Azaroak 25. Gaizki izendatutako eguna
Azaroa 25, 2022
Cayeron las tres hermanas
Para levantarse luego
En un caballo de hierro
Viajó esa noche la muerte
El jinete era el Tirano
¡Música, tambor, bandera!
¡No muere la libertad!
Levantadas para siempre
Cayeron mártires
Patria, Minerva, María Teresa
Azaroak 25. Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna.
1960. urtera, Dominikar Errepublikara salto egin behar dugu azaroak 25eko efemeridearen jatorriaz jakiteko. Trujillo diktadorearen gobernuak Mirabal ahizpak torturatu eta erail zituen eguna. Minerva, Patria eta Maria Teresa ahizpak.
Trujillorekiko konfrontazioa 1949an hasi zen, gobernadoreak, berak antolatutako dantzaldi batera Mirabal familia gonbidatu zuenean. Bertan, erdiko ahizpa gorteatzen saiatu zen, arrakastarik gabe, Minervak ekitalditik alde egin baitzuen, Trujillo lotsaraziz. Eta ez hori bakarrik; ezezkoa eman ez ezik, oposizioaren aldean zegoela argi utzi zion: Pericles Francoren, Alderdi Sozialista Popularraren fundatzailearen eta lagun minaren jazarpen judizialarekin bukatzea aldarrikatu eta exijitu zion.
Orduz geroztik, bere familiaren kontrako jazarpena El Chivoren1 aldetik agerikoa izan zen. Esaterako, Santiagon egindako adierazpen batean publikoki esan zuen Mirabal ahizpak bere arazo handienetako bat zirela. Gainera, Minervari Zuzenbide Unibertsitateko sarbidea oztopatu zion eta euren aita atxilotzeko agindua eman zuen, mendeku gisara.
Ahizpak, erantzun moduan, atzerapausorik eman ordez, are erabakimen irmoagoarekin erregimenaren kontrako oposizioan antolatu ziren. Minervak, klandestinitatean Mariposa goitizena hartu zuenak, Movimiento Revolucionario 14 de Junio2 antolakunde iraultzailearen sorreran paper oso garrantzitsua bete zuen.
Euren ekinbide politikoa zela eta, Minerva eta Maria Teresa maiz izan ziren atxilotuak, bortxatuak eta torturatuak Trujilloren agindupean. 1960. urtean dominikar estatuaren segurtasunaren kontra eraso egitea egotzita, bi ahizpei hiru urteko espetxe zigorra ezarri zieten. Bi erabaki susmagarri hartu zituen gobernu diktatorialak jarraian: batetik, ez ziren lau hilabete pasatuko gobernadoreak aske utzi zituen arte. Bestetik, euren senarrak, preso zeudela, kartzelaz lekualdatu zituen, ahizpek bisitan zihoazenean hain bidaia luzea egin behar ez izateko.
Erabaki horien atzean plan argia zegoen: Mirabal ahizpekin bukatzea. Plan hori aurrera eraman zuena SIM3 izan zen, Polizia Nazionalaren kolaborazio estuarekin.
1960ko azaroaren 25ean, euren senarrak kartzelan bisitatzetik bueltan ziren Maria Teresa, Patria eta Minerva, euren kidea Rufino de la Cruz Disla gidari zutela. Euren jeepa gelditu zuten eta armatutako lau gizonek beste auto batean igotzeko agindua eman zieten, pistolarekin mehatxu eginez. Etxe batera eraman zituzten; bertan, SIMeko tenientearen aginduei men eginez, sikarioek bahituak torturatu eta kolpatu zituzten, erail arte. "Señor, misión cumplida” baten ostean hilotzak berriz ere kotxean sartu zituzten, auto istripua bailitzan.
Gaurkoan, euren bizitza eta borroka omendu nahi izan ditugu Kimuako Marko Autonomoko kideok; eta era berean, hausnarketa bi plazaratu:
Mirabal ahizpak ez zituzten emakume izateagatik erail. Ez soilik, behintzat. Horrela, gaurko eguna kutsu iraultzailez guztiz hustu dute “emakumearen kontrako biolentziaren aurkako eguna” dela adieraztean. Emakume hauek kontzientzia politikoa zuten, militanteak ziren. Dominazioaren aurka antolatu eta borrokatu ziren, errepresio krudelaren aurrean eutsiz azken hatserarte. Emakume iraultzaile hauen erailketarekin diktaduraren kontrako matxinada ahuldu nahi izan zuen Trujillok.
Bestetik, Mirabal ahizpak ez zituzten euren jardunbide politikoagatik erail. Ez soilik, behintzat. Argi ikusten dugu gobernadorearen proposamen lizunei ezezko borobila eman ostean hasi zela familiaren aurkako mendekua. Minervak limurtze patriarkalaren aurrean belaunikatzeari uko egin ziolako, hain zuzen ere. Nori eta Dominikar Errepublikako gizonik odolzale eta boteretsuenari. Nola eta bere gizon boterea eta maskulinitatea, bere ohorea, kolokan jarriz.
Hori gutxi balitz, gerora, antolakuntza politikoan esku hartze kontzientea izan zuten. “Emakumeari” esleitutako zaintza lanak eta espazio pribatu eta ezkutua ukatu zituzten. Horren ordez, izaera publikoa hartu zuten, militante erreferente bilakatu eta jarrera desafiatzaile eta oldarkorrak hartu zituzten, feminitatearen kulturari ez zegozkien jarrerak. Horrela, botere patriarkala ezbaian jarri zuten eta ziur egon gaitezke El Chivoren haserrearen eta emakumeen erailketaren atzean arrazoi hau ere bazegoela.
Efemeride honekin ikus dezakegu biolentzia espresio desberdinak dialektikoki uztartuz bakarrik uler dezakegula Dominazio Sistemaren errealitatea bere osotasunean. Hil bazituzten, Dominazio Sistemaren aurka altxatu zirelako izan zen, emakume eta sozialista bezala. Bata ezin dugu ulertu bestea gabe.
Bukatzeko, memoria historikoa oroitzeaz harago doan ariketa da. Memoria historikoa ortzimuga iraultzailearen bidean antolatu eta borrokan jarraitzea dela uste dugu. Jausitako kideei eskaini diezaiekegun omenaldirik onena litzateke.
“Hiltzen banaute, besoak hilobitik aterako ditut eta indartsuagoa izango naiz”- ahoskatu zenuen, Minerva Mirabal, bizirik zinela, zure etorkizuna ezjakina zela jakinik. Eta horrela izan zen. Zure erailketaren ondoren, dominikar herria indarrez bete zen eta 1961eko maiatzak 30ean, Rafael Leonidas Trujillo metrailatu zuen.
- Trujilloren ezizenetako bat, emakumeak sexualki jazartzeagatik jaso zuen. ↩
- Gerora 14J bezala ezagutuko zen mugimendu marxista-leninistak garaiko joera antitrujillista antolatzea zuen helburu. Hirugarren indar politikoa bihurtzea lortu zuen Dominikar Errepublikan eta antolakunde antiinperialista nagusia zen. ↩
- Servicio de Inteligencia Militar. ↩