Dubai COP28. Aldaketa klimatikoa eta kapitala
Urtarrila 3, 2024
Dubai COP28. Aldaketa klimatikoa eta kapitala
Kapitalak oinarrizko bi kontraesan ditu. Lehenengoa, gaurkoan jorratuko ez duguna, bere barnera sortzen da eta lana eta kapitalaren arteko kontraesanari egiten dio erreferentzia. Bigarrena, aldiz, metabolismo sozial kapitalista eta berau inguratu eta zeharkatzen duten baldintza biofisikoekiko eratzen da. Hots, bere kanpoaldera: energia eta materiaren zikloekiko eta bizitza prozesu orokorraren kontra eratzen den kontraesana. Abenduan Dubain klimaren goi bilkura ospatu dela aprobetxatuz (COP28), bigarren kontraesan honen harira azaleratzen diren zenbait auzi eztabaidara ekarri nahiko genituzke.
Kapitala, ezinbestean, modu anpliatuan erreproduzitu behar da beti: inbertitzen den kapitalak, bueltan, hasieran zuena baino balio handiagoa izan behar du. Kapitalak beharrezkoa du hazkuntza, bestela “kapital” izateari utziko lioke, diru soil izatera pasatuko litzateke, zirkulazioan dagoen truke balio hutsa. Horregatik, hazkundearen auzia ez dago gobernu kapitalisten erabakimen gaitasunen barruan; hazkundearen ukapenaren ondotik, ezinbestean, kapitalaren ukapena datorrelako. Eta horrek erabat hegemonikoa den eredu zibilizatorioaren, hau da, jendartea antolatzeko ereduaren ukapena ekarriko luke. Salbuespenak salbuespen, ez dugu uste munduan gobernurik dagoenik (bloke geopolitiko ezberdinetatik harago) aukera horri heltzeko gai denik, ezta interesik duenik ere. Gauzak horrela, kapitalak duen etengabeko hazkunderako berezko joera horrek, gaindiezina zaionak, ikuspuntu materialetik ondorio zuzenak ditu: merkantzien zirkulazio gero eta handiagoa ziurtatu behar du etengabe, eta horrek merkantzia horiek osatzen dituzten materia eta energiaren gero eta fluxu handiagoa eragitea dakar. Hartara, hazkunde mugagabe batek, muga material argiak dituen planeta batean, ez du ematen oso bideragarria denik. Horra hor kapitalaren kanpo kontraesanaren zentzua.
Ukaezina da kapitalismoak, batez ere garapen industrialaren ostetik, dimentsio gero eta handiagoa hartu duela eta kanpo kontraesan hori gero eta saihestezinagoa bilakatzen hasi zaiola. Gaur gaurkoz, dagoeneko maila planetarioan adierazten da eta funtsean bi forma hartzen ditu: alde batetik, baliabide naturalek duten berritze tasa baino handiagoa den erauste tasan ustiatzen dira, berauen agorpena bultzatuz; eta bestetik, materia eta energiaren zikloak goitik behera eraldatzen dabiltza, bizitzaren erreprodukziorako baldintzak antzaldatuz (aldaketa klimatikoa, habitaten suntsipena eta biodibertsitatearen galera, kutsadura…). Horren guztiaren aurrean, ondoriozta dezakegu kapitalak bere suntsipenerako baldintzak sortzen dituela, nola edo hala, bere hilobia zulatzen duela. Auto-suntsipenaren logika hori askotan aplikatu izan zaio kapitalari, bere barne logikari dagokionean ere (lana eta kapitalaren artekoari), eta zentzu batean, zuzena da. Hala ere, hori bezain zuzena da kapitalaren jabe direnek ahal duten guztia egingo dutela beraien suntsipena saihesteko. Horrela ez balitz aspaldi desagertua legoke kapitala. Beraz, kapitala, edo hobe esanda, berau kudeatzen dutenak, indar itsua dira? Beraien existentziaren ondorio suntsikorrak aurreikusteko gai izan ez, eta destinu beltz hori saihestu (atzeratu bederen) dezaketen erabakiak hartzeko gaitasunik ez dute?
