Altxamendu zapatista
Urtarrila 2, 2023
[…] este plan del pueblo mexicano que lucha por trabajo, tierra, techo, alimentación, salud, educación, independencia, libertad, democracia, justicia y paz. Declaramos que no dejaremos de pelear hasta lograr el cumplimiento de estas demandas básicas de nuestro pueblo formando un gobierno de nuestro país libre y democrático.
1994ko urtarrilaren 1ean ikusi zuen argia Selva Lacandonaren deklarazio honek, Askapen Nazionalerako Ejertzito Zapatistak Chiapaseko zazpi herri kontseiluak okupatu zituenean. Izan ere, horrela eman zion hasiera 12 egunez iraun zuen altxamenduari.
Egun berean, Ipar Ameriketako Merkataritza Askerako Ituna onartu zuten Estatu Batuek, Kanadak eta Mexikoko estatuak. Lurralde honetan bizi ziren herri askorentzako ez zen berri ona izan: haien bizimodua sostengatzen zuten lurren espoliazioa are inpunitate handiagoz egingo zen itun honi esker.
Mugimendu Zapatista herri indigena ezberdinek osatzen dute: Tzeltal, Tzotzil, Chol, Tojolabal… Lurrari hertsiki lotutako bizimodua duten komunitateak dira, era autonomoan antolatzen direnak; komunitatea erdigunean jarrita, estatutik zein merkatutik kanpoko antolakuntza soziala dutenak.
1994eko altxamenduan komunitate hauek justizia aldarrikatzeko helburuarekin egin zuten salto kalera. Herri indigenen aurkako erasoak gelditu eta kide guztien oinarrizko eskubideak errespetatzea aldarrikatu zuten: osasungintza, hezkuntza eta elikadura bermatuak egotea, beste hainbaten artean. Turistentzako eta zuriei zuzendutako espazioetan sartzeko eskubidea aldarrikatu zuten, bai eta bizitzako hainbat alorretan pairatzen zuten diskriminazioarekin amaitzea.
Herri zapalduez ari gara. Bakerik gabeko lurraldeetaz ari gara.
Mexiko 1521. urtean kolonizatu zuten espainarrek eta ordutik aurrerako gobernu ezberdinek kolonizazio prozesuan sakontzen jarraitu dute, kultura eta merkatu europarra inposatzen jardun dutenak.
Duela 500 urte hasi zen kolonizazio prozesuak bere horretan dirau: gero eta gehiago dira hango lurrak bereganatzen dituzten jabego eta enpresa europarrak, bertako bizimodua suntsituz eta bertako pertsonen bizitza eta lana euren proiektu ekonomiko eta politikoetara azpiratuz. Sarraski honen atzean, abizen euskaldunak ere topa ditzakegu. Hemen eta han, mundu osoan zehar, berdinak dira gure herriak eta bizimoduak suntsitzen ari diren horiek.
1994an zapatistek Chiapaseko gobernuarekin zuten tentsio eta eskaera nagusia hurrengoa zen: turistentzako guneak eraikitzeko helburuarekin komunitateei lapurtutako lurrak berreskuratzea. Gaur egun ere, zentzua mantentzen duen aldarrikapena, ez duzue uste?
Izan gaitezen gu ere, hemen eta han. Izan gaitezen, mundu osoan zehar. Erresistentzian. Borrokan. Mundu berri bat eraikitzen. Mundu asko kabitzen diren mundu hori eraikitzen…
Callando nos moríamos, sin palabra no existíamos. Luchamos para hablar contra el olvido, contra la muerte, por la memoria y por la vida. Luchamos por el miedo a morir la muerte del olvido… es necesario hacer un mundo nuevo. Un mundo donde quepan muchos mundos, donde quepan todos los mundos…