan zabaldu zirenez, “botere bikoitza” bezala ezagutzera eman den egoera azaleratu zen Errusian. Sobietak egitura deszentralizatuak izaki eta gaitasunak irabaziz joan ziren heinean, beraien artean koordinatzeari eta federatzeari ekin zioten; behetik gora, ordezkarien bidez, fabrika eta tailerretatik, auzo eta nekazal herrixketatik komite zentralak eta Errusia mailako kongresuak osatzeraino. Gainera, sobiet ezberdinek lan-lerro anitzak sortu zituzten: miliziak, egunkariak, komite iraultzaileak… Marko heterogeneoak zirenez, langile eta nekazarien auto-antolakuntzaren fruitu gisa, egoera berrian alderdi politiko ezberdinek beraien posizioa hartzeari ekin zioten, askok sobieten abangoardiari jarraitu nahian; langileen organo autonomo izanik ere, bertan joera politiko ezberdinek tokia baitzuten. Anarkistek, ezkerreko sozialista iraultzaileek eta boltxebikeek, adibidez, botere guztia sobietek izan behar zutela aldarrikatu zuten, bakoitzak bere eredu iraultzailearen ulerkera propioarekin, beti ere.
Sobieten erradikaltasuna handituz zihoan bitartean, behin-behineko gobernuaren zilegitasuna gutxituz joan zen, ez baitzuen bere egitasmoa babestuko zuen indarrik: burgesiak pisu oso txikia zuen garaiko Errusiako konposizio sozialean.
Urriaren 25ean (gure azaroaren 7a), hilabeteetako gertakari kontraesankor ugariren ostean, Estatuak zilegitasuna galdu eta Petrogradeko Sobieta posizio garrantzitsuen jabe egin zen (Neguko Jauregia, telefono zentrala, ferrokarril geltokia, telegrafo agentzia…). Mugimendu-gerra hori herrialde osora zabaldu zen hurrengo egunetan, eta boltxebikeek berebiziko papera izan zuten prozesu horretan. Urriko iraultzaren bereizgarria da, ondorio horren potoloak izanda, kasik biolentziarik gabeko gertaera bezala ezaguna izatea.
Sozialismoaren izenean egin zen iraultza hartatik sortu zen erregimena, ordea, berregituraketa prozesuak aurrera egin ahala sozialismoaren oinarrizko planteamenduetatik urrun kokatu zen, erretorikatik eta zenbait esperimentu zein berrikuntza sozialetatik haraindi gutxienez.
Alderdi iraultzaile ezberdinetatik boltxebikeak gelditu ziren agintean, eta sobietak beraien transmisio-uhal bilakatu zituzten. Sobietak, beraz, alderdiaren zerbitzura jarri ziren; alderdia, bestalde, komite zentralaren zerbitzura zegoen.
Iraultzaren ondoren etorri zen gerra zibilak eta testuinguru larri hartako salbuespen-egoerak ez zuten, ziurrenik, askorik lagundu sistema soziopolitikoaren zurruntze prozesuan. Rosa Luxenburgek kezka adierazi zuen, boltxebikeen jarrera autoritario hura, egoeraren larritasunaren eta behin-behinekotasunaren aitzakiaz harago, ez ote zen erregimen berriaren oinarrizko arau bihurtuko.
Baldintza objektiboek (inbasio inperialista, indar korrelazioa, egoera ekonomiko kaskarra…) lagundu ez zutela argi dagoen arren, egia ere bada baldintza subjektiboen elementu ezberdinetatik ere (antolaketa eredua, taktika-estrategia kontuak, militanteen pertsonalitate-forma…) asko ikas genezakeela.
Horretan datza, alde batetik, sozialismo klasikoaren irakurketa kritikoa, zeinak erlazio antagonikoak eskala sozialean identifikatzen dituen eta eskala indibidualeko Dominazio Sistemaren baitako antagonismoei (tartean mentalitate dominatzailea) toki gutxi egiten dien. Bestetik, leninismoaren irakurketa partikularrak ere badu bere interesa, bere abangoardiaren kontzepzio zientifizista (“gurea da egia iraultzailea, gu gara benetako klase kontzientziaren jabe, gure bidea eta ez beste inorena da askapenarena”) koherentea baita hortik eratortzen den jarrera ez horren emantzipatzailearekin, askatasuna kolektiboa den zerbait bezala ulertzen badugu, bederen.
Programa iraultzailea eta espontaneitatea, zentralismoa eta autonomia, abangoardia eta pluraltasun sozialista, klase batasuna eta heterogeneotasunaren kudeaketa… ez dira gutxi kataklismo hartatik atera ditzakegun ondorioak, dudak eta eztabaidak. Dena dela, dialektikaren “negazioaren negazioa” printzipioaren kasu aurkezten zaigu Errusiako iraultza: iraultzaren abangoardiak, dominazioaren ukazioa zena, iraultzaren ukazio izaten amaitu zuen, Dominazio Sistemaren adierazpen berri baten sorkuntzan berebiziko papera jokatu zuen momentutik. Baina hori, beste istorio bat da.