Galdera horren analisirako adibide historikoa ozono geruzaren suntsipenarekin daukagu. 70eko hamarkadan zientzialariak konturatu ziren hozkailuetan eta aerosoletan erabiltzen ziren konposatu jakin batzuek ozono estratosferikoa suntsitzen ari zirela. Ozono horrek eguzki izpien erradiazioaren zati handi bat xurgatzen zuen, eta beraz, bere desagerpenarekin lur gaineko bizitza kolokan geratuko litzateke. Goi bilkura internazional ugari egon ziren eta azkenik, konposatu horiek debekatu ondoren, teknologia alternatiboak garatu ziren. Gaur egun, kapitalismoak hozkailuak ekoizten jarraitzen du eta ozono geruza ia guztiz errekuperatu da. Aldaketa klimatikoa eta erregai fosilen menpekotasunaren kasuan, hori bezalako arrakasta kapitalista errepikatu daiteke?
Kasu horretan konplexuagoa da arazoa, ekoizpen sistema kapitalista osoaren oinarrian dagoen baliabideaz ari baikara, eta ez soilik haren ekoizpen adar konkretu bati eragiten dionaz. Gaur egungo gizarteak, erregai fosilik gabe, kolapsatu egingo luke; baina horiek erabiltzean, halaber, aldaketa klimatikoa areagotzen dugu, berdin-berdin kolapsora bultzatzen gaituena. Hori jakinik, lehen aldiz klima-gailurren historian, “erregai fosiletatik kanporako trantsizioa” egitea adostu da, eta “2050erako net zero lortzea (negutegi efektuko gasen isurketa positiborik ez egotea)”. Hausnartarazi egin behar liguke berri horrek. Akordio horren arabera, 2050erako, hau da, 27 urte barru, gizakiak ez luke aldaketa klimatikoa elikatuko, erregai fosilekiko dependentzia izugarri gutxituko litzateke, eta ondorioz, horien agorpena ez litzateke jada arazo iturri. Hori guztia, noski, ekoizpen sistema kapitalistaren barruan eta haren mugekin (ez dezagun pentsa sozialismo edo tankerakorik izan zenik goi bilkura horretan). Posible ote benetan halakorik? Eta ez bada, akordioa sinatu duten herrialdeak gezurretan ariko dira? Operazio espekulatiboa ote, berriztagarrien inbertsioak bultzatzeko, inbertsio horiek energetikoki errentagarriak ez direla jakinik? Edo enperadorea biluzik dago eta inor ez da ausartzen ageri-agerian dagoena seinalatzera? Harrokeria, ezjakintasuna, bidea amaitu eta amildegirantz goazela onartzeko ezgaitasuna... Baina benetan posible balitz trantsizio energetiko hori bide kapitalistatik? Horrek ez luke inondik inora suposatuko kapitalaren kanpo kontraesana gainditua denik (are gutxiago barnekoa). Hala ere, oinarri material eta energetikoen birkonfigurazioaren arrakasta ziurtatuko luke, metatze ziklo berri baten irekierari ateak zabalduz (hurrengo mugekin tupust egin arte).
Gaurko editorialean ezinezko zaigu galdera eta erantzun posible horietan sakontzea. Hala ere, ikuspuntu iraultzailetik hasi beharko ginateke ikertzen hipotesi hori, bide kapitalistatik trantsizio energetiko arrakastatsu posiblearena. Arrakasta, noski, zentzu kapitalistan; inork ez dezala pentsa bide beretik etorriko denik klase desberdintasunen gaindipena. Edota eten egingo denik lurralde, herri eta baliabideen suntsipenaren hedapen planetario eta koloniala. Metabolismo sozial kapitalistak handitzen jarraituko luke, seguruenik gero eta zailtasun gehiagorekin, baina gaur egun gaindiezina dirudien eta bere existentzia bera kolokan jartzen duen oztopoa gaindituta. Imaginatzen zaila egiten zaigun arren, aukera horrek arrakasta izango balu, ideologikoki umezurtz geratuko ginateke. Izan ere, ezker iraultzailean zein ekologismo erradikalean ez du ematen inor (gure inguruan, bederen) aukera hori kontuan hartzen ari denik. Gainera, epe labur edo ertainean ebatziz joango den auzia da, bost edo hamar urte barru begi bistan izango baitugu norantz okertuz dihoan leviatan handia. Dena delakoarekin, argi dago kapital gero eta gehiago ari dela aukera horren aldeko apustuan, eta burgesiarekin bi gauza beti daude argi: 1) guk baino informazio gehiago eta hobea dute, eta 2) ez dute beren kapitala inbertitzen berau galduko dutela jakinik.