loader image

Kimua gara, txikiak garelako

Txikiak garenez, haz gaitezke, heldu gaitezke.

Kimua gara,

bakarrik kimu izanik heldu gaitezkeelako fruitu izatera.


Errealitate sozialaren baitan ematen diren biolentziazko harremanak identifikatu, berauek osotasun bezala ulertu eta osotasun hori errotik gainditzeko helburua daukan prozesu politiko konplexua da iraultza. Horri lotua, paradigma iraultzaile bat, prozesu hori modu zehatz batean egikaritzeko egiten dugun proposamen integrala litzateke.

Nork ez du nahi inolako esplotaziorik eta klase sozialik gabeko jendarte askea? Politikaren erronka, are gehiago politika iraultzailea gauzatzeko apustuan gaudenona, hori posible egin dezaketen bide zehatzak arakatzean datza. Eta elkarrekiko zintzoak bagara, inork ez daki gaur egun hori zelan gauzatu. Inork ez dauka dominazioaren  aurrean  iraultza soziala gauzatzeko errezeta. Baina  hasi gaitezke  osagaiak  mahai  gainean jartzen.

Paradigma berria oraindik ez dago erabat osatua; eta ezin zitekeen egon. Idatziz eta eztabaidatuz zenbait aurrerapen egin ditzakegu, baina borroka prozesuari lotutako garapena izan behar du; herriarekin bat eginez, zapalduon artean bakarrik topatuko ditugu inguratzen gaituen dominazioaren kontraesan errealak, eta baita gure planteamenduarenak ere. Errealitatearekin etengabeko hartu-eman horretan bakarrik eraiki daiteke benetan iraultzailea izango den paradigma berria.

Hala ere, gure proposamena sostengatzen duten oinarrizko hipotesiak baditugu. Hipotesi bezala aurkezten ditugu arrazoi horrexegatik; oraindik erabat osatu gabe daudelako. Bide luze baten hasieran ematen ditugun pauso txiki bezala ikusten ditugu, jarduera iraultzailea norabide jakin batean piztu dezaketen txingarrak. Horregatik, hipotesi horietan erantzun garbi eta itxiak aurkitu baino, galdera egokiak topatzen saiatu behar gara.